Ardiaren ile, artearen hari

Ardiaren ile, artearen hari

Ibai Maruri Bilbao

Gaur egun, artzainek bildotsen haragia eta ardien esnea dute diru iturri nagusia. Garai batean, artilea ere oso preziatua izan zen. Baina aspaldian ez du batere baliorik, eta artzainentzat arazo bihurtu da. Besteak beste, horri konponbide bat ematea izan da Karrantzako Mutur Beltz elkartearen helburuetako bat, Karrantzako berezko ardi espeziea den mutur beltza babestearekin batera. Bide horretan, Ondo Bizi Arte Egotaldiak antolatu dituzte azken bost urteetan, sortzaileak Enkarterrira eroanda. “Zer egin daiteke gure artilearekin?”, bota diete erronka aurtengoan. “Ez genuen soilik ehungintza artea jorratu nahi, baina bai artilea izatea egotaldiaren ardatza”, zehaztu du Mutur Beltz elkarteko Joseba Edesak. Ekainaren 10etik 21era bitartean, lau sortzaile Karrantzan egon dira galdera horri erantzuna topatu guran.

Besteak beste, egunotan ardiak zelan moztu dituzten ikusten izan dira. “Moztetik iruterako prozesu osoa ezagutu dugu”, kontatu du Regina Dejimenez ehungintza artistikoan diharduen sortzaile espainiarrak. Besteak beste, Karrantzako egotaldi honetan moztutako artileak, kardatutakoak eta irundakoak dituzten testurak izan ditu abiapuntu, eta erakusgarri bat sortu du hirurekin. Ardi biri kendutako bost metroko ile zatiarekin pieza bat sortu du. Garbitutako artilearekin feltro teknika landu du.

Karrantzako bizilagunekin eta artzainekin solasaldi luzeak izan dituztela esan du, eta asko ikasi duela haiek kontatutakotik. Esaterako, andre nagusiek jantzi tradizionalak zelan egiten zituzten ezagutu du. “Iruten zituzten piezei brodatu txiki eta delikatuak egiten zizkieten. Esaterako, galtzerdi pare bakoitzari berea, hartara jakiten zuten zein zen galtzerdi bakoitzaren bikotea”. Oso interesgarria iruditu zaio, hark orain arte egindako ikerketari lotuta dagoelako. “Brodatuari esker, egunerokoan erabiltzeko objektu bat izatetik harago, arropa horiek hizkuntza bat zuten; ez ziren galtzerdi hutsak, informazio kodifikatu bat ere bazuten”. Gai hori ikertzen jarraitu nahi duela esan du, ohartu delako euskal tradizioak bere janzkera propioari esker markatu duela bere identitatea. “Zeinu berezi horiek hartu nahi nituzke, eta ehungintzako arte garaikideko piezetan txertatu”.

V. Ondo Bizi Arte Egotaldia

Pedro Murua eta Mariona Cañadas kataluniarrek osatutako sortzaile bikoteak, berriz, hesoletan ipini du arreta egunotan Karrantzan zehar egindako ibileretan. “Hesolek denboraren joana bizi dute; eguraldi aldaketak sufritu dituzte, ingurunea, pertsonak eta lurraldea zelan aldatu diren ikusi dute. Hesolen zurarekin eta artilearekin pieza eskultoriko bat egin dugu”, azaldu du Muruak. “Ez dugu ezer baieztatu nahi izan. Soilik adierazi nahi izan dugu hesola horiek lurraldea mugatu dezaketela, edo ez; zelan denboraren joana bizi duten”, zehaztu du Cañadasek.

Lurraldearen maneiuak deitu die arreta biei: “Paisaia aldatuz joan da, aldaketa sozial eta ekonomikoen ondorioz”, esan du Cañadasek. Muruak azaldu du artzainak ardiak hartuta mendira joaten zirela lehen; “orain, lurraldea sailkatuta eta hesituta dago. Lehen, askatasunez larratzen ziren ardiak; orain, artzainek askatasun gehiago dute”.

Ardi mutur beltzak

Karrantzan ikusitakotik eta ikasitakotik sortu ohi diren artelanekin erakusketa bat ondu ohi dute urtero. Iaz, pandemia dela eta, ez zuten horretarako aukerarik izan. Edesak esan du uda ondoren, urtea bukatu aurretik, aurtengo egotaldiari dagokion erakusketa egin gura dutela: lehenengo, Karrantzan bertan, eta, ondoren, Bilbon.

Erakusketa horretatik kanpo gera daiteke egunotan egotaldian egon den beste sortzailea: Asuncion Molinos sortzaile espainiarra. “Agenda kontuengatik ez dut lehenago etortzeko modurik”, adierazi du Molinosek. Aurtengo galderari barik, iazkoari erantzun dio. “Karrantzako ardien eta artzainen egoera aztertzen ibili da”, zehaztu du Edesak.

V. Ondo Bizi Arte Egotaldia

Molinosen espezialitatea hori da, hain zuzen: landa ingurua ikertzen du, soziologiaren, antropologiaren eta kulturaren begietatik. “Karrantzako mutur beltz ardi arraza aztertzen ibili naiz: haren historia, espezie hori ustiatzen duten familiak, zein ezaugarri dituzten… Ikusi dut oso ondo egokitzen direla lurraldera, egokitzeko gaitasun handia dutela”. Klima aldaketaren erronkari aurre egiteko oso egokiak direla ohartu da. Azaldu du badirela ustez hobetutako espezieak eta badirela gizakiak esku hartzerik izan ez duen espezieak. “Hobetutakoak gehiago zaindu behar ditu gizakiak, jaten eman behar die. Esku hartzerik izan ez duten arrazek, berriz, bizirik irauteko gaitasun handiagoa dute”. Oraindik asko du ikertzeko, eta Mutur Beltz elkartekoek emandako kontaktuekin ikerketa horrekin jarraituko du datozen hilabeteetan. “Gero zer arte lan sortuko dudan? Ez dut ideiarik ere. Izan daiteke ikus-entzunezko bat, instalazio bat edo eskultura bat: ikerketa bukatutakoan jakingo dut”.

Egunotan, egotaldiaren barruan, jardunaldi bat ere antolatu dute Mutur Beltzeko kideek. Egotaldian parte hartu duten artistek ez ezik, egunotan euren ezagutza plazaratzeko gonbidatu dituzten beste bi sortzaile ere izan dira eurenean. Joan den ekainaren 10ean egin zuten. Tytti Thusberg eta Maria Montesinos izan ziren. “Thusberg slow fashion delakoan aditua da, eta guri asko interesatzen zaigu hark sortzen dituen ehunak. Montesinos, berriz, Kantabrian [Espainia] behi ustiategi espantsiboa duen soziologoa da, eta ekarri genuen landa inguruaren egoerari buruz hausnartzera”, azaldu du Edesak. Jardunaldian esandakoekin argitalpen bat osatuko dute, urtero legez.

V. Ondo Bizi Arte Egotaldia