Hedatzeko bigarren saioa

Hedatzeko bigarren saioa

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko Guggeheim museoak Busturialdera hedatzeko bigarren proiektua iragarri du. Bide berde baten bitartez elkarri lotuta egongo diren bi eraikinekin egingo da zabalkundea: bata Gernika-Lumon egongo da, Dalia lantegi zaharraren orubean, eta bestea Muruetako ontziolan. “Museo eredu berri bat izango da: ekoizpen artistikoa, ekologia, teknologia, lotura soziala eta ikerketa uztartuko ditu; bisitariari esperientzia berri bat eskainiko dio, eta Bilboko Guggenheim museoaren osagarria izango litzateke”, nabarmendu du Jose Ignacio Bidarte zuzendariak. Aurrekontua 120 milioi eurokoa da: horietatik 81 Europako Batasunetik iritsiko lirateke, COVID-19aren krisiari aurre egiteko sortutako funtsetik. Ezer iritsiko ez balitz ere, Unai Rementeria ahaldun nagusiak iragarri du aurrera jarraitzeko asmoa dutela. Lanek bost urte iraungo lukete. Urtean 140.000 bisitari espero dituzte.

Museoak 12.000 metro koadro irabaziko lituzke. Gernika-Lumoko fabrikak 4.000 metro koadro ditu. Bisitariei harrera egingo zaie gune horretan: han hasiko dira ezagutzen artearen eta beste diziplina batzuen arteko uztartzetik sortuko den museoaren kontzeptu berritzailea. Sei kilometrora egongo da bigarren eraikina, Muruetako ontziolan. Erakusketa gelak hartuko dituen 7.000 metro koadroko eraikina egingo da han. Bien bitartean, bide berdea aire zabaleko erakustokia izango da.

Oraindik proiektuaren zertzelada batzuk baino ez ditu eman Guggenheim museoaren fundazioak; argitu gabeko zalantzak asko dira. Baina Busturialdean jakin-mina sortu du: batzuei ilusioa eragin die; beste batzuei, berriz, kezka. Bizkaiko Hitza-k eskualdeko hainbat eragilerekin hitz egin du, zer iritzi duten jakiteko.

RAMON_ZALLO

RAMON ZALLO (ekonomialaria)
“Industria berria erakartzeko marka izan daiteke Guggenheim”

Aurreko proiektuaren aurka zegoen Ramon Zallo, ez zelako biosfera erreserbaren izaerarekiko “errespetuzkoa”. Ekonomian eta Zuzenbidean lizentziaduna da eta Ikus-Entzunezko Komunikazioan doktorea. El declive económico de Busturialdea-Urdaibai: dilemas y propuestas (Busturialdea Urdaibairen gainbehera ekonomikoa: dilemak eta proposamenak) saiakera argitaratu du. Oraingo proiektuan planteamendua bestelakoa dela uste du: “Hirigunean eraikiko da egoitzetako bat, eta dagoeneko eraikita dagoen eta aurki hustekoak den ontziolari beste erabilera bat emango zaio bigarrenerako”. Gainera, iruditzen zaio proiektuak lagundu dezakeela “padurak zaintzen, garbitzen eta babesten”.

Aitortu du jasangarritasun eta ingurumen aldetik zalantzak sor ditzakeela, baina uste du “errespetuzkoa” izango dela: “Agintariek badakite hori dela Urdaibai erakargarri egiten duena; hori galduko balu, Guggenheim berri honek bere balioa galduko luke”. Edozelan ere, proiektua bere osotasunean definitzeko, herritarren parte hartzea bermatuko duen prozesu bat abiatzea nahi du. “Haien lurraldea jarriko dute museoa egiteko; haiek erabaki beharko dute zelan egin”.

Zallori iruditzen zaio eskualdeari behar duen bultzada ematen lagundu dezakeen proiektuetako bat izan daitekeela. Baina argi du: “Ez da nahikoa. Busturialdeak belaunaldi berriko industriak behar ditu”. Eskualdea garatzeko plan bat behar dela esan du, eta hor sartu beharko liratekeela industria, lehen sektorea eta Guggenheim museoa. Haren ustez, museo berri horrek industriaren deskarbonizazio eta digitalizazio prozesuan lagundu dezake. “Ikerketari eta garapenari, sorkuntza artistikoari eta ingurumenari lotutako industria berria erakartzeko marka izan daiteke Guggenheim”.

ERROXELI OJINAGA, PIZTU BUSTURIAREN ALKATEGAIA

ERROXELI OJINAGA (Zain Dezagun Urdaibai taldeko kidea)
“Ontziolaren jabeetako batzuk museoaren patronatuko kide dira”

“Horrelako proiektu baterako, plan berezi bat egin behar da lehenengo, biosfera erreserbako plan zuzentzaileak hala eskatzen duelako”, ohartarazi du Zain Dezagun Urdaibai taldeko Erroxeli Ojinagak. Halakorik ez dagoela esan du, proiektua oraindik biosfera erreserbako patronatutik igaro ere ez delako egin. “Patronatuaren oniritzia duela esan dute, baina ez da egia”. Haren ustez, egitasmoa “interes pribatuak laguntzeko” sortu da.

