Erandion ez dute Altzaga auzoko “berdegune bakarra” galdu nahi

Erandion ez dute Altzaga auzoko “berdegune bakarra” galdu nahi

Natalia Salazar Orbe

Eraikinak. Eraikinak, autoak, eta aparkalekuak. Eta txoko batean, kiroldegiaren luzapen gisa, 20.000 metro koadroko berdegunea. Erandioko Altzaga auzoan ageri den berdegune bakar hori Tartanga bezala ezagutzen da. Bizilagunek ez dute espazio hori galdu nahi, eta mobilizazioetan ari dira.

Azkena joan den zapatuan egin zuten. Tartanga Berdea eguna antolatu zuen izen bereko plataformak. “Erandion, ume, gazte zein nagusientzako aisialdi leku seguru eta zabalak behar ditugu; elkartzeko, kirola egiteko, solstizoak ospatzeko, arnasteko eta eguzkitan egoteko tokiak behar ditugu. Eta Tartangako berdegunea da horretarako daukagun espazio bakarra. Tartanga da Altzagan dugun berdegune bakarra”, adierazi zuen Maiteder Estevez bozeramaileak, zapatuan egin zuten kalejira bukatu ostean.

402 etxebizitza

Izan ere, 2005ean abiatutako hirigintza afera baten bidez, Tartanga eremuan 402 etxebizitza egiteko proiektua onartua du udalak. Estevezek azaldu duenez, urte hartan bizilagun batzuk etxeetatik atera behar izan zituzten, beren etxe alboko eraikin baten obrak eragin zituen kalteen ondorioz. “Inguruko eraikinak hustu egin behar izan zituzten. Ordutik daramate etxetik kanpo”. Haren esanetan, Erandioko Udalak bitartekari lanak egin zituen, eta auzokide horiek konbentzitu zituen salaketarik ez jartzeko Abaroa eraikuntza enpresaren kontra.

Urteak pasatuta, udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura erakundeak hitzarmen bat sinatu zuten. “Udalak onartu zuen Tartanga Berdeko 20.000 metro koadroak ematea, eraikuntza enpresa berri batek etxetik aterarazitako auzokideen etxeak bota eta berriak eraikitzearen truke”. Etekina zein izango zen azaldu du Estevezek: “Eraikiko dituzten etxebizitza estrak [66 familia etxetik atera zituzten, eta horientzako etxebizitzekin batera gehiago egin ahalko dituzte], altuagoak egingo dituztelako, eta gainera, lursail honetan [Tartangan] 400 etxe eraikitzeko baimena dute”. Bizkaiko Hitza saiatu da Erandioko Udalarekin hitz egiten, baina esan du ez dutela adierazpenik egingo.

Tartanga Berdea plataforma askotariko herritarrek osatzen dutela azaldu du Estevezek, eta ez dutela eremu berde hori galtzen uzteko asmorik. 1.400 sinadura ere bildu zituzten. “Altzaga auzoan aparkaleku, auto eta eraikinez inguratuta bizi gara. Hau da daukagun espazio zabal bakarra, mendia ikusten dena eta eguzkiak ematen duena. Landa berde bat da, zabuekin, itzela da auzoarentzako. Baina uste dugu galdu egingo dela. Hala ere, gu borrokatzeko prest gaude”, esan du.

Irtenbidea nahi dute. “Udalak bila dezala irtenbidea Azpiegiturak erakundearekin edo eraiste eta eraikuntza lanak egin behar dituen Murias enpresarekin. Eraikitze lanak amaitzear daude jada. Horiek amaitzen dituztenean hasiko dira Tartangan eraikitzen”. Denbora agortzen ari zaie.