“Besteen irabaziak ordaintzen ditugu”

“Besteen irabaziak ordaintzen ditugu”

Peru Azpillaga Diez

EHNE eta Enba nekazaritza sindikatuek salatu dute mundu mailan aritzen den merkatu “espekulatiboak” haien produkzioaren eta irabazien gaineko “kontrolik gabe” uzten dituela abeltzainak. Azaldu dutenez, animalien elikaduraren kostuaren igoera “neurrigabea” izaten ari da: pentsuaren prezioa, esaterako, %20 igo da. Horren aurrean, Espainiako Elikagai Katearen Legea behin betiko onar dadin eskatu dute. Karlos Ibarrondo (Elorrio, 1967) Enbako kidea da, eta, salatu duenez, elikagaien industrian abeltzainak ez dira “kontuan hartzen”. Horregatik sektorearen egoera “kritikoa” dela esan du, eta ohartarazi du euskal abeltzainen etorkizuna “kolokan” dagoela, neurririk hartu ezean.

Zein da euskal abeltzaintzaren egoera, gaur egun?

Kritikoa da. Gure sentsazioa da etenik gabeko krisi batean murgilduta gaudela. Agian, orain azaleratzen da nondik eta zergatik sortu den azkenaldiko egoera hau, baina arazoa aspaldikoa da. Joseba Iraolak Enba aldizkarian idatzi zuen daukagun nekazaritzako elikagaien industriak ez dituela kontuan hartzen baserritarrak. Eta nik uste dut hor dagoela arazo nagusia.

Noren esku dago industria hori?

Merkatu espekulatzaileen esku dago. Txina lur mordoa erosten dabil Afrikan. Brasilen eta Argentinan basoak mozten dituzte soja eta artoa landatzeko… Bi elikagai horiek, esaterako, burtsan kotizatzen dute. Hori dela eta, urte asko dira hau guztia hankaz gora dagoela. Baserritarrok ez daukagu kanpo faktoreen gaineko inolako kontrolik, eta prezioak etengabe eta hamaika arrazoirengatik aldatzen dira.

Pentsuarena, esaterako, ezta?

Bai. Ni Miba pentsu etxearen bezeroa naiz. Kooperatiba bat da, eta tokiko hainbat ekoizlerekin egiten du lan. Bilera batean azaldu ziguten zeintzuk ziren pentsuaren prezioaren igoeraren aldagaiak: azkenean, denak eragiten du. Heldu da une bat non ez dakiten noiz den egokiago pentsua erostea: erosteko unearen arabera, garestiago edo merkeago atera daiteke, prezioa etengabe aldatzen delako.

Beraz, merkatua erabat aldakorra da.

Zoramena da. Adreiluan zegoen espekulazioaren zati bat lurrari lotuta dago orain. Espekulazio eta etorkizuneko apustu asko daude, eta oso zaila da prozesua kontrolatzea. Lehen, lehorte bat bazegoen, prezioak igotzen ziren berehala; ulergarria zen. Orain, erabat artifizialak dira gorabeherak: merkatuaren esku dago, eta ez dugu ezer egiterik.

Horrek zelan eragiten dizue zuei?

Arazo nagusia zera da, ez dugula gaitasunik prezio igoera horiek produkzio katean banatzeko. Hau da, garestiago erosten ditugu gure produktua sortzeko behar ditugun baliabideak, baina, gero, behartuta gaude ordura arteko prezio berean saltzera. Azkenean, besteen irabaziak ordaintzen ditugu guk.

Zer nolako garrantzia du pentsuak zuen lanean?

Animaliak gizentzeko zereala behar da, azkenengo hilabeteetan koipea handitu eta haragiak zapore ona izan dezan lortzeko. Pentsuak garestitu ahala, jendeak bestelako produktuak bilatzen ditu, eta, gero, arriskuak eta krisiak datoz. Aurten, sei hilabetean %20 igo da pentsuen prezioa. Basatia da hori. Nire ustiategian bi txerri txanda egiten ditut urtean, bakoitza 200 burukoa. Helburua, txerri bakoitzak 130 kilo inguru hartzea da. Txerri kilo bakoitza lortzeko, 3,5 kilo pentsu behar dira. Atera kontuak: 400 edo 450 kilo pentsu dira txerri bakoitzeko.

