“Batasun espazio bat behar genuen”

“Batasun espazio bat behar genuen”

Peru Azpillaga Diez

Gazteek dituzten erronkei konponbidea aurkitzeko eta borroka ezberdinetako konfluentziak ehuntzeko antolatu dituzte Bilboko Gazte Topaketak ekainaren 19rako. Bilboko Karmela espazio autogestionatuan izango diren egun osoko topaketen aurretik, ordea, hainbat hitzaldi antolatu dituzte egunotarako hiriburuko hainbat txokotan. Maialen Gago (Bilbo, 1996) Gu ere bagara Bilbo mugimenduko kidea buru-belarri dabil topaketen antolakuntzan. Gagok azaldu duenez, askotariko gaiak izango dituzte mintzagai datozen egunetan: gazte konpartsak, etxebizitza eskubidea, krisi ekologikoa, auzoak eta segurtasuna, esaterako.

Nondik dator Bilboko Gazte Topaketak antolatzeko premia?

2008ko krisia pairatzen jarraitzen dugun gazteak gara. Pandemiak aurretik jada bazetorren krisi bat baino ez du azaleratu. Badakigu datozen hilabeteetan egoera sozialak, oraindik ere, okerrera egingo duela, eta, horren aurrean, uste dugu ezinbestekoa dela batasunerako pedagogia bat garatzea eta elkarrekin jarduteko zoru komun minimo bat eraikitzea. Premia horri erantzuteko antolatu ditugu topaketak.

Zein izango da topaketen helburu nagusia?

Topaketak guretzat duela urte pare bat abiatutako bidean beste urrats bat izango dira. Badugu bide txukun bat egina: lorpen handiak izan ditugu hilabete hauetan, eta, beraz, ez ditugu topaketak helburu gisa ulertu nahi. Orain arte egindako jardunean emango dugun salto kualitatibo bat izatea espero dugu. Izan ere, gazte mugimenduaren zati bat baino ez gara oraindik ere, eta ez ditugu nahiko genituzkeen gazte guztiak ordezkatzen. Horregatik, prestatzen jarraitzea da gure asmoa, harremanak sakontzea eta mundua ikuspuntu kritiko batetik ikusten dugunon arteko harremanak sortzen jarraitzea, etorkizun duin baten alde borrokatzeko.

Zer gai landuko dituzue?

Aipatutako helburu horietara heltzeko, funtsezkotzat jo genuen, Bilboko lanketa bat egiteaz gain, auzoei eta bertako mugimenduei ere parte hartzeko aukera ematea. Orduan, topaketen antolakuntzan ari garenok auzo mailako edo ildokako bilerak ere egin ditugu. Hortaz, ekologismoa, etxebizitza edota prekaritatea gisako gai orokorrez gain, auzoetan dauden kezka eta hutsuneei lotutako gaiak ere jorratuko ditugu: hala nola gure hiriko erdigunearen eta periferiaren arteko talka edota segurtasunaren auzia.

Askotariko gaiak landuko dira.

Bai, baina jorratuko ditugun gai guztiek lotura bat izango dute. Uste dugu Bilbon kapitalismoak hiri eredu forma hartzen duela, eta, beraz, arlo hori lantzeak gauza zehatzetatik sistemari kontra egiteko aukera ematen digula. Horregatik, hiri eredua eta gazte batasuna izango dira topaketen bizkarrezurra.

Nolakoak izango dira Bilboko Gazte Topaketak?

Aniztasun hori bermatzeko, hitzaldi sorta bat antolatu dugu, ekainerako, topaketen egunera arte. Bilboko hainbat tokitan izango dira, egun bakoitzean landuko den gaiaren arabera. Ostera, egunean bertan, ordu berean izango diren hainbat solasalditara joateko aukera egongo da; goizez zein arratsaldez. Horrekin batera, bi mahai inguru zentral izango dira, topaketen gai nagusiei heltzeko asmoarekin. Azken horietan parte hartzea oso zabala izatea nahi dugu, bai hizlarien, bai bertaratuko direnen partetik.

Topaketak Gu ere bagara Bilbo mugimendutik antolatu dituzue. Noiz eta nola sortu zen mugimendu hori?

Iazko urtarrilaren 30eko greba orokorreko harremanetatik abiatuta, gazteengan eragiteko egitasmo batzuk sortu ziren, eta, horietatik tiraka, identifikatu genuen Bilbon halako mugarriak datozenean erantzuteko gai den gazte espazio baten falta dagoela, bai gazte mugimendutik bai herri mugimendutik sortzen diren mugarriei erantzuteko, zein Eurokopa edo makrojaialdiak gisako kanpotik datozen erronkei aurre egiteko. Horri buelta emateko, batasun espazio bat behar genuen, eguneroko lanaren bidez eraikitako askotariko gazteen arteko espazio ireki bat. Hortik jaio zen Gu ere bagara Bilbo. Helburua ez da, ordea, horren izenpean gauzak egitea, baizik eta harremanetarako sare iraunkor bat osatzea eta mantentzea.

Nortzuek osatzen dute Gu ere bagara Bilbo mugimendua?

Askotariko eragile eta norbanakoek. Batik bat, gure inguruan mota askotako zapalkuntzen aurka eta horiei buelta ematearen alde lan egiten duten gazte eragileetako kideek osatzen dute: lan eskubideetatik hasita, ekologismoraino; besteak beste, mugimendu arrazializatuetatik, gazte asanbladetatik edota feminismotik igarota.

Aurrera begira, zer erronka ditu mugimenduak?

Oraindik gehiago gaiztotuko den egoera sozial horretarako prestatuta egon behar garela uste dugu. Horregatik, lehen aipatu dudan zoro komun hori eraikitzea ezinbestekoa da guretzat, elkarrekin jardun militantea garatu ahal izateko minimo batzuk adostea. Topaketetan ikasitakoa gure eguneroko borroketan aplikatuta eta konfiantzazko batasun harremanen bidez, mugimendu izaera moduko bat garatzea espero dugu, luze gabe.