Eva Perujuaniz: “Soldata txikiak dituzte emakumeak direlako”

Eva Perujuaniz: “Soldata txikiak dituzte emakumeak direlako”

I. Maruri Bilbao

Kontserba sektorea oso feminizatua dago: “Langileen %70 inguru” dira andreak. Enpresetako lanpostuak ere sexuka sailkatuta daudela esan du Eva Perujuaniz soziologo eta CCOO sindikatuko kideak (Iruñea, 1977). Bizkaia eta Gipuzkoako, Galiziako, eta Kantabriako eta Andaluziako (Espainia) kontserba fabriketako beharginen artean genero arrakala neurtzeko ikerketa bat egin du, eta Bilbon aurkeztu ditu emaitzak. “Ekoizpen lan guztiak —arraina moztu, garbitu, eraldatu, ontzietan sartu…— andreek egiten dituzte; mantenua, atezaintza eta ardura postuak, berriz, gizonezkoenak dira. Postu guztiak edo feminizatuak edo maskulinizatuak dira; ez dugu mistorik topatu”, azaldu du. Horrek, oro har, andreek gizonek baino %30 gutxiago kobratzea dakar, ez daudelako gehiago ordaindutako postuetan.

Zergatik dago sailkapen hori?

Ez da arrainen kontserba fabriketako kontua soilik; elikadura industria osoan gertatzen da. Sasoika lan egiten da, produktua dagoenean. Etxeko soldata nagusia ezin daiteke sasoika eskuratu. Beraz, kontserbetakoa senarraren soldataren gehigarri modura ikusi da beti. Andreek etxea eta kanpoko lana bateratu egin behar zituzten, eta haiek izan dira halako lan bat egin zezaketen bakarrak.

Gizartea aldatu ahala, hori ez da aldatzen hasi?

Inondik inora ere ez. Eta sektoreak aprobetxatu egiten du hori soldata txikiei eusteko: 850 euro gordin hileko, hamalau pagatan. EAEn eta Nafarroan dauden soldatekin alderatuta, oso txikiak dira. Baina baita elikadura industrian dauden beste soldata batzuekin alderatuz gero ere. Enpresak aprobetxatu egin dira, langileak emakumeak direlako. Elikadura sektoreak irabazi handiak izan ditu, 2008ko eta COVID-19aren krisialdietan. Salmentetan gorabehera handirik ez duen sektore bat da. Zergatik ez du islarik soldatetan? Langileak emakumeak direlako. Alderatuz gero metalgintzako edo autogintzako sektoreekin —automatizatuta daude, eta ez dira hain arriskutsuak—, soldatetan dagoen aldea beldurgarria da.

Baina gaur egungo langileentzat hori ez da etxera sartzen den bigarren soldata. Edo bai?

Kasu askotan, bai, langileen adinaren arabera. Sektoreko batez besteko adina altua da. Aurreko belaunaldietan oraindik ere pentsaera horri eusten zaio. Enpresa hauetan ekoizpen sasoiak daude, eta ezin zara urte osoan lanean egon. Zure soldata bada zure diru sarrera nagusia, ezin duzu sasoika lan egin. Sektore honetan hori gertatzen da, eta, horregatik, gaur egun ere, kontserba fabrikako soldata laguntza moduan ikusten dute; senarraren soldataren gehigarri modura, hain zuzen. Belaunaldi berriekin aldaketak egon dira ikuskera horretan, bai, baina hara: ikerketa egin dugunean, ohartu gara emakumeek euren laneko konpetentziak gutxiesten dituztela. Hori gertatzen da euren lana bigarren mailakotzat dutelako oraindik. Dena dago lotuta: kontserba fabrika, bigarren mailako lana, laneko konpetentzia gutxietsiak eta soldata txikiak.

Sindikatuen presentzia beste sektore batzuetan baino apalagoa da, ezta?

Beste industrietan baino apalagoa da, baina langileen legezko ordezkarien kopurua ez da hain txikia. Oso apala da sindikatuetan afiliatuta daudenen kopurua, hori bai. Langileen ordezkariak dira sektoreko arrakalari buelta emateko lan handiena egiten ari direnak azken urteotan.

Lanpostuk sexuaren arabera sailkatze horrek, soldata arrakala ez ezik, bestelako batzuk ere eragingo ditu, ezta? Adibidez, emakumeek egiten dituztela esan dituzun lanak gizonezkoenak baino arriskutsuagoak dira.

Zalantzarik gabe. Lanpostuak baloratzeko erabili dugun metodologiako parametroak [Espainiako] estatuan eta Europan homologatuta daude. Ratio batean baino ez gara gailendu beste sektoreekiko: nekagarritasunean. Neurtu ditugu zarata, hezetasuna, hotza, gorputzaren jarrera desegokiak eta kiratsa. Langileen erdiak baino gehiago bost elementu horien eraginpean daude lanorduen %40 eta %100 artean. Gehienek esaten ziguten egun osoa egoera horretan zeudela. Nortzuk dira? Produkzio katean daudenak. Arduraduna irten daiteke leku hartatik, baina katean lan egiten duen langilea, ez. Eta hara: nekagarritasun plusetan gehien kobratzen dutenak ez dira katean lan egiten dauden emakumeak, produkzio katean denbora gutxien egoten direnak baizik; bereziki, lanpostu maskulinizatua dutenak. Nortzuk gutxien? Produkzio kateko emakumeak.

Beste sariren baten kasuan ere gertatzen da halakorik?

Produktibitate plusaren kasuan, esaterako. Gehiago kobratzen dute produkzio katean lan egiten ez dutenek. Lotsagarria da, logikaren aurkakoa erabat.

Hain muturreko arrakalak beste sektoreren batean ere gertatzen dira edo hau da kasu bakarra?

Elikadura industria osoan gertatzen da hori, ez bakarrik arrain kontserben sektorean. Ortuarien eta frutak kontserban jartzen lan egiten dutenen kasua ere antzekoa da.

Egoera hau aldatzeko zer egin daitekeela uste duzu?

Ezinbestekoa da sektore honetan balorazio sistema neutroak erabiltzea: enpresek eurek egin beharko lituzkete, gero lanen mailaketa eta lan itunak horiek kontutan hartuta egiteko. CCOOtik, adibidez, merkaturatzean semaforo sistema bat sortzea dugu buruan, kontsumitzaileak jakiteko erosten duen produktu horren atzean zer lan baldintza dauden. Izan ere, produktu horietako asko lurralde hauetako elikaduraren kalitatearen ikur dira, baina, aldi berean, hara zer ezkutatzen duten atzean. Jakin egin behar da.