Eta pentsua garestituta, irabaziek behera egiten dute.

Noski. Errenta baxuak ditugu jada, eta, halako igoera bat gertatzen denean, ezerezean geratzen gara. Zer egingo dugu? Ez ekoitzi gehiago? Gu Labeleko sistemaren baitan gaude; 40 bat baserritar gara urte osoko buelta egiten dugunak. Txerriak ondo moldatzen dira basoan, eta uztargarria da abeltzaintza mota honekin, baina nor konbentzituko duzu honetan sartzeko? Zeren, gero produkzio gastuak igo arren, ez dugu salmenten prezioarekiko inolako kontrolik, urteko hitzarmenak izaten ditugulako.

Zer aldarrikatzen duzue?

Ez dugu diru laguntza gehiagorik nahi. Horiek baditugu, baina ez dira konponbidea. Babesa eskatzen dugu; tokiko ekoizleak babestea halako egoeren aurrean. Prezio igoeraren karga hori banatu beharra dago, egun guk soilik ordaintzen dugulako, eta hori jasangaitza da. Besteen menpe gaude, bai erosteko eta bai saltzeko orduan. Kanpo baldintzen menpe daude gure errenta eta gure irabaziak.

Adibidez?

Supermerkatu handiek, esaterako, urte osorako hitzarmenak egiten dituzte, eta akordio horietan ahul harrapatzen gaituzte. Intzidentziak daudenean input-en prezioa handitzen bada, gainkarga hori banatzea baino ez dugu eskatzen; jazarpena ez dadila soilik produktoreen kontrakoa izan. Izan ere, ez ditugu irabazi handiak; ekoizleak gara, eta, lan bat baino gehiago, hau bizimodu bat da guretzat; eguneroko lanari esker aurrera ateratzen dugu. Horrela jarraituz gero, sektore guztia kolokan geratuko da noizbait.

Elikagaien Katearen Legea soluzio bat izan daiteke?

Azkenean ikusten dugu produktu batzuk baserritik prezio batera atera daitezkeela, eta merkatuan lau edo bost bider garestiago saldu. Edo baita alderantziz ere: ekoizpen prezioa baino merkeago saltzea, esnearekin gertatzen den bezala. Hori ezin da izan. Erregulatu beharra dago, eta gutxieneko irabazi portzentaje batzuk adostu, gerora etor daitezkeen igoeren aurrean segurtasun bat bermatzeko.

Nola ikusten duzu zuk euskal abeltzainen etorkizuna?

Ez dakit, egia esan. Gaitza da aurreikuspenak egitea. Ustiategi bat defendatzea zaila da, baina horretan gabiltza buru-belarri eta horregatik elkartzen gara, ea denon artean hau aurrera ateratzeko aukerarik dugun. Baina argi dugu ez dagoela soilik gure esku. Laguntza batzuk baditugu, eta eskerrak. Baina horrela ezin gara ibili. Prezio igoera izugarriez ari gara, oso denbora tarte txikian. Gu 1.000 eta 1.500 euro arteko marjinarekin ibili ohi gara, eta, hori ere ezin badugu atera, zer gara?

Horrek ere zaildu egiten du erreleboa?

Arau asko bete behar dira ustiategi bat martxan jartzeko. Epe luzerako inbertsio bat da. Baina, egoera honetan, nor egongo da horretarako prest? Era berean, makroustiategiak ere agertzen hasi dira. Hurbiltasuna, ordea, guk bakarrik berma dezakegu. Hala ere, gero eta haragi gehiago ekartzen da kanpotik: Argentina, Danimarka, Alemania, Hegoafrika… Behiek sortzen duten metanoaz asko hitz egiten da. Eta haragia hegazkinetan ekarriz gero sortzen den inpaktu ekologikoa?