Mikel Begoña: “Egileentzat sorkuntzarako aukera bat da Txakomic egitasmoa”

Mikel Begoña: “Egileentzat sorkuntzarako aukera bat da Txakomic egitasmoa”

Z. Jainaga Larrinaga

Kike Infame ilustratzailearekin batera, Bakioko Txakolingunean ikusgai dagoen Komikia erakusketaren komisarioa da Mikel Begoña (Sopela, 1964). Aldi berean, Txakomic egitasmoaren koordinazio lanetan ere aritu dira. Horrez gain, Begoñak egitasmo bereko Istorioak txakolinarekin komiki bildumako lehen istorioan gidoilari lanak egin ditu, eta Higinia Garai arduratu da irudiez. Azaldu duenez, luzera begira, proiektuaren helburua txakolinaren historia laburbilduko duen lan bat osatzea da.

Parraren itzalpean du izenburua txakolina eta komikia uztartu dituen lehen istorioak.

Lehenengo istorioak mahastiek pasaiaren zein sentimenduen aldetik duten garrantzia azpimarratzen du. Iraganetik datorren historia luzea dauka txakolinak, mahastiak betidanik egon dira hemen, baina azken hamarkadetan jauzi ikaragarria eman du, mundu mailan lehen lerroan jarri den ardo bat egitea lortu dute bertako txakolingileek. Produktu on bat ateratzeko hainbat jenderen lana dago atzean, eta hori da komikiaren bitartez transmititu nahiko genukeena.

Nolatan antolatu duzue euskal komikiari buruzko erakusketa bat txakolinari buruzko museo batean?

Komikia erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiaren erakusketa aretoan egon zen duela lau urte, eta euskal komikigintzaren historia laburbiltzen du 1975. urtetik gaur arte, euskaraz zein gaztelaniaz. Komikiak balio artistikoak izateaz gain, gauzak azaltzeko balio du, eta txakolinaren mundutik ere aprobetxatu daiteke komikiaren balioa. Lengoaia bat da. Halaber, badago aurrekari bat Gipuzkoan Getariako txakolinarekin. Are gehiago, Frantzian komikiak zein ardoak garrantzi handia dute, eta tarteka egin dira antzeko ekintzak.

Zer azpimarratuko zenuke euskal komikigintzaren historian?

Euskal komikigintzaren historia luzea izan da; XIX.mendearen bukaeran sortu zen, Bitoriano Iraola izan zen aitzindaria, eta gaur arte eutsi dio bizirik. Espainiako [1936ko] gerraren garaian etenaldi bat izan zen, baina, 1970. hamarkadatik aurrera, sorkuntzak indar handia hartu zuen, eta gero etorri zen urrezko aroa. Hasieran, helduentzako produktua zen, baina azken urteotan gazte eta umeentzat gero eta aukera gehiago daude.

Zein helburu dituzue Txakomic jardunaldietan?

Egileentzat sorkuntzarako aukera bat da Txakomic; Euskal Herrian ez dago benetako merkaturik, ez da egon eskola bat, eta bakoitzak bere estilora jo du. Sortzaile gehienek kanpora begiratu behar dute. Txakomicen bitartez, hemen daukagun aberastasuna erakutsiko dugu, handia baita. Halaber, komikiari eta txakolinari daukaten balioa emateko aukera da Txakomic.