Gurpil gaineko turismoaren argi-ilunak

Gurpil gaineko turismoaren argi-ilunak

Natalia Salazar Orbe

Iragarkiek paradisua islatzen dute: hondartza bakartiak edo mendi eremu ikusgarriak, ilargiak argituta. Aspaldikoa da furgoneta, karabana zein autokarabana hartu, aparkatu eta egonaldia egiteko ohitura. Duela zenbait urte gutxi batzuek egiten zuten turismo mota hori areagotu egin da azken urteetan, ordea. Eta pandemiak eragindako itxialdi perimetralekin arazo ere bihurtu da zenbait herritan.

Maiatzaren hasieran sare sozialen bidez zabaldu zuten bideo batean, dozenaka autokarabana ikus zitezkeen Ibarrangelun, Laida hondartzaren gaineko aparkalekuan aparkatuta. Jesus Mari Ziluaga alkateak azaldu du 47 zenbatu zituztela hileko lehen ostiral hartan. “Pentsatzen dut geratu egingo zirela. Ez da normala 50 autokarabana batzea leku berean ordu beretsuan”.

Bakion ere, Aste Santuan era horretako bisitari ugari izan zituzten. Amets Jauregizar bertako alkateak esan du “gehiegizkoa” izan dela: “Autokarabanarekin datoz, eta edonon aparkatzen dute. Kolektibo baten parte ere badira. Denek gauza bera eginez gero, zer?”, galdetu du.

Batean zein bestean, arazotzat dituzte edonon kontrolik gabe aparkatzen duten autokarabana zein antzeko beste ibilgailuen egonaldiak. Hori dela eta, Bakion trafiko ordenantza eguneratzeko prozesua dute martxan, eta herritarren ekarpenak jasoko dituzte.

Ibarrangelun, urteak daramatzate arazo horrekin. Laga hondartzara autokarabana eta furgoneta ugari joaten ziren gaua igarotzera. Duela lauzpabost urte han aparkatzea arautu zutela azaldu du Ziluagak: “Zaindari bat jarri genuen, eta kartel bat, 23:00etatik 06:00etara ezin dela aparkatu jakinarazteko”.

Urteekin, ordea, herriko beste eremu batzuetara jo dute autokarabana eta furgoneta erabiltzaileek. Egoera horri aurre egiteko, alkate dekretu bidez arautu dituzte gaua igarotzeko aparkatzeak. “Itsasoa eta naturguneak ikusi nahi dituzte. Nik ulertzen dut, baina Urdaibain gaude, eta zaindu egin behar ditugu eremuak”.

Bakion, azken sei-zazpi urteetan sumatu dute turismo mota horren gorakada. Jauregizarrek azaldu du badutela era horretako ibilgailuentzako egokitutako aparkaleku bat. “Zer gertatu da? Turismo mota horren erabiltzaile asko foroetan komunikatzen da, eta, bat-batean, jende pila hasi da etortzen. Pandemiarekin gehiegizkoa izan da”. Hala ere, egoera “koiunturala” dela uste du.

Turista mota hori kontzientziatu egin behar dela uste du Jauregizarrek: “Hotel bateko logela erreserbatu nahi duzunean, lekurik ez badago, beste herri bateko hotelera jotzen duzu. Autokarabenekin ez da hori gertatzen. Eurentzat egokitutako lekua betetzen denean, herriko edozein espaziotan aparkatzen dute”.

Hori da eurentzako arazorik handiena. “Autoerregulatu beharrean, hasi dira lekua bilatzen eta edozein izkinatan aparkatzen. Askotan oztopatu dute trafikoa, autoentzat egokitutako aparkalekuetan ez direlako sartzen, eta ezinegona sortu dute”.

Uste du segurtasuna ere kontuan hartu behar dela. “Gure helburua da kotxeentzat erosoa den herri hau oinezkoentzat eroso eta seguru bilakatzea”. Hori dela eta, “ikusi eta ikusiko zaituzten hirigintza printzipioari jarraitzen dion” herria diseinatu nahi dute. Azaldu du Bakioren ardatza bide nagusi bat dela, eta bide horretan albo batean eraikinak eta bestean, ilaran, autokarabanak eta bestelako ibilgailu handiak aparkatuta dituztela ibili behar dutela oinezkoek. “Inork ez zaitu ikusten, eta zuk ere ez duzu ikusten. Ibilgailuok hain handiak izanik, bide itsu batetik zoaz oinez”. Erabaki dute, batez ere, ibilgailu handien aparkalekua erregulatu behar dutela.

Arazoei, irtenbidea

Barrikan ere iaz arautu zuten ibilgailu horiek aparkatzeko araudia. Bizkaiko Hitza saiatu da balorazioa jasotzen, baina ez du lortu. Ibarrangelun, bisitarientzako TAO zerbitzua jarri nahi zuten, baina domeinu publikoko eremua izanik, ez diete utzi bereizketarik egiten egoiliarren eta bisitarien artean. Hala ere, Ziluagak esan du Laidan ere gauez aparkatzea galaraziko dutela.

Aparkalekuak betetzeaz gain, osasun eta garbitasun arazoei egin die aipamen Ibarrangeluko alkateak: “Magnitude kontua da. Zaborra sortzen dute; behar fisiologikoak egin beharko dituzte. Autokarabanek badute komuna —agian, denek ez dute erabiliko—, baina ur zikinak dituzte. Hala ere, pentsatu nahi dut gehienek urak legezko lekutara botako dituztela”.

Zuluagak “eskualde mailako konponbideak” eskatu ditu. Uste du autokarabanentzat egokitutako lekuak behar direla. “Baina tamaina mugatuarekin egin behar dira. Urdaibain ezin da egin 500 autokarabanarentzako leku bat. Norbaitek pentsatu behar du horretan: turismo jasangarria bultzatu nahi badugu, konponbidea ere bilatu beharko dugu”.