Jainko txikien desarmatzailea

Ezezagun bat hurbildu zitzaidan atzo. “Zu Alderray zara?”. Dirua zor niola pentsatu nuen, baina ez, zorionak ematera zetorren. Nire pertsonaiak zoragarriak iruditzen zaizkio. Nire sormenarekin bizitza ederragotzen omen dut! Basamortuan predikatzen nuelakoan nengoen, baina badago nire lana preziatzen duenik. Joder. Konfiantza berreskuratu dut. Ileapaindegian bizarra eta tximak moztu aspaldiko partez, arropa txukun garbiak jantzi, eta kemen berriaz atera naiz ehizan gaur. Eta nabaritu da itxuraldaketa. Pieza ederra harrapatu dut ziztuan: jainko txikien desarmatzailea.

Egunkarian agertu zen andrearen berri. Jendea kalean ernegatzeagatik atxilotu dute hamaika aldiz. Hiritarrengana hurbildu eta “gizaki hutsa zara” esaten omen die belarrira. Harrigarria, ez nekien Pelloren egiak esateagatik norbait atxilotu zezaketenik. Bere bila joan naiz.

Ez zait asko kostatu aurkitzea. Neure burua eta asmoa azaldu dizkiot. Normalean ezkutuan aritzen naiz, baina esan dizuet, konfiantza berreskuratu dut. Norbait banaiz, eta neure lana bada zerbait. Solasketari atsegina da Diogenes berri hau. Bere ofizioa ez dela berria esan dit. Erromako hirian, jeneral batek gudatik garaile irten eta ereinotzezko koroa buruan zuela txalo eta bitore artean desfilatzen zuenean, ondoan esklabo bat omen zeraman, belarrira xuxurlatzen ziona: “Hominem te esse memento!“. Gogoratu gizaki hutsa zarela… eta ez jainkoa.

“Orduan ofizio hura beharrezkoa bazen, are gehiago orain”, esan dit andreak. “Historian zehar, gizakia kokatu da unibertsoaren erdigunean. Egiari zor, gizonezko gizasemea”, matizatu du. “Munduak gizakien inguruan egin du bira beti, gizakien zerbitzurako. Ikuspuntu horrek ia iraungitzera eraman gaitu. Eta, hala ere, gaitzerdi, sikiera gizakia kolektibo bezala ulertzen zelako, pertsona guztiak, gizarte osoa, alegia. Gaur gizakia baztertu eta norbanakoa hautatu dugu unibertsoaren erdigunetzat. Norbanakoa ezarri dugu aldarean gure erlijio berrian. Ez da Cesar edo jenerala izan beharrik, orain edonon omen daude sasijainko eta sasiheroiak”.

Andrea begibistakoenarekin hasi zen ofizioan: futbolari, youtuber… Famatu askoren belarriak berotu zituen, eta jipoi mordoa jaso, haien segurtasun gorteetatik. Baina jada ez zaizkio horiek interesatzen. Orain jende arruntak kezkatzen du soilik. Doazela handi-mandiak pikutara.

“Gogaikarria delako handiki bat oilartuta ikustea, baina gu bezalako hiritar soil baten autojainkotzeak tristatu egiten nau barren barrenetik”, esan dit. “Oinak lurrean jartzen lagundu nahi diet. Norbanakoaren santutzeak bakarkeria dakar ezinbestean, norbera jainkotzen denean, beste guztiak gure zerbitzurako daudela sinisten dugulako”.

Adibide asko jarri dizkit, eta akaso atzoko enkontruak umorea goxatu didalako izango da, baina, joder, andre hau miresten dut. Bera bezalako gehiago beharko genuke, handiuste asko baitabil bazterrotan, belarria berotzea merezi dutenak. Pozik noa gaurko ehizarekin.

Orduan andreak geldiarazi eta azkeneko adibide bat jarri dit. “Atzo, urrutira jo gabe. Kalean gizajo bat, bizardun tximaluzea, bohemio itxurakoa. Bere ondoan beste ezezagun bat, laudorioka, bere sormenarekin bizitza ederragotzen zuela, eta ez dakit zenbat pitokeria gehiago esanez. Ikusi behar zenuen bizardunaren harropuztea. Lurretik metro bat altuago ibiliz joan zen. Ez nuen garaiz erreakzionatu, baina ez dut atsedenik hartuko hura aurkitu eta belarrira ‘Hominem te esse memento!‘ xuxurlatu arte. Horren behar itzela dauka gaixoak”.

Eta joan egin da. Lelotuta geratu naiz ni; paralizatuta. Hogei zentimetro gutxiago neurtzen dut bat-batean. Erakuslehio batean neure isla ikusi dut. Itxura barregarria daukat bizarrik gabe eta arropa txukun erridikuluokin. Etxerako bidean jarri naiz, buru makur. Lanbide alua!