Bilboko metropoliari egungo neurrian eutsiko zaio 20 urtez

Bilboko metropoliari egungo neurrian eutsiko zaio 20 urtez

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundia Bilboko metropoliaren lurralde plan partzial berria idazten ari da. Laster onartuko du gobernu kontseiluak; ondoren, plana aurkeztu eta alegazioak egiteko epea irekiko da. Plan horrek definituko du metropolian zer egingo den eta zer ezingo den egin datozen hogei urteetan hirigintzaren, ekonomiaren eta azpiegituren alorretan. Planak 900.000 bizkaitarri eragingo die.

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak haren oinarriak aurreratu dizkie metropoliko 35 alkateei. Izan ere, udalen jardunean nabarmen eragingo du, diputatuak argi esan dien moduan: “Aurrekoa, metropolia hainbat esparrutan hedatzeko plana zen; hurrengoa, metropoliari egungo neurrian eustekoa izango da”. Dokumentuak metropolia lau ardatzetan banatzen du: Bilboko itsasadarra, Txorierriko berrikuntza ardatza, Meatzaldea eta Basauri-Galdakao ardatza. Horietan oinarrituko dira jarduerak.

Pradalesen arabera, azken hamabost urteetan metropoliaren sozioekonomia “nabarmen” aldatu da, baita araudia ere. Horregatik, lurralde plangintzan “ezinbesteko aldaketa” egin behar da. Haren ustez, bizitzeko guneen dentsitatea moldatu behar da. Ohartarazi du urbanizagarriak ez diren lurzoruak erabiltzea eragotzi behar dela, eta dagoeneko baliatzen direnen erabilera optimoagoa egin. Hiriguneen perimetroa zehaztuko dela ere aipatu du. Kutsatuta dauden edo dagoeneko erabiltzen ez diren lursail industrialak lehengoratzearen eta berreskuratzearen alde agertu da.

Eraikita dagoen garraio publikoko sarearen efizientzia hobetzeko premiaz ere egin du berba. Oinezkoak eta bizikletan dabiltzanak lehenetsiko direla iragarri du. Era berean, itsasadarra hirietako paisaian txertatu behar dela esan du, batetik bestera joateko tresna garrantzitsua izan daitekeela. Jaso diren bi aukeretako bat da joan-etorriak itsasontzian egitea. Barakaldo, Erandio eta Portugaleteko egungo geralekuez gain, beste batzuk jasotzen ditu: Bilboko Itsasmuseumeko kaian, Portugaleten, Getxon eta Santurtzin.

Bigarrena, tranbia da, edo autobus elektriko adimenduna —aukera biak jaso dira—. Hasteko, aurreikusitakoa beteko da: Olabeagatik Zorrotzaurrera joango da, eta, uhartea zeharkatuta, Zorrotzara; horretarako, zubi bi egiteko proiektua dute. Plan berriak ondoren Barakaldorantz jarraitzea aurreikusten du, eta, itsasadarraren ertzetik Sestaoraino joatea, Galindoko zubitik. Gainera, beste adar batek Barakaldo osoa inguratuko luke: BECetik eta Megaparketik igarota, Lasesarren itzuliko litzateke itsasadarrera. Beste berritasun bat: itsasadarra zeharkatuta, Sestaotik Erandiora igarotzea ere proposatu dute, eta handik EHUren Leioako campusera joatea, aspaldi pentsatu bezala. Itsasadarrean, Getxo eta Portugalete artean, egin nahi duten tuneletik ere igaroko da.

Plana “jasangarritasunean” oinarrituko dela ohartarazi du diputatuak. Ingurumena zaintzeko neurriak ere jasoko ditu plan berriak. Udalei aginduko die kontuan har ditzatela klima aldaketak euren udalerriko plangintzetan izango dituen ondorioak.

Helburu berriak

Pradalesek azaldu duenez, Bilboko metropolirako azken plana 2006an onartu zen, eta dokumentu hura idatzi zuteneko egoera oso bestelakoa zen gaur egungoarekin alderatuz. “Metropoliaren eremua eta ekonomia sarea berrasmatu, jarduera berriak hartzeko hiriguneak leheneratu, eta hori ahalbidetuko zuten azpiegitura guztiak garatu behar genituen orduan. Eraldaketa hori lortzeko, planak askotariko jarduerak proposatzen zituen, neurri handi batean azpiegitura berriak sustatzera bideratutakoak”.

2006an proiektatutako azpiegituren eta jarduketen adibideak ipini ditu: Getxoko kanpoko portua eta gurutzaontzien kaia handitzea; Zorrotzaurreko (Bilbo), Abandoibarrako (Bilbo) eta Urban-Galindoko (Barakaldo) planak gauzatzea; Txorierriko eta Ezkerralde-Meatzaldeko parke teknologikoak sustatzea; Bilboko metroaren 2. eta 3. lineak bukatzea, eta Bilbo hegoaldeko saihesbidea egitea. Azpimarratu duenez, proiektu horien guztien zatirik handiena ia osatuta dago; diputatuak esan du inguru horretako azpiegitura ekonomikoak eta garraio azpiegiturak “oso onak” direla egun.