Uztartze berri eta freskagarria

Uztartze berri eta freskagarria

Zihara Jainaga Larrinaga

Jatorri etimologikoak batzen ditu txakolina eta komikia. Hain zuzen, bineta hitza frantsesezko vignette hitzetik —vigne hitzaren txikigarria— dator, gaztelaniaz vin?a esan nahi duena; hots, mahastia. Hala, bi kontzeptuak batuz egitasmo berezi bat sortu dute: Txakomic. Hitzak iradoki gisara, txakolinaren eta komikiaren uztarketan oinarritzen da ekinbidea, eta txakolinaren tradizioa zabaltzea du helburu nagusia. Horrez gain, txakolina eta komikiaren arteko kultura badela azpimarratu nahi da, bereziki Bizkaiko txakolina goraipatuz. Hainbat atalez osatua dago Txakomic. Nagusia, gaur hasi eta datozen bi asteburuetan Bakioko Txakolingunea museoan eta Leioako Mendibile jauregian egingo diren jardunaldiak.

Txakolingunean sortutako ekinbidea da Txakomic. Joan den urtarriletik datorren ekainaren 27ra bitarte Komikia komiki bidezko erakusketa ibiltaria egongo da museoan, 1975etik gaur egunera arte Euskal Herriko komikigintzaren historia laburbiltzen duena, euskaraz zein gaztelaniaz. Hain zuzen ere, erakusketa hori izan da egitasmoaren abiapuntua. Aixa Gaztelu Txakolinguneko arduradunak adierazi duenez, erakusketa muntatzen ari zirela pentsatu zuten txakolina eta komikia elkartzea interesgarria izan zitekeela, “ardo dastaketek eta karikaturek bat egitea”. Hala, Kike Infame eta Mikel Begoña erakusketaren komisario eta komikigileei proposatu zieten elkarlanean aritzea, eta haiek arduratu dira Txakomic egitasmoa antolatzeaz. Halaber, proiektua Bakioko Txakolingunea museoaren, Leioako Mendibile jauregiaren, Bizkaiko Txakolinaren Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzailearen eta Uribe Jata Ondoko Landa Garapeneko Elkartearen arteko lankidetzaren fruitua izan da. “Aberasgarria izan da elkarlana; zerbait freskoa lortu nahi genuen”, adierazi du Gazteluk.

Balioa eman

Gaur egun, komikia lehen mailako artetzat hartzen da —bederatzigarren artea da—, baina ez da beti horrela izan. Antolatzaileek egitasmoaren aurkezpenean azaldu zutenez, komikiak oso komunikazio mota herrikoiak ziren, baina ez ziren kulturatzat jotzen. Txakolinarekin antzera gertatzen da: hasieran, ez zeukan halako baliorik, baina, pixkanaka-pixkanaka, dagokion tokia hartzen ari da. Hala, Infame eta Begoñaren ustez, bi mundu desberdinen arteko elkarrizketa bat egin dute, txakolingintzari zein komikigintzari balioa emateko. Erakunde antolatzaileen esanetan, kalitatezko jarduera kultural eta gastronomiko dibertigarriz betetako proiektu bat da Txakomic, tokiko produktuen kalitatean eta talde lanean egindakoa. Horrez gain, eskualdean turismoa sustatzeko oso baliagarria izango dela iritzi diote.

Hiru zatitan banatzen da Txakomic egitasmoa. Batetik, datozen bi asteburuetan Bakion eta Leioan egingo diren jardunaldiak daude. Hainbat ekintza egongo dira adin guztietarako: umeentzako tailerrak, bisita gidatuak, dastaketak, showcooking-a… Bestetik, zenbait argitalpen ere sortuko dituzte: bi hilean behin, komiki bat argitaratuko dute, Istorioak txakolinarekin tirada osatzeko. Modu batera edo bestera, txakolina izango da istorioetako protagonista. Guztira zazpi komiki sortuko dituzte. Lehena dagoeneko kalean da, Parraren itzalpean lanari Mikel Begoñak jarri dizkio hitzak, eta Higinia Garaik irudiak. Azkenik, komikiaren bitartez txakolinaren historia laburbilduko duen Txakolinaren historia izeneko liburua aterako dute, Bizkaiko txakolinak bere sorreratik gaur egun arte egindako ibilbidea jasotzeko. Datorren urte amaieran argitaratzea aurreikusten dute.

PARRAREN ITZALPEAN

Denetariko ekintzak

Jardunaldiei dagokienez, hainbat ekintza dago; batzuk besteak baino berritzaileagoak. Esaterako, Portavoces del bosque (Basoko bozeramaileak) deiturikoa izango da ekintza berezienetako bat. Bertan txakolinaren eta mahatsondoen unibertso akustikoan murgilduko dira parte hartzaileak, sustraietan androino batzuk jarrita, Danel Garairen gidaritzapean. Soinuak teknologia berriekin eta adimen artifizialarekin lotuko dira. Gaur arratsaldean egongo da ikuskizun horretaz gozatzeko lehen aukera Bakion. Bestetik, bihar eguerdian, toki berean Gyotaku grabatu sistema tradizional bat ezagutuko dute Rober Garairen eskutik. Paper inprimaketaren bidez, arrainaren arima modu grafikoan antzematean datza Gyotaku sistema. “Ekintza berritzaileak baina txakolinarekin lotura dutenak antolatu ditugu”, adierazi du Txakolinguneko arduradunak.

Horrez gain, datorren astean, Urbeltza eta Txakolin beltza jardueran, txakolin dastaketa baten erdian, sommelierrak azalpenak eman bitartean, Asisko Urmeneta ilustratzaileak, beste batzuen artean, zuzenean marraztuko du, txakolin beltza tindu modura erabiliz. Halaber, etxeko txikienentzat ere egongo da gozatzeko aukera jardunaldietan: Komikien tirak egiteko tailerrak eta beirateak margotzeko aukera izango dituzte, besteak beste.

Gazteluk gaineratu du ez dela izan behar txakolinean aditua Txakomic jardunaldietan parte hartzeko. Hala, aipatutako ekintzez gain, hainbat bisita gidatu antolatu dituzte txakolinaren museoan eta Komikia erakusketan aditu eta irudigileen eskutik. Ekintza guztien ostean, bestalde, txakolina dastatzeko tartea ere egongo da. Hala, egitarauan janaririk ez da faltako, sukaldaritza ikuskizunek eta dastaketek ere osatzen baitute programazioa.

Egitaraua bikoiztu egingo da bi asteburuz, eta Leioan zein Bakion egongo da ia esperientzia guztietan parte hartzeko aukera. Egitarau zabala antolatu dute. Gazteluk adierazi du egoera dela-eta edukiera murriztuta egongo dela, eta ekintza bakoitzean gehienez ere hogei pertsonak parte hartu ahal izango dutela; hortaz, Uribe.eu web orrialdean aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Ekintza guztietan parte hartzeko ordaindu egin beharko da.