Aldundiaren eta udalen sarea sortu da berdintasunean aurrera egiteko

Aldundiaren eta udalen sarea sortu da berdintasunean aurrera egiteko

M. Arteaga

Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sarea datozeen hilabeteetan hasiko da martxan. Urrian egin asmo dute udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko lehenengo asanblada. Ekainaren 3an eman zuten sarearen nondik norakoen berri, Bilboko Euskalduna jauregian egindako jardunaldietan.

Bizkaiko herrien eta Aldundiaren arteko marko bat izango da sarea, eta, horien arteko “koordinazio gunea aktibatuz”, tokian tokiko politikak hobetzea du helburu, emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrera pausuak emateko. “Koordinatzeko, hitz egiteko, ikasteko eta haurnartzeko” gunea izango dela esan du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta informazio, aholkularitza eta laguntza zerbitzuak izango ditu. 2018an onartutako zen Bizkaian Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Araua, eta konpromiso horren ondorioz jaio da sarea. Erabaki batzuk hartu dituzte dagoeneko. Esaterako, 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrientzat diru laguntzak emango dituzte berdintasun planak sustatzeko. Azaroaren 25a eta Martxoak 8a antolatzeko aholkularitza eta laguntza eskainiko die udalei.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatuak azaldu zuenez, “ez da erraza izan” sarea eratzea, COVID-19aren pandemiak parte hartze kolektiboa oztopatu duelako. Bizkaiko 112 herriek bat egitea da asmoa.

Berdintasuna, ezinbesteko

Sarera batzeko falta diren herriei konpromisoa eskatu die Laespadak: “Berdintasuna ez da aukera bat, ez da eztabaidagarria, ezin diogu uko egin. Guztion ahalegin eta ekimena hartu behar dugu gizarte justuago bat lortzeko”. Herri denak batuz gero, gaitasunak biderkatu egiten direla azaldu du: “Hobetzeko gaitasun handiagoa izango dugu, eta askoz errentagarriagoak izango gara”.

Taldea errealitate eta nolakortasun ezberdinetako herriez osatuta dagoela azaldu dute, eta, ondorioz, aniztasuna kontuan hartu behar dela nabarmendu dute. Sarearen aurkezpen egunean, horren inguruan hausnartzeko mahaingurua egin zuten Elorrioko alkate Idoia Guruagak, Gordexolako alkate Angela Egiak eta Basauriko alkateorde Isabel Cadavalek. Hiru errealitate desberdinetako bizipenak partekatu zituzten. Pandemiak eragindako arrakalak ere izan mahaigaineratu zituzten: zaintza lanak, adinekoen egoitzetan bizi izandako egoera, soldata arrakala… Lokaletik berdintasunerako lanean jarraitzeko asmoa azaldu zuten hiru ordezkariek.

Hilabeteetako lana abiatzen

Sarearen lehenengo asanblada udazkenean izango da, baina auretik lan eta harreman bira handia egon dela azaldu zuen Patricia Campelo Berdintasua sustatzeko foru zuzendariak: “2018an onartu genuen foru araua; ordutik, materialak prestatzen, barne elkarrizketak egiten eta dekretuaren zirriborro prestatzen ibili gara”. Udalerriren batek sarean sartu nahi badu, hainbat puntu jarraitu behar ditu: “Eskaera bat aurkeztu beharko diote Aldundiaren Berdintasunerako organoari. Ondoren, konpromiso agiri bat sinatu beharko da, eta sarerako ordezkari politikoak izendatu beharko dituzte”, azaldu du Campelok. Irailera arte dago eskaera egiteko epea.