Lehentasunak eztabaidan

Lehentasunak eztabaidan

Ibai Maruri Bilbao

1. Zelan baloratzen duzu diputazioak egindako pandemiaren kudeaketa?

2. Adinekoei eta mendekoei arreta emateko beste eredu bat iragarri da. Nahikoa da pandemian salatu diren gabeziak konpontzeko?

3. Diputazioak hainbat proiektu handi iragarri ditu; esaterako, itsasadarreko tunela eta Guggenheim Busturialdera hedatzea. Inbertsio handien garaia da?

4. Desindustrializazio prozesua azkartu egin dela salatu da Bizkaiko hainbat eskualdetan. Zer egin du diputazioak hori eragozteko, eta zer egin dezake?

Etzi, urte bi beteko dira Unai Rementeriak Bizkaiko ahaldun nagusi karguaren zina egin zuenetik bigarrenez. Bizkaiko Batzar Nagusietako XI. legealdiak, bada, bide erdia bete du. Inbestidura hitzaldian adierazi zuen “hirugarren iraultza” egin nahi duela, hurrengo belaunaldiak “hobeto” bizi daitezen. Horretarako, hamar ardatz ezarri zituen: jarduera ekonomia eta “enplegu egonkorra eta kalitatezkoa”, eraldaketa energetikoa, metroa Galdakaora iristea, Bizkaia dorreko nazioarteko ekintzailetza zentroa, tokiko merkataritzaren plataforma digitala… Hilabete gehienak pandemian igaro dira, eta horrek baldintzatu egin du jarduna. Bizkaiko Hitza-k Batzar Nagusietako taldeetako bozeramaileekin hitz egin du, baina, “agenda arazoengatik”, ez du PPko Amaya Fernandezen balorazioa lortu.

JESUS LEKERIKABEASKOA (Euzko Abertzaleak, EAJ)

“Iraunkorrak eta transformagarriak diren proiektuen garaia da”

Jesus Lekerikabeaskoa

1. “Honelakoak kudeatzeko gidalibururik inork ez du izan. Datuen konparazioak ematen digu zer-nolako erantzuna izan den gure herrian, bai osasunaren, bai gizarte zaintzaren ikuspuntutik. Foru Aldundia alde bitan aritu izan da bere kudeaketan: egoitzetan kontrol lanak egin eta laguntza emanez, eta ekonomia krisiari aurre egiteko neurriak martxan jarriz”.

2. “Hasteko, eskerrak eman nahi dizkiet langileei, pandemia garai honetan egindako lanagatik. Eskainitako arretari dagokionez, egoitzetako erabiltzaileen senideen iritzia da garrantzitsua. Inkesta egin zaie, eta egoitzek eta aldundiaren lanak 7ko nota jaso dute 0tik 10era bitartean. Eredu berriari dagokionez, lortu nahi da etxean bizi nahi dutenei arreta sakonagoa ematea, egoitza txikiagoak egotea, egoitzen kontrolerako erreferentziazko zentroak egotea… Aldundiak parte hartu duen Europako lantaldeko printzipioak betetzen ditu planak. Aurrerapauso garrantzitsua da”.

3. “Aldundiak hainbat proiektu ditu esku artean: proiektu handiak, inbertsio gehiago eskatzen dutenak, eta urtero aurrekontuetan jasotzen direnak; gizarte zerbitzuak eta errepide sarearen mantentze eta hobetze lanak dira horren adibide. Horrez gain, badaude inbertsio konkretuak ere: banda zabala Bizkai osora hedatzea, tokiko merkataritzaren eta enpresa txiki eta ertainen digitalizazioa, udalei laguntza ematea kiroldegiak hobetzeko, bidegorri berriak eta bide berdeak sortzea, baso pribatuak erosi eta tokiko espezieak landatzea, eskualdeetan herritarrei arreta zuzena emateko bulego integralak… Beraz, hainbat inbertsio egingo dira legealdi honetan. Badaude beste administrazioekin elkarlana behar duten inbertsioak ere: metroaren 4. eta 5. lineak. Beste proiektu bat da itsasadar azpiko tunela. Ondo joanez gero, 2024-2025 urteetan hasiko litzateke. Guggenheim Busturialdean handitzea oso proiektu interesgarria da: Gernika eta Murueta batuz ingumenarekin bat egingo zukeen museo bat martxan jarriko litzateke, inguruko baliabideak uztartuz. Europako funtsetara eskatu da laguntza, baina ez edozelan eta edozer. Europak ezartzen dituen printzipioen arabera egin behar da: iraunkorrak, naturarekin bat egiten dutenak eta erabat transformagarriak diren proiektuak egiteko garaia da orain”.

4. “Ezkerraldean, Mehatzaldean eta Enkarterrin proiektuak eta inbertsioak egiteko planaz gain, hainbat ekimen egin dira: besteak beste, 75 milioi euroko inbertsioak egiten ari dira. Baina ez bakarrik hori: beste eskualde guztietan, Bizkaian Orekan Sakonduz programaren arabera, aldundia esfortzuak egiten ari da lehiakortasuna hobetzeko. Eskualdeetako eragileekin lanean ari dira, inbertsioak zehazteko”.

