Urdinak zilarrezko dira orain

Urdinak zilarrezko dira orain

Ibai Maruri Bilbao

Joan den apiril historikoa gorriz markatuta egon da Bizkaiko kirolzaleen egutegietan, Athleticek Espainiako Kopa bat edo bi etxeratuko zituen itxaropenez. Baina, azkenean, maiatza izan da pozik handienak eman dituen hilabetea. Izan ere, handiagoen artean txikiena izan den arren, isil-isilik sekulakoa lortu du Zornotzako Amorebieta futbol taldeak: mendeurrena ospatzear —2025ean izango da—, lehenengoz Espainiako Bigarren A Mailara igo da, joan den asteburuan Badajozi 0-1 irabazita. Badajoz zen, gainera, igotzeko hautagai nagusia. Bigarren zatiko 21. minutuan sartu zuten garaipenaren gola: Iker Bilbaok. Hortik aurrera, etxeko taldeari berdinketa eragoztea izan zen zornotzarren egitekoa, eta ederto bete zuten.

Ehunka zornotzar joan ziren Badajozko Nuevo Vivero zelaira (Extremadura, Espainia), euren taldeko jokalariak animatzera. Eta domekan ere ez ziren gutxi izan zilarrezko ligara sartu diren jokalari urdinei herrian ongi etorria egin zietenak. Lorpena ospatzeko bibotea uztea erabaki dute: urdinak, zilarrezkoak eta bibotedunak dira orain.

“Sinestezina da lortu duguna” esan du Iñigo Velez entrenatzaileak: “Kordoba, Deportivo, Racing Santander…; talde itzelak utzi ditugu atzean”. Zornotzarrek Sporting Gijon, Malaga, Girona eta Tenerife izango ditu datorren denboraldiko aurkarietako batzuk; guztiak noiz edo noiz Lehen Mailan ibilitakoak. Zazpi urtez gorenean egon ondoren, jaitsi berri den Eibar ere aurkari izango dute. Ez da lorpen makala Amorebietarena, taldea duela hiru urte desagertzeko zorian egon zela gogoratuz gero: 460.000 euroko zorrak itota zuen. Jon Larrea iritsi zen orduan klubeko presidentetzara, eta haren zuzendaritzak hartutako neurri ekonomikoekin eta jokalarien etengabeko lanarekin, suspertu ez ezik, denak zur eta lur utzi dituen lorpena eskuratu dute: futbol profesionalaren elitera sartu dira.

Urteotan lehiakide izan dituzten taldeen artean, Amorebieta izan da izan da jokalariek gehienez 1.500 euroko soldata jaso duten talde bakarra: jokatzeaz gain, lan edo ikasi ere egiten dute guztiek. “Orain ez gara zoratuko”, esan du Larreak. Azken urteetako neurri ekonomikoei eusteko premiaz ohartarazi du. “Futbola geroz eta bideratuago dago horrelako klubak ez igotzeko, eta dirua dutenak igotzeko. Oraindik halako igoerak gertatzeak egiten du futbola berezi”, esan du Mikel Bilbao jokalariak.

Bigarren A Mailako klubek, gutxienez, 5,5 milioi euroko diru sarrera izaten dute telebista eskubideengatik. Horrek lagunduko die zorrari aurre egiten. Baina gastuak ez dira edozelangoak izango. Erronka berrietarako taldea ondu beharko dute. Larreak adierazi du jokalarien gehiengoari eutsi egingo diotela: “Aldaketak egongo dira, urtero bezala, baina taldearen muinak jarraituko du; haien lorpena da”. Entrenatzaileak ere jarrai dezala nahi du.

Zelai baten bila

Orain kezkarik handiena futbol zelaian dago. Urritxe da Amorebietaren betiko zelaia. 1.300 ikuslerentzako lekua du. Espainiako Futbol Federazioak, berriz, gutxienez, 6.000 ikusle sar daitezkeen zelaiak nahi ditu. Non jokatuko du, bada, Amorebietak datorren denboraldian? Egunotan federazioko kideekin elkartzekoak direla esan du Larreak, ea konponbide bat topatu bitartean Urritxen jokatzeko baimena ematen dieten behin-behinean. Zornotzako Udalarekin ere batuko dira, zelai berri bat egiteko aukerarik legokeen aztertzeko. Bien bitartean, beste aukeraren batzuk aztertu beharko dituzte: Sestaoko Las Llanas, Barakaldoko Lasesarre… Joko luketen lehen atea Athleticena izango litzateke.

Herriko ostalari eta dendariek Amorebietak Zornotzan jokatzea gura dute, horrek kanpoko zale asko etortzea ekarriko lukeelako. Zornotzan ez bada, herrialdeko beste zelai batean izango da. Ainara Basurko Garapen Ekonomikorako diputatuak uste du Bizkaiari, oro har, ikusgaitasuna emango diola lorpenak: “Asteburuetako bisitariek nabarmen gora egitea ekarriko du”.

Athletic B-k ez du igotzea lortu

Zornotzako Amorebieta ez ezik, Bilbo Athletic Athleticen bigarren taldea ere Espainiako Bigarren A Mailara igotzeko lehian egon da. Domekan jokatu zuen partida Burgosen (Gaztela eta Leon, Espainia). Denboraldi ona egin duten arren, ez zuten etxeko taldeari irabaztea lortu: hutsean iritsi ziren luzapenera, eta orduan sartu zien gola Burgosek.