“Gerran, Enkarterri izan zen azken defentsa gunea”

“Gerran, Enkarterri izan zen azken defentsa gunea”

Peru Azpillaga Diez

Enkarterriko Museoak 1936ko gerrari buruz antolatutako erakusketen ostean jarri zuten martxan Sopuertako memoria historikoa liburu batean jasotzeko proiektua. Javier Barrio museoko zuzendariak eta Javier de la Colina aita-semeek —biek dute izen bera— gauzatutako egitasmoa izan da. De la Colina semeak (Sopuerta, 1974) azaldu duenez, hau da lanaren helburua: ohartaraztea gerran jazotakoak ez direla ikertu eta garai hartako gertakariak biltzea. Gogora memoriaren euskal institutuarekin elkarlanean egin dute. Hiru atal edo artikulutan banatu dute: 1936ko gerrari buruzko memoria bat, eskualdeko bonbardaketen inguruko informazioa, eta Sopuertako eta Galdamesko bizilagunen lekukotasunen bilketa.

Zerk bultzatu zintuen Enkaterriko memoria historikoa ikertzera?

Gai honen inguruan interesa piztu zitzaidanean, Sopuertan hildako pare bat milizianoren inguruko datuak baino ez ziren ezagutzen. Zerrendatuta zeuden hogei biktimetatik abiatuta, ehun baino gehiago topatu ditugu. Jasota geratu ez ziren bonbardaketak zenbatuta zeuden, baina izenik ez zuten heriotzek, gaueko erasoek… Artxiboetatik eta auzokideen oroitzapenetatik tiraka, eskualdeko memoria berreraikitzen joan gara.

Zertarako?

Hemen jazotakoa ezagutzera emateko. Hau meatzaritzari lotutako eskualdea zen. XX. mendearen hasieran, korronte politiko asko topa zitezkeen: sozialistak, errepublikanoak, nazionalistak… Enkarterri gerrako fronte izan zen bi hilabetez, baina, frankistek Bilbo hartu eta berehala, Bruneteko [Madril, Espainia] gudua izan zen, eta Enkarterrin jazotakoak ez dira inon bilduta geratu, arreta guztia hara bideratu zelako. Ahanzturan eroritako gertakarien artean, besteak beste, Castro-Alen trenbideko gudua dugu.

Zer gertatu zen?

Bizkaiko azken defentsa gunea izan zen. Badirudi Enkarterrin ez zela ezer gertatu eta soilik aipatzen dela Jose Antonio Agirre [Jaurlaritzako] lehendakaria Turtzioztik igaro zela, baina ez da horrela: hemen biktima asko egon ziren. Erorien Haranean hildako euskaldun gehienak hemengo frontean borrokatu ziren, eta haietako asko identifikatu gabe daude oraindik ere.

Zergatik erabaki zenuten liburu bat argitaratzea?

Denbora dezente generaman ideia honekin buruan. Nire aitak ere gerra hasi aurreko pasarteak biltzen zituen artikulu bat idatzi zuen, 1934a oso urte garrantzitsua izan zelako Enkarterrin, eta ezinbestekoa delako urte haietan bizitakoa ezagutzea, gerran gertatutakoak ulertu ahal izateko. Era didaktikoan biltzen saiatu gara, ezagutzen ez ziren gertakariak eta jazoerak argitara ateratzeko asmoz.

Biok duzue, beraz, historiarekiko atxikimendua.

Beti izan dugu herriko historiari buruzko jakin-min handia. Horregatik, Javier Barrios Enkarterriko museoko zuzendariak deitu zigunean esanez 1936ko gerran hildako hogei pertsonaren zerrenda bat topatua zutela, birritan pentsatu gabe ekin genion ikertzeari. Hiruron artean egin dugu lana, eta era kronologikoan antolatu dugu. Adibidez, liburuan agertzen den lehendabiziko hildakoetako bat amaieran hil zen beste baten anaia da.

Erraza izan da datu eta informazio berria topatzea?

Ez, kontrara: oso lan zaila da. Bilatzen hasi eta berehala konturatu ginen 1936ko gerraren amaierari buruzko oso datu gutxi genituela eskualdean. Batailoiak zatitu, eta berriak sortzen ziren; egoera oso ezegonkorra zen. Horrekin batera, bizi izan dugun beste fenomenoetako bat izan da familietan desagertutako kidearen inguruan zegoen informazio falta.

Adibidez?

Esaterako, behin baino gehiagotan etorri zaigu senideren bat argazki batekin, esanez bere aitona errepublikazaleen batailoi batean borrokatzera joan eta desagertu egin zela. Gerora, kontrako bandoan zegoela deskubritu dugu. Kasu horietan ere, saiatzen gara azaltzen kontakizunaren parte bat dela, jende asko behartu egin baitzuten borroka egitera, langileen batailoietan gertatu zen bezala. Beste asko testuinguruak bultzatuta abiatu ziren frontera. Gainera, beste zailtasunetako bat zera da: zerbait argitaratzen duzunean, orduan hasten dela informazio gehiago agertzen.

Beraz, lana amaitu arren, oraindik ere sortzen dira istorio gehiago.

Hala da, bai. Liburua publikatu ostean, jende dezente jarri da gurekin harremanetan, bertan agertzen den pasarteren bati buruz informazio gehiago emanez, edo daturen bat zuzentzen, edota jaso ez dugun gertakariren bat aipatzen. Berriki, esaterako, Laia tontorrean egindako indusketa batzuetan aztarna piloa topatu dituzte, jada ez soilik 1936ko gerrakoak, baita gerra karlistetakoak ere.

Topatu dituzuen gertakarien artean, zerk harritu zaitu gehien?

Batez ere, gerran hildako umeen kopuruak harritu nau. 1936ko gerrako biktimak dira guztiak, eta haietako asko ez dira kontuan hartzen, gosez edota galdutako bala baten erruz hil zirelako, frontean hil beharrean. Gerran jende asko hiltzen da: milizianoak, gudariak, militarrak… Baina, oro har, gerretan herritar zaurgarriak ere hiltzen dira, maiz ahazten bazaigu ere: umeak, adineko pertsonak, zibilak…