Topaketa, hodei artean

Topaketa, hodei artean

Zihara Jainaga Larrinaga

Hegaztiek konpainia izango dute Orozko inguruetako lur gainetan bihar eta etzi. Hain zuzen ere, Bizkaiko Parapente Txapelketa egingo da bertan. Orozkoko Iparair taldeak antolatu du lehia, eta, hori horrela, ia 50 lehiakide zerua ukitzetik gertu ibiliko dira.

Iparair taldea inguruetako parapentelariek elkarri laguntzeko sortu zen, parapentean aritu nahi zuen jendeak elkargune bat izateko, irteerak antolatu edota egindako ibilbideak komentatzeko. Halaber, hasieran, duela hiruzpalau hamarkada, eskola modura sortu zen taldea. Bizkaiko lehenengoetarikoa izan zen, hain zuzen. Egun, talde bat da, eta bertako partaideek gastuei aurre egiteko hogei euroko kuota bat ordaintzen dute urtero.

Bizkaian parapentelari gehien batzen dituen taldea izanik, Bizkaiko Parapente Txapelketa antolatzeko lanak hartu ditu taldeak. Hala, lehen aldiz antolatuko du mota horretako lehiaketa bat. Juan Andres Larrinaga taldekide eta parapentelariak adierazi duenez, Bizkaiko Txapelketa, azken finean, lagunarteko lehia bat da, eta xedea Iparair taldearen proiektua indartzea da. Halaber, herriarentzako zein eskualdearentzako bultzada bat ere izan daitekeela uste dute. Era berean, kirola indartu eta daukan garrantzia eman nahi diote. “Txapelketa xumea izango da, nahiz eta lehiakide indartsuak aurkeztuko diren. Hortaz, badu bere garrantzia”.

Eguraldia lagun, 49 pertsona espero dituzte bihar, Bizkaitik, Arabatik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik bildutakoak. “Oso kopuru ona da; oso pozik gaude. Eguraldiak laguntzen badu, egun polita aurreikusten dugu”, adierazi du Larrinagak. Parte hartzeko nahikoa izan dute lehiakideek Espainiako Open mailan federatuta egotea; halaber, derrigorrezkoa da lehiatzeko maila egokia izatea, eta maila hori agiri ofizial bidez akreditatzea.

Modalitate edota kategoria bakarrean lehiatuko dira, eta irabazteko zirkuitu bat ahalik eta azkarren igaro beharko da. Parte hartzaileak une oro egongo dira GPS bidez lokalizatuta, eta antolakuntzako kideekin irrati bidezko harreman zuzena izango dute. Txapelketak Cross Country proben estiloa jarraituko du, hau da: parte hartzaileek lasterketa bat egin beharko dute aurrez, baliza birtual batzuen bitartez markatutako ibilbide batean, eta pilotuek ordena jakin batean gurutzatu beharko dituzte baliza horiek. Bakarka ariko dira denak zirkuituan markatutako balizak gainditu beharko dituzte helmugara iritsi aurretik. Balizak gainetik igaro beharko dira, noski, eta GPSak kontrolatuko ditu igarotzen diren edo ez. Halaber, parte hartzaile bakar batek ere ez badu zirkuitu osoa egiten, zatirik handiena egin duenak lortuko du garaipena.

PARAPENTE

Irteeran, hasteko abisua ematen denean, parte hartzaile guztiak egon beharko dira hegaz erradio zehatz eta handi baten barruan. Larrinagak azaldu duenez, balizak igarotzeko baldintza metereologikoak kontuan izatea ezinbestekoa da: haizearen norabidea eta termikak. Halaber, azkeneko baliza beste denak bezala igaro behar da, eta, horrez gain, lur hartu beharko dute parte hartzaileek. Proba azkeneko baliza igarotzean bukatzen bada ere, derrigorrezkoa da lur hartzea. Larrinagaren arabera, irabazteko gakoa da, batetik, baldintzak ahalik eta gehien aprobetxatzea, eta, bestetik, irteeran altuera handia hartzea. Horrez gain, balizak igaro bitartean termikak badaude, aprobetxatzeak asko laguntzen du. Dena, baina, ez da egongo lehiari begira. Larrinagak aurrez aipatu duenez, saria parte hartzaile bakoitzak ibilbidea ahalik eta hoberen egitea izango da. “Azken finean, gustuko dugulako parte hartzen dugu, eta saria sinbolikoa da: otzara bat”.

Bestalde, txapelketaren zirkuitua ez dute zehaztuko eguna iritsi arte, eguraldiaren arabera hainbat aukera egon daitezkeelako, eta ezin delako ziurtatu lehiaketa egunetan zer eguraldi egingo duen. “Haizearen norabidearen arabera, askotariko aukerak sortzen dira. Aurrez ezer gutxi ziurtartu daiteke”, esan du Larrinagak. Halaber, azpimarratu du eguraldiaren arabera parte hartzaile guztiek ez dutela etekin bera lortzen. “Ez du esan nahi eguraldi ona izanagatik parte hartzaile denek hegaldi on bat egingo dutenik”.

Eguraldiaren menpe

Hegaldi onak egiteko, eguraldia da baldintzarik garrantzitsuena, eta, Larrinagak azaldu duenez, egunik onenak ezegonkortasuna dagoenean izaten dira. “Eguraldi egonkorra dagoenean, ez da ona”. Udaberrian, adibidez, klimatologia aldakorra denez, horrek lagundu egiten die.

Zailtasunei dagokienez, Larrinagak oinarrizko hiru ariketa aipatu ditu: aireratzea, lur hartzea eta hegan egitea. Baina gakoa baldintzak interpretatzea dela esan du. “Parte hartzaileen artean, baldintza berdinetan, alde handiak egon daitezke. Interpretatzeaz gain, harrapatzen ere jakin behar baita”.

Duela 30 urte hasi zen parapenteari gustua hartzen Larrinaga. Etenaldi baten ostean, orain dela hiruzpalau urte, berrekin zion. Han goian dagoenean, adrenalina puntu bat edota gainditze sentsazioa sumatzen direla deskribatu du. “Zaila da azaltzen, probatu egin behar da jakiteko zer den balentriarekin eta inguruak emandako baldintzekin lurretik 1.200 metrora egotea”. Dioenez, Bizkaian kirol honekiko zaletasuna nabarmen zabalduta dago. Horren erakusle, joan den asteburuan Orozkon 20-25 pertsona aritu zirela parapentean. Larrinagaren arabera, Orozko oso leku ona da hegan egiteko, “Bizkaiko onenetarikoa”. Barrualdeko teknikak egiteko dauzkan ezaugarriengatik eta meteorologia baldintzengatik azpimarratu du tokia. Hala ere, badaude gehiago: Sopela ingurua, adibidez, parapentelari askoren elkargune da.

PARAPENTE

Datozen bi egunetan Orozkon egingo den txapelketa ikustera azaldu nahi dutenentzat antolakuntzak garraiobidea egokitu du Orozkoko Arrola-San Marinara igotzeko. Bihar, 11:30ean jarri dute ordua. Baina, Larrinagak adierazi duenez, oinez ere joan daiteke “paseo polit eta erraz bat emanda”. Halaber, aurreratu dute txapelketa ikusteko “pazientzia handia” izan behar dela, lehiakideek bi eta bost ordu artean egiten baitituzte zeruan hegan. Betiere baldintza meteorologikoek uzten badute. Katalosa batzuk eroatea ere lagungarri izango da.