Bruselaraino eramango dute ELA gaixotasuna ikertzeko aldarria

Bruselaraino eramango dute ELA gaixotasuna ikertzeko aldarria

Peru Azpillaga Diez

“ELA gaixotasunak neurona motorra kaltetzen du, baina, horren gainetik, argi utzi nahi dugu neurona motorraren kalteak ez duela eragozten bizitzaz gozatzea eta erronka berriak lortzen jarraitzea”. Hala uste du Jaime Lafitak. Baieztapen horri jarraituz, 2016an ELA Alboko Esklerosi Amiotrofikoa diagnostikatu ziotenetik, gaixotasunaren bozgorailu izateko lanean murgilduta dabil. Oraingo honetan, Getxotik Bruselara joango da belaontziz eta bizikletaz, gaixotasuna ikertzeko diru gehiago eskatzeko. Lafitak 190 milia egingo ditu Getxotik Arroxelaraino (Frantzia), eta, ondoren, beste 900 kilometro tandem bizikletan Bruselaraino. Gaur bertan abiatuko du erronka eta, haren asmoa, Bruselara ekainaren 21ean iristea da, hain zuzen ere, ELA gaixotasunaren Munduko Egunean, Europako Parlamentuan ELAduen gaixoen ahotsa izateko.

Lafitak berak sortutako DalecandELA elkartearen bidez jarri du martxan BrusELA deituriko erronka. Abrako Itsas Klubetik (Getxo) abiatuko da espedizioa, eta bederatzi belaontzik osatuko dute. Getxoko Kirol Portutik Bizkaiko Zubira hurbildu, eta orduan abiatuko dira Arroxelara. Espedizioa, ordea, ez da bakarrik abiatuko. Izan ere, Galea lurmuturreraino belaontzi ugari joango dira haiekin.

Itsas zeharkaldiak bi egun inguru iraungo du, eta, baldintza klimatologikoen arabera aldatu daitekeen arren, domekan Arroxelako portura iristea aurreikusi dute. Ondoren, tandem bizikleta hartuta, bederatzi etapa egingo ditu Lafitak Bruselaraino. Azaldu duenez, helburu argi batekin gauzatuko du bidaia. ELAdun gaixoen ahotsa entzunarazteaz gain, “konpromiso handiagoa” eskatu nahi die Europako Batasuneko erakundeei, batez ere, gaur egun sendabiderik ez duen patologia horri konponbidea bilatzeko ikerketa zientifikoa bultzatu dezaten.

Horretarako, ekainaren 21ean, Europako Parlamentuaren plazan manifestu bat irakurriko du Lafitak. “Gure helburua ez da bakarrik parlamentuaren neurriko Europako topagune honetan ELArekiko babes eta konpromisoaren aldeko mezua helaraztea”, dio Lafitak; “egiteko modua ere nabarmendu nahi dugu. Motorraren laguntzarik ez duten lokomozio bitartekoak erabilita egingo dugu hamar eguneko bidaia “. Hala, espedizioan joango diren kideek ez dute motordun ibilgailurik erabiliko, “motorra kaltetuta egon arren, bizi eta gozatzeaz gain, balentria handiak lor daitezkeela frogatzeko”.

Bost garrasi

BrusELA erronka, ordea, ez da ekinbide isolatu bat izango. DalecandELA elkarteak, Dar Dar eta Saca la Lengua a la ELA —atera mingaina ELAri—elkarteekin batera martxan jarritako ELAren aurkako borrokaren bost garrasiak izeneko dinamikaren parte izango da. Gaixotasuna bistaratzeaz gain, ikerketarako dirua biltzeko asmoa du dinamikak.

Bost garrasiek kirol izaera dute. Pablo Olmos, Miguel Angel Roldan eta Lafitak berak pairatzen duten patologiaren bozgorailu izateko jaio diren nork bere burua gainditzeko erronkak dira: “Gaixotasunagatik mugitzeko gaitasunak oso mugatuak dituzten pertsonentzat itxuraz ezinezkoak diren erronken bitartez”.

BrusELA laugarrena izango da. Izan ere, lehendabizi, Olmosek Antartikan dagoen gailurrik garaiena igo zuen: Vinson mendia, Dar Dar ELAntartika deituriko espedizioaren bidez. Ondoren, Roldanek eta Lafitak, TeidELA izeneko erronkan Espainiako Estatuko mendirik garaiena igotzea lortu zuten: Teidera (3.718 metro).

Ondoren, Roldanek hirugarren garrasia jarri zuen martxan, eta UrriELA izeneko espedizioan, Naranjo de Bulnes edo Urriellu mendia (Asturias, Espainia) eskalatu zuen. Oraingoan, Lafita laugarren garrasia lortzeko prest abiatu da, tontorren ostean, Europako goi bileran bizitzeko eskubidearen aldeko garrasia zabaltzeko gogo biziarekin. Azkenik, azaldu dutenez, udazkenean dute bosgarren garrasiari ekiteko asmoa. Dar Dar Elama Dablam izeneko azken erronka horretan, Ala Dablam Himalaiako gailurra igotzen saiatuko dira.