BEA ILARDIA (EH Bildu)

“Aldundiarentzat ez daude pandemian azaleratutako premiak”

Bea Ilardia

1. “Foru gobernua desagertuta egon zen pandemiaren lehen hilabetetan. EH Bilduk planteatu zuen guztiz ezezaguna zen egoera honi aurre egiteko ezinbestekoa zela guztion arteko lana bultzatzea, baina baztertu egin zuten eragile politiko, ekonomiko, sindikal eta sozialek osaturiko mahaia osatzea. Adinekoen egoitzen inguruan gertatutakoak agerian utzi zuen aldundiaren gobernantza eredua: opakutasuna nabarmena izan zen. Bizkaia izan zen herrialde bakarra COVID-19a egoitzetan izaten ari zen eragina azaltzen ez zuena. Pandemiaren larriena amaitzean, aldundiarentzat ez da ezer aldatu: aurretik finkatutako lehentasunei eutsi die, eta pandemiak azaleraturiko lehentasun berriak ez daude”.

2. “Pandemiak erakutsi digu egungo egoitza ereduak porrot egin duela. Aldundiak ez ditu sakontasunez aztertu COVID-19aren ondorioz egoitzetan gertaturikoaren arrazoiak. Egia da ‘eredu berri bat’ iragarri duela. Baina, hitzak alde batera utzita, gutxi dakigu. Modulu txikiak egin behar direla iragarri dute, eta, bai, horrela egin behar da, baina horretarako langile gehiago behar dira egoitzetan, eta horretaz ez du ezer aipatzen. Plazaratu duten beste ideia bat da ‘etxean zaindua izatea ahalik eta denbora gehien’. Baina zer baldintzatan? Orain bezala, familiako emakume bat zaindari 180-500 euroko prestazio baten truke, formakuntzarik gabe, laguntzarik gabe? Etxean zainduak izateko, langile profesionalak behar dira; Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzu sendoa behar da, Osakidetzarekin koordinazioa indartuta”.

3. “Nik uste dut inbertsioak egin behar direla, baina gakoa da zertan inbertitu; hau da, zeintzuk diren pandemiak nabarmendu dituen premiak eta horiei aurre egiteko egin beharreko inbertsioak. Esate baterako, itsasadarreko tunela pandemia aurretik zehaztuta zuen proiektua da. Pandemia ondoren aurrera jarraitzen du dirutza behar duen proiektuarekin. Beste lehentasun batzuk markatu behar ditugu. Orain dela gutxi ahaldun nagusiak 120 milioi euroko inbertsio bat iragarri zuen, aurrekontuetatik kanpo. Proposamen horretan zero euro zeuden gizarte zerbitzuak indartzeko”.

4. “Bizkaiko Foru Aldundiak oso gutxi egin du desindustrializazioari aurre egiteko. Ikusi genuen Ezkerraldean zegoen La Naval ontziolarekin zer gertatu zen, edo Meatzaldean nola industria desagertuz joan den, deslokalizazioak izan dira… Aldundia, hasteko, berandu ibiltzen da: ez dago Bizkaia industrializatzeko plan integral bat; arazo zehatzak agertzen direnean, neurri batzuk hartzen dira, besterik ez. Diru laguntzak daude, baina horien eraginkortasuna ez da ikusten. Gure ustez, desindustrializazio egoerari aurre egiteko, aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, krisian dauden enpresei laguntzeko diru funts bat sortu eta horren bidez enpresak berreskuratzeko planak bultzatu behar ditu. Hala ere, hori ez da nahikoa. Industria beharrezkoa da, baina dibertsifikatu egin behar da. Klima larrialdiari aurre egin behar diogu, eta horrek ere aldaketak eskatuko ditu ehun ekonomikoan. Eskualdez eskualde, egoera sozioekonomikoa aztertu behar da, eragileekin eztabaidatu eta egoerari aurre egiteko plangintza integralak diseinatu”.

JUAN OTERMIN (Euskal Sozialistak, PSE-EE)

“Deslokalizazioak eragotzi eta jarduera nazioarteratu behar da”

Juan Otermin

1. “Pandemiak hankaz gora ipini dizkigu aurrekontuetan egindako aurreikuspenak. 2020ko apiriletik abendura Bizkaia Aurrera izeneko plan berezia ipini zuen martxan diputazioak, hamabi neurri ekonomiko zehatzekin, herritarrei, enpresei eta sektore ekonomikoei aurrera egiten laguntzeko. 95,5 milioi euroko laguntza zuzenak eta zerga pizgarriak jaso zituen, eta 672 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan zuen. Harekin batera, legealdirako bide orria ondu zuen diputazioak, Bizkaia Egiten 2019-2023 estrategiaren barruan: Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egiten duten 120 jarduera jasotzen ditu”.

