Elkartu, sendotu eta hedatzeko

Elkartu, sendotu eta hedatzeko

Maialen Arteaga

Hau ez delako gure oreka, Biribilketa“, dio Biribilketa Feministako kantak. Durangaldeko neska gazteen topagunea da Biribilketa, eta bi aldiz antolatu izan dute lehenago. Koronabirusaren pandemiak eta itxialdiak, ordea, bertan behera utzi zuen hirugarren edizioa, iaz. Aurten berhartu dute ohitura, eta domeka honetan izango da. “Inoizko Biribilketarik handiena” izango dela aurreikusi dute antolatzaileek; 80 neska gaztek baino gehiagok eman dute izena dagoeneko.

Durangon eta Zaldibarren egin dira aurrekoak; aurtengoak Iurretako plaza izango du etxe. 12:00etan hasiko da egitaraua, eta, ordutik hasita, hainbat tailer, hitzaldi eta kontzertu antolatu dituzte plazan bertan. Durangoko, Zornotzako, Iurretako, Abadiñoko, Zaldibarko eta Elorrioko hainbat neska gazte ibili dira egunaren antolakuntzan, baina eskualde osoko emakumeek eman dute izena. “Pandemian harreman guztiak eten egin dira, baina, batez ere, gazteon harremanak izan dira jomugan egon direnak. Biribilketak neska gazte bezala ditugun bizipenen inguruan hausnartzea ahalbidetzen digu”, dio Zornotzako Araia Atxutegik. Maitane Totorika iurretarra ere ados dago Atxutegirekin: “Eskualdeko neska gazteak elkartu, eta zeharkatzen gaituzten gaien inguruan modu kolektiboan hausnartzeko eguna da”.

Saretzearen garrantzia azpimarratzen dute Durangaldeko neska gazteek, baina zergatik saretu? “Saretzea beharrezkoa da, neskok bizi ditugun eguneroko gertaerek izaera kolektiboa dutela ulertzeko; zapalkuntza estrukturala denez, kolektiboan erantzun behar dugu”, argitu nahi izan du Elorrioko Nahia Buruagak. Zornotzako Suhaziak neska gazte taldeak abiatu zuen proposamena, eta martxoan egin zuten lehenengo asanblada irekia, modu telematikoan. Ordutik, Iurretako plazan ibili dira biltzen egunaren nondik norakoak zehazteko. Lodifobia, sare sozialetako biolentzia, desheteronormatibitatea, dekolonialitatea, neska gazte subjektuaren hausnarketa eta beste hainbat gai izango dituzte hizpide. Hainbat eragileren laguntzaz antolatu dituzte tailerrak: eskualdeko Bilgune Feministako taldeak, Lesbianen Sarea, Euskal Herriko Neska Gazte Taldea, Lemoako Torontile serigrafia proiektua, Iurretako Abadetxea espazio okupatua eta egunean bertan zuzenean arituko den Iurretako Laixiar irrati librea.

Sareak, borroka esparru

“Gai asko landu nahi genituen, baina, batez ere, neska gazte izateagatik hurbiletik bizi ditugun problematikak ekarri nahi genituen lehen lerrora”, azaldu du Totorikak. Buruagak adibide argi bat jarri du: “Sare sozialak, esaterako, gure errealitatearen parte dira, eta oso gutxitan izaten dugu sareetan erreproduzitzen diren zapalkuntzetaz hausnartzeko aukera. Gorputz normatiboen idealizazioa, ziberjazarpena, hizkera matxista, emakumezkoen gorputzen sexualizazioa…”. Pandemiak horiek guztiak areagotu dituela esan du: “Itxialdian harremanak izateko tresna nagusia izan dira sare sozialak; egia da eskuragarri daudela eta biderik errazena direla, baina beste alde ilun hori ere badute, eta hori berbalizatueta hausnartu behar da”.

Desikasiz, ikasi

“Desikasteko” eta “ikasteko” baliatu nahi dute Biribilketa. “Bizitzako momentu batean, adin jakin batera iristean, gure gorputzak errealitatearekin talka egiten du. Feminismoan murgiltzerakoan ulertzen duzu barneratuta daukazun errealitatea eraikia dela; generoa, orientazio sexuala… Normatibitate guztiak arrakalatu nahi ditugu”, esan Atxutegik. Buruaga ados dago kidearekin, oraindik egiteko asko dagoela adierazi du: “Gauza asko aldatu diren arren, oraindik gazteongan guztiz normatiboa da cisheterosexualitatea, eta espazio guztietan normatibitate hori erreproduzitzen da. Hausnarketa hori kolektibizatu nahi dugu”.

Eskualdeko argazki feminista orokor bat eginez, errealitate guztiz desberdina bizi dute Durangaldeko neskek. Iurretan, esaterako, ez dago neska gazte talderik, ez mugimendu feminista sendorik: “Lagun artean gai hauek tratatu izan ditugu noizbait, baina ez hain sakon, eta batzuetan behar dugu ingurutik kanpo beste herrietako nesken ikuspuntua entzutea”, kontatu du Totorikak. Etziko Biribilketa errealitate hori aldatzeko pizgarria izan daitekela uste du. “Iurretak mugimendu feminista behar du, eta, horretara bidean, bultzada handia emango dio inguruko herrietako ikuspuntuak plazaratzeak. Biribilketa mugarri indartsu bat da eskualdean, eta baliteke ostean Iurretan neska gazte talde bat sortzea”. Buruagak ere uste du herrietako borroka feministak aktibatzeko balioko duela.

Gozamena politizatu

Aisialdia ere guduzelai da hiru neska gazteentzat, eta zelai hori feminista bilakatu nahi dute. “Aisialdi feminista bermatzea eta aldarrikatzea oso garrantzitsua da. Badirudi osasunaren aitzakipean militantziak eta aisialdi politikoak ezabatu nahi dituztela, eta aisialdia ere borroka esparru bat da guretzat”, adierazi du Totorikak. Jaiak bai, borroka ere bai dio herri mugimenduetako lelo zahar batek. Pandemiak ekarri dituen oztopoen ostean, aisialdia aldarrikatu dute neskek: “Borroka bai, gozamena ere bai”.

Durangaldeko emakumez osatutako hiru musika talde ariko dira arratsaldea girotzen, eta horrelakoen faltaz mintzatu da Atxutegi. “Gazteok aspalditik dugu halako espazioen beharra; lehenengo momentutik garrantzitsua iruditu zitzaigun gozamena politizatzea: ondo pasatuz elkar saretu nahi dugu”. Ikusle kopurua eta segurtasun neurriak kontuan hartzeko izena emateko lotura publikatu dute. Instagrameko zenbait kontutan dago eskuragarri: @suhaziak, @biribilketa.feminista eta @ijorretakogazteasanblada kontuetan.