Emakume begirada aitzindaria

Emakume begirada aitzindaria

Zihara Jainaga Larrinaga

Bilboko Begoña auzoan bizi zen emakume burges bat izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar. XIX. mendearen bigarren aldian, 1853an jaio zen, familia dirudun batean, eta afizio bat zuen: argazkilaritza. Hain zuzen, zaletasuna zen, eta ez ofizioa, baina, hala ere, Bilboko Euskal Museoak Abaituaren 2.500 argazki original inguru biltzea lortu du. Duela zenbait urte, artxibo horretako aukeraketa bat egin zuen Maite Jimenez Otxoa Alda museoko teknikari izandakoak. Eulalia Abaituaren emakumeak erakusketa ondu dute orain. Bizkaiko Batzar Nagusietatik igarota, egun Abellanedan (Sopuerta) dagoen Enkarterriko museoan ikus daiteke azaroaren 30era bitarte. Jimenez bera arduratu da komisario lanak egiteaz.

Sardinerak, Conchita Elorrion, Santutxu edota Emakume ijitoak, besteak beste: 60 argazki erreprodukzio baino gehiagok osatzen dute erakusketa, eta emakumea da protagonista nagusia. Alde batetik, emakumeen lanbideak ageri dira: nekazariak, arrantzaleak, labanderak, iturritik etxera ura eramateaz arduratzen zirenak; bestetik, amatasuna islatzen da; eta, azkenik, hainbat emakumeri ateratako erretratuak daude, aurrez edo alboz eginak. Jimenezek adierazi duenez, Abaituak, garaiko diskriminazioarengandik ihesi, kalera irten eta gehien gustatzen zitzaionari heldu zion: argazkilaritzari. Eguneroko arruntari ateratzen zizkion argazkiak. “Azpimarratzekoa da ez dela ageri bera bezalako emakume burgesik, herriko emakumeak ziren bere jomuga”, azaldu du komisarioak. Gaineratu du askatasun osoa zeukala kamera eskuetan zuenean, eta barruan zeukana ateratzen zuela argazkien bidez. “XIX eta XX. mendeen artean egindakoak dira argazkiak, eta garai haietan gizartean ez zegoen halako emakumerik, afizioz lan egiten zuenik. Aitzindari bat izan zen Abaitua”.

EULALIA ABAITUAREN EMAKUMEAK

Jimenezek azaldu duenez, oro har, “nahiko zabala” zen Abaituaren argazkien gaitegia: pasaiak, herriko jendea, baserriak, ospakizunak, auzoko bizimodua… “Nekazarien eta arrantzaleen mundua erretratatu zuen; Bilboko eta Bizkaiko beste udalerrietako argazkiak ere topa daitezke, edota haren bidaietakoak”. Halaber, garai horretako beste argazki ondarerik ez da ezagutzen. Jimenezek nabarmendu du argazkilariaren familiako argazkiak ere garrantzitsuak izan zirela. “Jende arrunta bere zereginetan ateratzen saiatu zen”. Horrez gain, emakume langile askoren “bozgorailu lanak” egin zituen, eta ikusgaitasuna eman zien. “Testuinguruan ere jarri zituen”. Hala, ikertzailearen arabera, Abaituak “begirada propioa” zuen. Euskal Museoko artxibategiaren arabera, 1870ekoa da Abaituaren irudi zaharrenetako bat, Bilboko Areatzan ateratakoa.

Haurra zela, Abaitua estudioetara joaten zen argazkiak egitera. “Haren familiako albumetan gordetzen dira gazte denboratik ateratako argazkiak”, azaldu du Jimenezek. Horrez gain, Ingalaterran bizi izan zen: Liverpool eta Londresen. Halaber, afizioa non hasi zuen dioen daturik ez dago, baina pentsa daiteke atzerrian sortu zitzaiola grina. Familia burges batekoa zen Abaitua; eta, zenbaiten ustez, horri esker izan zuen argazkigintzarako tresneria erosteko aukera. Jimenezek hala dio: “Argi dago diruduna izan behar zela argazkilaritzan aritu ahal izateko, bai Euskal Herrian, bai munduan. Dirua behar zen tresneria guztia izateko”.

