Asperdura

Jar gaitezen serio eta hitz egin dezagun ertzik gabeko moldeko ogiaz. Nork ez du Nocilla sandwich bat jaterakoan lehenengo ertza jan eta barrukoa amaierarako utzi? Nori gustatzen zaizkio moldeko ogiaren tapak? Azaldun moldeko ogia janez hazi garenon belaunaldikoa naiz ni. Batetik, moldeko ogia jateko aukera izan dugulako, eta, bestetik, ertzak inposatu zitzaizkigulako.

“Barrukoa desio baduzu, lehenengo kanpokoa jan beharko duzu”, esaten zigun txorizo panplona izerditsuz tindatutako sandwichak. Bilaketa azkarra egin dut; Wikipediak 2000. urtera eraman nau. Duela 21 urte merkaturatu zen lehenengoz azalik gabeko ogi samur hori, eta, harrezkero, erdiko samurtasunera heltzeko ez dago bazter lehorretatik pasatu beharrik. Baina bada tarteko alternatiba bat ere: azal samurrekoa; alegia, ez gogorregia ez guztiz biguna den ogia. Beraz, norberak aukera dezake zein erronka maila nahi duen.

Nik oraindik ere azal eta guzti erosten dut moldeko ogia. Motibo asko egon daitezke horren atzean, baina nagusia aspertzeari diodan beldurra dela uste dut. Ez dut bidean larregi sufritu nahi, baina ez dut errazegi iritsi nahi. Ez dut behar baino gehiago murtxikatu nahi, baina ez dut ohartu orduko irentsi nahi. Neurriko erronkek eta zailtasunek eragiten didaten ezinegon horiek mantentzen naute bizirik. Txanponaren beste aldean asperdura bizi da, eta nik beldur handia diot aspertzeari.

Asperdura da azalik gabeko moldeko ogia edota bera baino gazteagoen lana aitortzen ez dakien jendea. Aspertzen nau zer esaten ari den ere ez dakienaren berbajarioak eta gogaitzen nau administrazioaren burokraziak. Nekatu egiten nau goizero Bizkaibuseko gidariak jartzen duen Radio Popular entzuteak eta “egunones” esaten duen jendeak. Lo hartzeraino aspertzen naute edozein hizketaldi “hemen egin behar dena da…” esanez hasten diren pertsonek eta belkroa zikintzen zaienean itsasten ez duten sandaliek. Aspergarriak iruditzen zaizkit nire mugak agerian uzten dizkidaten matematikak eta kantatzen dutena ulertzeko aukerarik eskaintzen ez didaten kantak. Gogaituta nago postretzat laranja bat jaten duen jendea ikusteaz eta Gipuzkoako autopistako ordainlekuetako barreraren moteltasunaz.

Aspertzen ere ikasi egin behar dela esango didazue, baina neurritik gorako asperraldiek usteldu egiten naute ni. Astiro-astiro hiltzen zaituen pozoi ilun eta likatsua iruditzen zait asperdura. Mundua inoiz baino azkarrago ibiltzeak, hamar segundoko bideoak ikusteak edota edonorekin edonoiz hitz egiteko aukera izateak, ez gaitu asperduratik salbatu. Izan daiteke, dena azkartu den garaiotan, inoiz baino azkarrago aspertzea. Beharbada, ez nioke beldurrik izan behar errepikakortasunari, betikoari, egoteari, itxaroteari, dagoena onartzeari, aldaketa ezari… Aldaketei baino beldur handiagoa diot aldaketa ezari. Noberak hautatua bada aldaketa bera ere badelako konforta. Baina, azkenean, azaletik zein mamitik jaten hasita ere, ogia amaitu egiten da. Beraz, ekin, egon, murtxikatu, irentsi edo bota; eta, batez ere, bizi.