Independentziarako bidelagun

Independentziarako bidelagun

Ibai Maruri Bilbao

Gaur ondo zaude, baina bihar ez dakizu nola egongo zaren. Niri duela hiru urte gaixotasun degeneratibo bat diagnostikatu zidaten, eta bizitza aldatu zait. Orain elbarria naiz, eta laguntza behar dut eguneroko bizitzako gauzetarako. Eman didaten aukera bakarra laguntza instituzionalizatu eta asistentzialista da. Baina nik bizitza independente autogestionatua nahi dut”. Hala kontatu du Yolanda Garagorrik. Fekoor Bizkaiko elbarrien eta ezinduen elkarteen federazioko kidea da, eta federazioak martxan ipini berri duen Bizinde zerbitzuaren kudeatzaileetako bat ere bada. Bizinderen helburu nagusia da elbarriei eta ezinduei bizitza independente autogestionatu hori lortzen laguntzea.

Garagorriren esanetan, Fekoorren azken bost urteetan egin dituzten Living Lab izeneko ikerketa eta berrikuntza taldeetan egindako lanaren emaitza da Bizinde. Bileretan elkartzen zirenean, ohartzen ziren tresnak, baliabideak eta babesa falta zirela. “Orain arte bizitza independentearen aldeko hautua egin dugunok, itsu-itsuan eman ditugu pausoak, ahal izan dugun moduan. Gizartean edonor independizatzen denean, gauza bera gertatzen da, bai. Baina elbarrien kolektiboa gainbabestuta dago, eta horrek zaildu egiten du babesgune horretatik irtetea eta norbere erabakiak hartzea”, azaldu du.

Etxe propioaren nahia

Zerbitzuan kudeatzaile lanetan dabiltzan elbarri eta ezinduek Ana Elorz Fekoorreko teknikaria dute lankide. “Pertsona batzuk zerbitzu instituzionalizatuetan bizi dira, apartamentuetan, baina komunitatean. Euren etxe propioan bizi nahi dute”, dio Elorzek. “Badira familiarekin bizi eta emantzipazioarekin amesten dutenak. Badugu Peñascalen [Bilbo] bizi zen lankide bat: lortu du iristeko errazagoa den beste zona batean bizitzea. Eta badira orain modu independentean bizi diren bi lankide, baina behar dituzten laguntza jaso ezean epe ertainera egoitza batera joan beharko dutenak”. Ikusten denez, zerbitzuan lan egiten duten guztiek badakite zer den bizitza independentearen aldeko borroka, lehen pertsonan bizi dutelako. Eta, neurri batean, zerbitzura laguntza eske doazenei mentore lana egingo diete. “Errazagoa da zure egoera berean dagoen bati laguntza eskatzea eta ez teknikari bati”, azpimarratu du Elorzek.

Hori da, hain zuzen, Bizindek dituen bost ardatzetako bat: laguntza, orientazio eta mentore lana. Bulegora doanari zer behar duen galdetzea izango da lehen pausoa. “Babesa beharko duzu, agian, edo zuretzat dauden laguntza publikoen inguruko aholkularitza eta horiek lortzeko babesa. Agian, zure etxea egokitu gura duzu bertan bizitzen jarraitzeko, edo etxean zainduko zaituen norbait kontratatu nahiko duzu”.

Erabaki horiek norberak hartu ahal izatearen garrantzia azpimarratu du Garagorrik. Hark ez du instituzionalizatzea beste aukerarik izan. “Horrek esan nahi du erakundea kudeatzen dutenek hartzen dituztela nire bizitzan eragin zuzena duten erabakiak, eta nik bete egin behar ditudala”. COVID-19aren pandemiaren testuinguruan topatu du adibidea: iazko konfinamenduan, Espainiako Gobernuak legez ezarri baino egun gehiago egin zituzten etxean bakartuta. “50 eguneko bakartze aldia, gure kasuan 77koa izan zen, norbaitek erabaki zuelako oraindik ezin ginela kalera irten. Hori ezin da horrela izan. Hori aldatzen hasi behar dugu. Ezintasunen bat izan dezakezu, fisikoa edo kognitiboa, baina zure erabaki propioak hartzeko eskubidea daukazu, nahiz eta kasu batzuetan erabakia hartzeko babesa edo laguntza beharko duzun”.

Elkarlanerako guneak

Haiek ere pauso gehiago eman behar dituzte, bizitza autogestionatu independente hori definitzeko. Horretarako, I+G+Bri lotuta egongo da Bizinderen bigarren ardatza. Unibertsitateekin eta ikerketa zentroekin elkarlanean aritu gura dute. Neurri batean, Bizindekoek nahi dute gidari izan, eurek dakitelako ondoen zein diren euren premiak. Horri lotuta, hirugarren ardatza prestakuntzari dagokiona izango da. Eta haiek eskainiko dute. “Formakuntza eskainiko dugu elbarri eta ezinduentzat; izan ere, askotan laguntza pertsonala nahi dugu, baina ez dakigu zehatz zer den. Eta profesionalen artean ere badira gai jakin batzuk ondo menderatzen ez dituztenak”, azaldu du Garagorrik. Adibidea ipini du Elorzek: autobusetako gidarientzako ikastaroak eskaini dituzte dagoeneko.

Laugarren ardatza, berriz, gizartean kontzientzia sortzekoa da. Eraldaketa bat lortu nahi dute pentsamoldean, elbarriak euren burua zaintzeko eta bizitza kudeatzeko gai direla ikusarazi. Eta jokabide zuzenen banku bat ere sortu nahi dute, bide batez. Bosgarren ardatza koordinazioa da: diputazioko agintari eta gizarte zerbitzuetako langileekiko lankidetza sustatu. Europa iparraldeko herrialdeetan laguntza pertsonal autogestionatua aspalditik dutela esan du Garagorrik, eta hori nahi du Bizkairako ere. Gogoratu dio Bizkaiko Foru Aldundiari NBE Nazio Batuen Erakundearen Elbarrien Nazioarteko Konbentzioa sinatu zuela, eta 19. artikuluan bizitza independente autogestionatuaren eskubidea jasotzen dela. “Onartuta badu, baina ez du oso-osorik garatu oraindik”. Halere, bai Garagorrik eta bai Elorzek, biek aitortu dute azken urteetan pausoak ematen hasi dela diputazioa bide horretan. “Badirudi barneratzen hasi direla, eta nahi genuke pausoak ematen jarraitzea”, esan du Elorzek.

Fekoorreko teknikariaren esanetan, batez ere aurrerantzean elbarri izango direnei lagunduko die zerbitzu honek: hau da, ezinbestean instituzionalizatutako zerbitzuetara joan behar izatea eragotzi nahi dute; edo, behintzat, beste aukera bat eman. “Dagoeneko instituzionalizatuta daudenentzat zailagoa eta luzeagoa da berriro bizitza independentera itzultzeko prozesua; baina ez ezinezkoa”.