Psikopata moderatua

Ospitale psikiatrikora joaten naiz maiz ehizara. Askotan aurkitzen dut gaixoen artean pertsonaiaren bat. Aste honetako harrapakina, hala ere, psikiatra bat da. Mediku honek gizarte globalizatuan sortu den gaitz psikiko berri bat aurkitu eta diagnostikatzeaz gain, berau sendatzeko terapia asmatu du.

Gaitzari berak ipini dio izena —Kalkutako Teresaren Sindromea—, sarkasmo dosi handi batekin, eta zertan datzan azaldu dit: munduan beti gertatu dira nahigabeak eta dramak, baina, orain, drama horien irudiak gure etxeetan sartzen dira, ia denbora errealean; irudi latzak, astingarriak. Gehienok emozio eraso horiek neutralizatzen dakigu; gure burmuinaren defentsa sistemak eraso horien kontrako antigorputzak sortzen ditu. Baina pertsona batzuek erantzun immunitarioa galtzen dute. Gehiegizko esposizioaren eraginak probokatzen omen du defentsen suntsitzea, alergiekin gertatzen den moduan. Eta, alergiarekin bezala, gero eta gehiago dira sindrome berri hau pairatzen dutenak.

Pertsona hauek, esaterako, Turkiako hondartzan buruz behera hilik datzan Aylan umearen edo Sierra Leonako kaleetan ebolak jota dauden gaixoen irudiak ikusi eta hondoa jotzen dute. Ezin eramanezko mina, amorrua eta tristura sentitzen dute.

“Beti egon dira sentiberatasun berezia duten pertsonak”, azaldu dit psikiatrak. Duela gutxi arte bizimodu normala eraman zezaketen. Baina gaur egungo irudien tsunamiak agerian utzi du pertsona hauen ahulezia emozionala. Besteok dugun koraza falta zaie. Gaitz berri baten aurrean gaude, eta modu esponentzialean ugaltzen ari da Lehen Munduan.

Sindromea identifikatu arte, gaixoei soilik tratamendu farmakologikoa eskaintzen zitzaien, depresio arrunta bailitzan. Serotoninaren birjasotzearen ohiko inhibidore selektiboak errezetatzen zitzaizkien. Gure psikiatra hau, aldiz, terapia konduktibista bat hasi zen praktikan jartzen. Prozedura honen fase esperimentala bukatu da, emaitza kliniko harrigarriak lortuz. Ondorioak Journal of Psychiatry and Mental Health aldizkari ospetsuan argitaratu dira.

Terapia neure begiekin ikusteko aukera eskaini dit. Hasiberrien gelan sartu naiz. Irudi txundigarriak agertzen dira pantaila erraldoi batean: patera batean gosez eta egarriz hildako migratzaileak, Gazako etxe baten hondakinetan hilda dauden gurasoei negar egiten dien umea… Irudiokin tartekatuz, bestelako irudiak; gozoak, alaiak, koloretsuak, musika lasaiak lagundutakoak. Irudi lazgarriak emozionalki normalizatzea da helburua. Baina sendakuntza urrun dago oraindik. Ikustekoa da gaixoon sufrimendu psikikoa. Haien lantuak bihotza urratuko lidake, nire defentsa sistemak antigorputzak sortuko ez balitu.

Terapiaren azken fasean daudenen gelan sartu naiz ondoren. Pantailan irudi lazgarri berberak. Gaixoen jarrera, aldiz, beste muturrekoa. Haien artean ari dira solasean eta festa giroan. Catering zerbitzu batek edariak eta pintxoak banatzen ditu. Pantailari ia ez diote jaramonik egiten; begiratzekotan, azkar eta erraz apartatzen dituzte begiak pantailatik, solasean eta barre algaraka jarraitzeko. Sendatuta daude.

“Beti ulertu dugu psikopatia gaitz bezala. Orain konturatu gara mundu globalizatuan bizirauteko, nahitaezkoa dugula psikopata izatea, neurri batean, hurkoarekiko enpatia modu egokian neurtu ahal izateko”, esan dit. Une batez, tipoa jota labanaz hiltzeko gogoa sentitu dut. Bere zorionerako, nire psikopatia txikia da, neurrikoa, mundu globalizatuan bizirauteko adinakoa. Ez daki zer gutxigatik libratu den.