“Premiazkoa dena artatzen ari dira; onkologikoa ere bai”

“Premiazkoa dena artatzen ari dira; onkologikoa ere bai”

Natalia Salazar Orbe

Cosme Naveda (Bilbo, 1954) Bizkaiko Medikuen Elkargoko presidente hautatu dute, berriz. 2001az geroztik dago karguan. Gustura agertu da izendapenarekin. “Une zailotan” berak eta zuzendaritza taldeak “hor egon” behar zutela uste du.

Pandemiak aldatu egin al ditu elkargoaren erronkak?

Ez, elkargoaren helburu nagusiak betikoak dira: lanbidearen defentsa eta sustapena; medikuen trebakuntza etengabea; politika sanitarioak egiteko orduan administrazioarekin kolaboratzea, uzten digutenean, eta gizartearentzako osasun heziketa egitea. Horrez gain, garrantzitsua da garai honetan gauzen irizpide klinikoa eta zientifikoa argi mantentzea. Azkenik, pandemiak sortu dituen arazoak konpontzen saiatzen ibili behar izan dugu.

Diagnosi asko telefonoz egiten ari dira aspaldion, eta badirudi koronabirusa ez diren gaixotasunek garrantzia galdu dutela. Medikuen elkargoaren misioa praktika profesional ona bermatzea ere bada. Era horretara, bermatzen al da?

Pandemia hasi zenean eta hurrengo hilabeteetan, bazirudien COVID-19a zela zegoen gaitz bakarra. Horretan erabat zentratuta geunden, eta gainerako guztia pixka bat alboratuta uzten genuen. Hori aldatu egin da. COVID-19ak ez ditu kendu gainerako gaixotasunak, baina, jende pilaketak saiheste aldera, telefono bidezko diagnosia egiten da sarri. Egia da horrek arriskua duela. Agian, sintoma batzuei garrantzia ken dakiekeela batzuetan? Baliteke. Sintoma garrantzitsuak ez badira, telefono bidezko iragazkia egokia da, baina iragazki moduan erabili behar da bakarrik: ez da hesi bat egin behar. Ez daukagu daturik, baina, mediku moduan entzun dudanaren arabera, zentro batzuek besteek baino neurri murriztaile gehiago dituzte. Nik Berangon egiten dut lan; telefono bidezko kontsulta asko egiten dugu, baina aurrez aurreko hitzorduak ematen ari gara, beharrezkoa denean.

Kezkatzen al zaituzte gaixotasun larriagoen probak eta diagnosiak atzeratzeak?

Intzidentzia handiak daudenean, atzeratu egiten dira proba osagarriak edota premiazkoak ez diren kirurgiak, baina lehentasunezkoak diren gauzak egin egiten dira, bai lehen arretan, bai ospitaleetan. Beste kontu bat da ZIUetako okupazioa handia denean. Halakoetan, erabaki da premiazkoak ez diren ebakuntzak ez egitea, kirurgien ostean sarri ZIUak edo suspertze unitateak erabili behar izaten direlako. Zentzuzkoa da premiazkoa ez dena geldiaraztea. Premiazkoa dena artatzen ari dira; onkologikoa ere bai.

Mendexan eta Amoroton, orain arte zuten lehen arretako zerbitzurik gabe geratu dira. Zer-nola eragin diezaieke aldaketa horrek herriotako eta inguruetako erabiltzaileei eta profesionalei?

Ez dakit zer egoera duten zentro horietan. Ez nuen horren berri. Hala ere, osasun zentroak eta profesionalak kentzea, printzipioz, negatibotzat jo behar da. Dena den, aztertu egin beharko da baliabideen eraginkortasuna.

Deustuko etengabeko arreta guneko (EAG) gaueko zerbitzua itxi egin dute. Bilbon zabalik zegoen bakarra zen. Pazienteek Basurtura jo behar dute orain. Langileek murrizketak salatu dituzte. Zer azterketa egiten duzue?

Ez da logikoa zentro bat ixtea, erabilera txikia izan arren. Batez ere, esaten ari garenean ez joateko ospitaleetako larrialdi zerbitzuetara intentsitate txiki edo erdiko arrazoiengatik; etengabeko arreta guneetara joateko eskatzen dugu, baina, itxi egiten badituzte, ospitaleetako larrialdietara joatea beste aukerarik ez dago. Kontraesan handia deritzogu. Gure ustez, ospitaleetako larrialdi zerbitzuaren egitekoa larrialdiak artatzea da, ez beste leku batzuetan arta daitezkeenak hartzea. Ospitaleetako larrialdi zerbitzuak ez dira saturatu behar.

Beraz, murrizketak antzematen ari zarete?

Itxi egin dute. Hori murrizketa bat da, edo optimizazioa, ikuspegiaren arabera. Baina uste dut ospitalea ez dela gehiegi kargatu behar etengabeko arreta guneen kaltetan. Egia da larrialdiak gaizki erabiltzen direla; herritarrek joateko joera dute. Baina Deustuko EAG ixteak eta halako neurriek joera horiek bultzatzen dituzte.

Medikuntzako profesionalek zer-nola bizi duzue irizpide medikoen gainetik erabaki politiko eta judizialak hartzea? Besteak beste, tabernak irekitzeko baimena eman zuen epaile batek, intzidentzia tasa gorabehera.

Guk beti defendatuko dugu zientifikoki eta akademikoki frogatuta dagoena egin behar dela. Tabernak irekitzeko sententzia polemikoari dagokionez, guk defendatu behar dugu zenbat eta jende gehiago elkartu okerragoa dela. Tabernetan elkartu eta elkarren ondora gerturatzen gara, eta maskara jaisten dugu. Sententziari ez genion iritzi egoki, termino juridikoetan sartu gabe. Osasun arloari erreparatuta, ezin dugu ulertu.

Eta AstraZenecaren bigarren dosiaren ordez Pfizerrena emateari dagokionez?

Sendagaien Europako Agentzia, elkarte zientifikoak eta profesionalok esaten ari gara bigarren dosia txerto berarekin emateko. Zein da arazoa? AstraZenecak ez duenez bete adostutako dosi kopurua emateko konpromisoa, azkenean osasun administrazioak ikusi du ezin dela bermatu AstraZenecaren bigarren dosia izango duela. Laborategiak beharrezko kopuruak bermatzen ez baditu, populazioaren zati handi bat dosi bakarrarekin uztea ez da idealena, noski. Orduan, beste txertoa ematea erabaki dute. Ikuspegi estrategiko, politiko eta sanitariotik interesgarria izan daiteke, baina guri ez eskatu oniritzia emateko. Dena den, herritarrei ezin diezue esan eurek aukeratzeko. Ez dute zertan izan beharrezkoa den irizpiderik. Irizpide hori daukagunok eta osasun administrazioak esan behar dute zer txerto hartu behar den.