EULALIA ABAITUAREN EMAKUMEAK

Bokazioa izateraino

Jimenezek esan duenez, erakusketan ikus daitezkeen argazkiak teknikoki oso argazki arruntak dira. “Garai hartan modan zeuden argazki esteroskopikoak egiten zituen”. Hala ere, bestelako argazkiak ere egin zituen, formatu arruntetan, betiere kristaletan, beiretan. Baina haren bildumaren parterik handiena argazki esteroskopikoek osatzen dute. Edukiari dagokionez, jende xumea erretratatzen zuen, herriko jendea, Bilbokoa zein herrietakoa, kostaldekoa zein barrualdekoa, kaletarrak zein baserritarrak. “Nahiz eta haurrak edota nagusiak gailendu diren haren bilduman, arreta ematen du hainbat emakume agertzen direla; multzo bat osatzen dute, nolabait”. Multzo horretako argazkiek osatzen dute Eulalia Abaituaren emakumeak.

Erakusketaren komisarioa izateaz gain, Eulalia Abaituaren biografoa ere bada Jimenez. Hainbat urtez aritu da argazkilari aitzindariaren inguruan ikertzen. Dokumentazio lanak errazak izan ez badira ere, oro har, emaitzarekin oso pozik dagoela aitortu du. Karmele Goñi Auzmendik, Euskal Museoko zuzendari zela, erakusketa bat antolatzea eskatu zion, 1990ean, emakume aitzindarien inguruan. “Orduan hasi nintzen Abaituaren argazkiekin lanean”, oroitu du Jimenezek. Bestalde, nabarmendu du pena dela ez ezagutzea Abaituaren eskuizkriburik: “Ez daukagu haren asmo edo dena delakoen berri, haren argazki artxiboa daukagu soilik”. Hala ere, Jimenezek aipatu du ez dela gutxi: haren begiradak denboran iraun du, eta, hark ateratako argazkiak aztertuta, hainbat gauza jakin daitezke.

Duela gutxi arte guztiz ezezaguna izan den Eulalia Abaitua munduari zabaltzeko modu bat da Eulalia Abaituaren emakumeak erakusketa. “Gizarteari erakutsi nahi nioke alor honetan ere emakumeak aritu zirela, eta lan interesgarriak egin zituztela”, aipatu du Jimenezek. Gaineratu du XX.mende hasierako gizarteak leiho garrantzitsu bat eduki izana zor diola Abaituari. “Oso emakume emankorra izan zen, puntakoa, berezia”. Hori horrela, halako erakusketak hirietatik herrietara eramatea oso garrantzitsua dela uste du komisarioak, “haren lana zabaltzeko eta jendeari haren obra eta figura ezagutarazteko”.

EULALIA ABAITUAREN EMAKUMEAK

Zinemara

Abaituaren lana, halaber, inspirazio iturri bilakatu da Ainhoa Urgoitia zinemagilearentzat. Norberaren gela dokumentala egiten ari da, Abaituaren ondarea ikusarazteko asmoarekin, Enrique Reyrekin batera eta Bitart New Media ekoiztetxearekin. Dokumentalaren izenburua Virginia Woolf idazlearen liburu batetik hartu du zinemagileak: “Woolfek esaten zuen emakume sortzaile batek haren logela propioa behar duela sortu ahal izateko. Abaituak berak logela propio bat zeukan etxean, eta senarrak lagundu egiten zion argazkigintzan”. Abaituaren obrak gaur egungo argazkilari emakumeengan izan duen eragina erakusten du, eta estilo eta lan egiteko modu desberdinak dituzten argazkilarien erreferente izanik, belaunaldien arteko elkarrizketa bat da dokumentalaren ardatza. Laster estreinatuko dute.

Erakusketa

Non. Enkarterriko museoan, Sopuertako Abellaneda auzoan.

Noiz. 2021eko azaroaren 30era bitarte.

Ordutegia. Martitzenetik domekara, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Domeka eta jai egunetan, soilik goizeko ordutegian. Astelehenetan, itxita.

Zer. Eulalia Abaitua argazkilari aitzindariak emakumeei ateratako erretratuen erakusketa, Eulalia Abaituaren emakumeak izenekoa, Maite Jimenez komisarioak zuzenduta.