2. “Diputazioa aspalditik dabil arreta eredu berri bat sortzeko lanean. Gakoa da laguntzak behar dituen pertsona bere laguntza planeko protagonista bihurtzea. Arreta zuzeneko ratioak hobetuko dira, arreta unitate edo egoitza txikiagoak sortuko dira, etxeko zaintza bermatuko da, zaintzaileak zainduko dira, ikuskaritza hobetuko da eta zerbitzu telematikoak txertatuko dira, besteak beste. Gure ustez, etengabeko hobetze prozesuan pauso garrantzitsua izango da, eta ahalik eta lasterren egin beharrekoa”.

3. “Egokia da diputazioak eta beste erakunde batzuek obra publikoa sustatzea garai honetan, herrialdeko jarduera ekonomiko eta enpresariala bultzatzeko. Errepide berriak, mugikortasuna, garraioa… Baita jarduera ekonomiko berritzaileak sustatzea ere, hazkunde ekonomikoa laguntzeko. Ezin dugu eskualderik ahaztu, eta modu iraunkorrean egin behar dugu. Deslokalizazioak eragozten lagundu behar dugu, gure jarduera ekonomikoa nazioarteratzea bultzatuz”.

4. “Gure historian garrantzitsuak izan diren enpresak desagertzen ari dira. Diputazioak lagundu dezake jarduera industriala egonkortzen, okerren dauden enpresei babesa emanez. Baina argi izan behar dugu horretarako eskumena, diputazioak baino gehiago, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta Europako Batasunak dutela. Garai zail hauek ikasteko eta hobetzeko aprobetxatu behar ditugu. Enpresek egin behar duten garapen prozesu horretan eragile askok hartu behar dute parte, eta diputazioak eragile proaktibo izan behar du ezinbestean”.

ENERITZ MADARIAGA (Elkarrekin Podemos-IU)

“Enplegu publikorako plan bat egin eta industria eraldatzeko garaia da”

Eneritz Madariaga

1. “Pandemiaren kudeaketa ez da eraginkorra izan. Osasun eta ekonomia krisiari aurre egiteko hartu dituzten neurriak berandu heldu dira, eta ez dituzte kontuan hartu oposizioaren proposamenak. Alde batetik, laguntza ekonomikoak abian jarri dituzte; hala ere, arazo ekonomikoak ez dituztenentzat izan dira. Horiei edozein motatako zerga pizgarriak eskaini dizkiete, baina arazo ekonomiko larriak dituztenei bakarrik atzerapenak eskaini dizkiete. Nagusien egoitzei dagokienez, senideek eta langileek egin dituzten aldarrikapen guztiak oraindik ez dira bete, ratioak eta inspekzioak, besteak beste”.

2. “Zainketen eredu osoa berrikusi behar da, eta eredu berri hori eraikitzean nagusiek, senideek eta langileek hartu behar dute parte. Elkarrekin Podemos-IUren ustez, bi oinarri bete behar dira: mendeko pertsona guztiak kalitatezko arreta jaso behar dute, eta zaintzen dutenek, langileek eta senideek lan baldintza duinak izan behar dituzte. Horrek erakunde publiko guztien inplikazioa eta baliabide ekonomikoak eskatzen ditu. Funtsezkoa da kontrola berreskuratzea eta egoitzak publiko egitea”.

3. “Inbertsio handien garaia da krisitik atera ahal izateko. Baina inbertsioek adimentsuak izan behar dute, itzulkin sozialarekin eta eraldatzaileekin. Ez da inbertsio handietan eta azpiegituretan xahutzeko garaia, garraio pribatua edo turismo sektorea sustatzeko, orain arte sustatu den ereduaren arabera. Inbertsio handi horiek hainbat eragileri zuzenduta egon behar dute, eta eragin egin behar diete, beti esku beretan erortzea eragotziz —hain zuzen ere, laguntza gutxien behar dutenak eta gizarte eredu bidegabe eta desberdin horretara eraman gaituztenak—. Enplegu publikorako plan baten garaia da, egoitzen kontrola berreskuratzeko eta industria sektorea eraldatzeko garaia da”.

4. “Bizkaiko Foru Aldundia oso galtzaile ikusten dugu, inpakturik gabeko laguntza txiki batzuk atera besterik ez baitu egiten, eta turismoaren, zerbitzuen, ekintzailetzaren sirena kantuen eta finantza funtsen aldeko apustu handiagoa egiten baitu. Hau bereziki odoltsua da: Petronorri parke teknologiko bat eraikitzen ari gara, eta aldi baterako erregulazioko espedienteak iragartzen ditu; Gestampi AIC eraiki genion, eta bi solairu itxi zituen… Bizkaiak industria politika argia behar du; hau da, diru gehiago inbertitzea, trakzio enpresen kapitalean sartuta, lurraldean jarraituko dutela ziurtatzeko, eta, batez ere, diru laguntzak enplegua eusteari lotuta egotea”.