Baina

Niri oso ondo iruditzen zait 30 urtera arte-edo gauza berriak ezagutzea, bidaiatzea eta hori guztia, baina uneren batean egonkortzen hasten pentsatzea ere ez legoke txarto”. “Asko pozten naiz armairutik atera delako, baina derrigorra da luma hori guztia?”. “Ama ez izatea hautu guztiz defendagarria iruditzen zait, baina ondo pentsatu beharreko kontua da, oraindik sasoiz dago eta iritziz alda dezake”. “Ulertzen dut neskak gustatzea, baina pena bat da”. “Nire mitxelin eta hanka zuriekin joango naiz hondartzara, baina Saturraranera ez, ezagun larregi aurkitu dezaket han eta hobe urrunagoko batera joan”. “Gustura emango nioke besarkada bat, baina gaizki uler daiteke eta hobe ez”. “Jantziko nuke soineko hori, baina beti nabil prakekin eta ez dut inork ezer esan diezadan nahi”.

“Gustura helduko nizuke eskutik jende ezagunez betetako kale honetan, baina ez da komeni”. “Ondo dago zure iritzia ematea eta zuk ikusi, baina batzuetan isiltzea ere komeni da”. “Asteburuetan gozotik eta gazitik nahi haina jatea ondo iruditzen zait, baina aste barruko egunetan ere aurrez kozinatutako plater horiek ekartzen ditu lanera eta hori ez zait oso ona iruditzen”. “Ikaragarri gustatzen zait zeinen ondo egiten duzun berba, baina larregi mugitzen dituzu eskuak”. “Oso guapa zaude gona horrekin, baina kuleroak markatzen dizkizu”. “Txokolatezko palmera bat erosiko dut, baina ez dut kalean denen begien aurrean jango”. “Esan dit ez duela sexurako desiorik, eta uler dezaket, baina zelako putada”.

“Nik uste berez oso guapa dela, baina besape iletsu horiekin eta arropa horrekin asko galtzen du”. “Ikaragarri gustatzen zait zuekin ilundu arte zerbeza baten bueltan kontu eta barre aritzea, baina bihar astelehena da”. “Ulertzen dut gidatzea gustuko ez izatea, baina ahalegindu zitekeen gutxienez”. “Ez dakit neska edo mutila ote den eta berdin dit, baina nik uste mutila dela”. “Plantxatzea niri ere ez zait gustatzen, baina arropa batzuk ezinbestean plantxatu beharra dago”. “Ezkonduko naizela esan dizudanean ikaragarri poztu zara, baina ez zarela ezkontzara etorriko esan didazu, eta hori ez da egiten”. “Umeak ume dira eta aske utzi behar zaie, baina zarata hau jasangaitza da”.

“Gontzalen neskak lesbiana dirudi, baina Gontzalen neska denez, ba ez da izango, edo ez dakit, arraroa da”. “Uler dezaket irakurzale amorratua ez izatea, baina urtean gutxienez hiru liburu edonork irakurri beharko lituzke”. “Miretsi egiten zaitut begetarianoa zarelako, baina gaur lako egun berezi batean ere muzin egingo diozu bisigu eder honi?”. “Zure anaia eta zu oso antzekoak zarete, baina zu isilagoa zara”. “Niri super ondo iruditzen zait sexu askapena eta hori guztia, baina denok ez daukagu askatzeko behar hori”.

“Zenbat dugun egiteko, baina zenbat entretenitzen garen bidean”.

“Zeinen intoleranteak garen, baina zeinen ondo disimulatzen dugun”.

“Zeinen harro gauden, baina zeinen harro gauden”.