Osakidetzako “murrizketak” salatu dituzte

Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak elkarretaratzea egin zuen Gurutzetako ospitalearen aurrean joan den ostiralean. Gorputz biluziak irudikatzen zituzten soinekoak jantzita, salatu zuten “biluzik” sentitzen direla “Osakidetzaren arretarik ezaren aurrean”. Osasungintzan murrizketa sozialik ez egiteko aldarrikatu dute.

Besteak beste, salatu dute arreta psikologikoan antzeman dituztela murrizketok. Arreta behar hori duten emakumeak Osakidetzak eurengana bideratzen dituela azaldu dute. Horrez gain, ohartarazi dute azterketa ginekologikoak ere atzeratzen ari direla, “COVID-19aren aitzakiapean”. Bularreko edo umetoki lepoko minbiziak prebenitzeko azterketak aipatu dituzte, besteak beste.