Badu susmoa zergatik egongo den eraikinetako bat Gernika-Lumon: “Udalak Errenteria auzoa garatzeko arazoak ditu, lurzorua kutsatuta dago, eta uholde eremua da. Diputazioak han egingo du museoa, eta arazoa konponduta. Baina fabrikak jartzeko leku ezegokia bada, kulturarako ere bai”. Bigarren eraikina Muruetan egiteari ere topatu dio azalpena: “Ontziola biosfera erreserbatik atera nahi da, baina jabeek ondo ordaintzeko eskatu dute”. Ontziolaren eta museoaren arteko lotura ere egin du Ojinagak: “Jabeetako batzuk museoaren patronatuko kide dira”.

Eskualdeak beste proiektu batzuk behar dituela esan du: nekazaritza eskola bat, Ingurumen Zientzien unibertsitate zentroa, teknologia berdeen ekoizpen gunea… “Turismo arlokoak ere egin daitezke. Baina ekonomia jasangarriari eta trantsizio ekologikoari lotuta. Proiektu hau Europak eskatzen duenaren antipodetan dago”. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak dio Pablo Picassoren Gernika herrira ekartzeko aukera izan daitekeela. “Etxe bat behar bada koadroarentzat, badaude hutsik dauden eraikinak”. Gogoratu du ontziola eta harako bide berdea sei babes berezi dituen ingurune batean daudela.

Aitziber Ansotegi

AITZIBER ANSOTEGI (Urremendiko kudeatzailea)
“Turismo Jasangarriaren Gutunaren mugen barruan egin beharko da”

Urremendi Landa Garapen Elkartearen egitekoa Busturialdearen garapena sustatzea da. Berbarako, turismoaren bidez. Aitziber Ansotegi elkarteko kudeatzaileak ondo hartu du proiektua: “Uste dut sektore pribatuari asko lagunduko diola: falta duen bultzada emango dio”. Eskualdera bisitari berriak erakartzeak “negozioen egoera hobetzen eta kalitatea handitzen” lagunduko duela iruditzen zaio. Hala ere, argi du ezin dela edozelan egin.

Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikita dago Busturialdeko biosfera erreserba iaztik. Gutunak orientazioa ematen die jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei, estrategiak elkarrekin arituz definitzeko. “Proiektu hau, ezinbestean, gutunak ezarritako mugen barruan sartu beharko da”. Eskualdeak turismo jasangarriaren aldeko apustua egin du: ekoturismo arduratsua, garapena eta ingurunearen zaintza orekaz uztartzen dituena.

Turismoa erakartzeko, horrelako azpiegiturak “onak” direla iruditzen zaio. Dena den, azpimarratu du eskualdeak, berez, badituela erakargarri egiten duten elementuak: ondare natural eta paisajistikoa batetik, eta aisialdi eskaintza bestetik. “Guggenheimek hori guztia indartuko du”.

Mikel Alvarez
MIKEL ALVAREZ (LAB sindikatuko kidea)
“Proiektua elite batentzat litzateke, ez herritarrentzat”

“Gure jarrera garai bateko bera da: ez da eskualdeak behar duen proiektua”, azpimarratu du Mikel Alvarez LAB sindikatuko kideak. Uste du proiektuaren eraginez turismoa izango dela Busturialdeko eredu ekonomikoaren ardatza. “Proiektua elite batentzat izango da, ez hainbeste bertako herritarrentzat”. Herritarren beharrizanak kontuan hartuz gero, LABekoen ustez lehentasunak hondokoak izango lirateke: berrindustrializazio plan bat gauzatzea, eskualdeko eredu ekonomikoa lehen sektorera bultzatzea eta bestelako politika ekonomiko batzuk sustatzea.

Eskualdean dagoeneko “turistifikazioaren aldeko apustu larria” egin dela esan du Alvarezek. Hainbat adibide ipini ditu: Gaztelugatxe turismoaren ikur bihurtu dela aipatu du, eta arrantza portuak kirol portu bihurtu izana. Muruetako ontziola Erandiora eramatea ere gaitzetsi du.

Uste du Busturialdeak lehen sektoreari lotutako industria behar duela, produktuen transformaziora bideratuta: “Badakigu eskualdean produktu horien eskaera geroz eta handiagoa dela”. Industria astunaren arloan, trantsizio ekologikoa egin beharko litzatekeela esan du: “Industria sektorea eta lurraren mantenua uztartzeko modua aurkitu beharko litzateke”.

Diputazioak proiektua Europako Batasuneko funtsei lotu izana ere txarretsi du Alvarezek. Iruditzen zaio funtsak baldintzatuko dituela proiektuak. “Hipoteka bat izango da, eta ez bakarrik eskualdeko jendearentzat, Euskal Herri osoarentzat baizik”.

Muruetako ontziola