Zientziaz beteriko astea Bilbon

Zientziaz beteriko astea Bilbon

Peru Azpillaga Diez

Biologia sintetikoa, genetika, neurozientzia, biodibertsitatea… Herritarren eta herriarentzako zientzia erdigunean jartzeko, diziplina anitzez osatutako egitaraua ondu dute BBK Open Science jaialdiko antolatzaileek. “Zientzia gure etxean eta bizitzan sartu da; horregatik, uste dugu ezinbestekoa dela berau pertsona guztien eskura jartzea”, nabarmendu du Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak.

“Jakintza zientifikoa sustatu nahi dugu, uste baitugu ezinbestekoa dela gizarte hobe, justuago eta jasangarriago bat eraikitzeko”, erantsi du Sarasolak. Hori lortzeko jarri dute martxan Open Science jaialdia. Ekainaren 7tik 13ra bitartean egingo dute, eta izaera hibridoa izango du egitasmoak; hau da, ekintza guztietan aurrez aurre zein Internet bidez parte hartzeko aukera egongo da. “Diziplina askotako ekintzak egingo dira jaialdian. Bilboko BBK aretoan eta BBK Sasoikon izango dira gehienak, baina kaleko ekintza batzuk ere izango ditugu”. Horretaz gain, proiektu “berritzaileak” aurkeztuko dituzten nazioarteko hogei hizlari ere arituko direla jakinarazi du.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jaialdiaren helburua da era entretenigarrian eta jai giroan zientzia “zeinen interesgarria” den erakustea, mundua hobetzeko eskaintzen dituen aukerak ikusaraztearekin batera. “Edizio honen bitartez, herritarrek eta erakundeek zientzia eta teknologia aldaketa positibo bat lortzeko erabiltzea nahi dugu, gizarte justu, kontziente, abegikor, prestatu eta parte hartzaile bat erdiesteko”, esan du Ricardo Mutuberria Biook-eko zuzendariak. BBKrekin batera, Open Science jaialdia antolatzeaz arduratu da Mutuberria. Harro azaldu da mundu osoan “bakarra” den proposamen “anitza” osatzea lortu dutelako.

Mutuaberriak azaldu du hori lortzeko landuko dituzten gai guztien artean arazo globalak zein lokalak jorratuko dituztela: hala nola osasunaren, hezkuntzaren, mugikortasunaren, nekazaritzaren eta ingurumenaren alorretan. Egitarauari lotuta, gainera, eskaintza desberdina izango da aste barruan eta asteburuan.

Aste barruan, goizez, Bootcamp deituriko ikasle taldeentzako esperimentazio eta ezagutza esperientzia kontzentratuak izango dira nagusi, eta ondoren eskainiko diren dibulgazio zientifikoari lotutako saioekin lagunduta egongo dira. Arratsaldeko saioetan, berriz, hainbat alorretako egitasmo, proiektu, ideia eta jarduera “eraldatzaileak” aurkeztuko dira.

Asteburuarekin batera, ordea, jaialdiak bestelako itxura hartuko du. Barikuan, hiri zientzia izango da nagusi, Bilboko kaleetan egingo diren bi irteeraren bidez. Azkenik, zapatuan eta domekan, partaidetzako zientzia ikuskizunak izango dira eskaintza nagusia.

Zientziaren aldeko apustua

“Oso egoera konplikatuan antolatu dugu aurtengo jaialdia, baina, mundu berri bat eraikitzea ipar, egitarau zoragarri bat atontzea lortu dugu”, nabarmendu du Mutuberriak. Adierazi duenez, gaur egun gogor jotzen ari diren krisiek berehalako erantzunak behar dituzte, eta zientziak horiek lortzeko aukerak eta jakintzak ematen ditu.

“Osasun krisiari eta krisi klimatikoari aurre egiteko, beharrezkoa dugu zientzia, baina ez soilik profesionalena; herritarren parte hartzea ere behar-beharrezkoa dugu”. Horregatik, herritarrak prozesu zientifikoen “sorkuntzan” inplikatzearen garrantziaz ohartarazi du Biook-eko zuzendariak, eta gogorarazi du hain zuzen ere Open Science jaialdiak hori lortzeko helburua duela: “Herritarrak ahalduntzea da asmoa. Zientziaren bidez, dibertitzeaz gain, mundu berri bat eraikitzeko ekarpena egin daitekeela erakustea”.