BECek azoka propioa eskainiko dio Caravaning-i asteburuan

BECek azoka propioa eskainiko dio Caravaning-i asteburuan

Natalia Salazar Orbe

Erabiltzaileak eta sektoreko adituak bat datoz: kanpin, autokarabana, karabana zein prestatutako furgoneten turismo eredua goraka doa. Horren adierazgarri, Barakaldoko BEC erakustazokan egin izan dute sektore horren inguruko Caravaning azoka, betiere, Expovacaciones azokaren aterpean. Aurten, azoka osoa gurpil gaineko turismo ibiltariari dedikatzea pentsatu dute. Dena den, aurtengo bereizketa hori “salbuespen” gisa aurkeztu dute.

Caravaning bereizita egiteaz gain, aurreratzea ere erabaki dutela azaldu BECeko komunikazio saileko kide Sheila Batiz Lezamak: “Azken urteetan, karabanan bidaiatzeko joera gehiagora doala ikusi dugu. Erakusketariekin harremanetan egon gara azken hilabeteotan, eta udako kanpaina modu presentzialean landu nahi zuten. Hortaz, azoka maiatzean egitea erabaki dugu”. Antolatzaileek uste dute azoka “une paregabean” egingo dela “azken nobedadeak edo ibilgailu horiei etekinik ahandiena ateratzeko ateratzeko osagarriak edo elementuak ezagutu nahi dituztenentzat”.

Beraz, Expovacaciones urriaren bukaeran egingo dute, eta Caravaning, berriz, gaur hasi eta asteburu osoan; alegia, udako denboraldiaren atarian. Bisitariek izaten dituzten interesei buruz galdetuta, “autokarabanak, karabanak, camper-ak, denda atoiak, moduluak, altzariak… Caravaning azokara azalduko direnak arlo anitzen inguruko informazioa jasotzera” joaten direla adierazi du Batizek.

Arlo horietan guztietan asetzeko moduko eskaintza izango dutela iragarri dute, azokan izango diren enpresei aipamen eginda: “Mikel Caravanas, PlanetaCamper, Leioaberri, Roadsurfer, Custom Camper, Autocaravanas Norte edo Nerevan enpresek konfirmatu dute euren parte hartzea”.

Bisita seguruak

Osasun krisiak eragindako geldialdia gorabehera, turismo sektore hori “etengabe hazten” ari dela azaldu dute BECeko antolatzaileek. Egoera horrek isla du, haien arabera, ibilgailuen alokairuetan, salmentatan eta ekipamenduetan. Kanpinetako okupazioa ere areagotu egin dela azaldu dute. “Kanpinaren kulturak indarra hartzen du etengabe. Batez ere, pandemian zehar gertatutakoaren ondorioz, gero eta pertsona gehiagok hautatzen dute familiarteko bizimoduaren eta opor seguruen eredua”.

Azoka bisitatzea ere segurua izango dela nabarmendu dute. Bilbao Exhibition Centrek protokolo zorrotza ezarriko du.

Informazio gehiago nahi izanez gero: bilbaoexhibitioncentre.com/eu/caravaning

Jakin beharrekoak

Caravaning azoka egingo dute gaur hasi eta domekara bitartean, Barakaldon, BECen. Gaur arratsaldez bakarrik irekiko ditu ateak. Bihar eta etzi, berriz, goizez eta arratsaldez.

Sarrerari dagozkionak

Ordutegia. Gaur, 15:00etatik 20:00etara bitartean irekiko ditu ateak azokak. Bihar eta etzi, berriz, 10:00etatik 20:00etara bitartean egongo da zabalik.

Prezioa. Sarrerak 3 euro balio du. 16 urtetik beherakoak —adin horretakoak barne— doan sartuko dira.

Doan sartzeko baldintza. BECera karabanan, atoi dendan, autokarabanan edo camperrean doazenak doan sartu ahalko dira azokan. Aparkalekua ere doan izango dutela jakinarazi dute antolatzaileek.

Sektoreak

Denera, zortzi. Zortzi sektore desberdinen eskaintza egongo da azokan: osagarriak eta altzariak; autokarabanen alokairua; autokarabanak; karabanen espazioa handitzeko luzapenak; denda atoiak; karabanak; camper furgonetak; ibilgailuak camper furgoneta bilakatzeko gailuak eta eraldatzaileak.