Iratxe Goikoetxea: “Espero dugu Arratian galdutako enpresak berreskuratzea”

Iratxe Goikoetxea: “Espero dugu Arratian galdutako enpresak berreskuratzea”

Ibai Maruri Bilbao

Errota fundazioak Arratiako ingurune sozioekonomikoa dina-mizatzea du helburu. 2017an sotu zen: Batz kooperatiba, Ilunbe enpresa, Zulaibar Lanbide Ikastegia eta Errotariok elkartea daude patronatuan, besteak beste. “Aldaketa sozioekonomikoaren bidez loru nahi duguna da arratiarren bizitza kalitatea hobetu”, esan du Iratxe Goikoetxea (Bilbo, 1973) fundazioko koordinatzaileak.

Errotaren lehen plan estrategikoa iaz amaitu zen. Zer balantze egiten duzue?

Zortzi helburu nagusi genituen, eta ez dugu lortu denak maila berean betetzea. Aurrerapauso handia eman du Errotak, eta bere norabidea nolabait markatu du. Nahiz eta oraingo Errota eta duela lau urte sortutakoa erakunde bera diren, urteotan Errotaren egitekoak oinarritu egin dira. Helburu eta asmo batzuekin sortu zen, baina guztiak ez dira neurri berean landu, eta horrek ekarri du etorkizunerako nolabaiteko aukeraketa egitea.

Zer lortu da?

Enpresen arteko elkarlana eta ezagutza bultzatzea lortu da: enpresa foro bat sortu da. Hezkuntza foro bat ere sortu zen, baina pandemia dela-eta geldituta dago. Hezkuntza sare bat da eskualdeko hezkuntza zentroen arteko sare bat, beraien arteko harremanak lantzeko eta indartzeko, elkarrekin proiektuak garatzeko.

Euskarari ere garrantzia eman diozue aurreko plan horretan.

Arratiako euskara da gure eskualdeko identitatearen oinarrietako bat, eta euskararen erabilera sustatzen duen proiektu bat garatu dugu: EusGara egitasmoa. Ez da bakarrik enpresak euskalduntzeko, baizik eta euskara lan hizkuntza bihurtzen laguntzeko ere. Proiektu honetan sustatu dugu Zulaibar lanbide heziketa zentroko ikasleek enpresetan egiten dituzten praktikak euskaraz egitea. Hitzarmen bat sinatu zen Zulabiarreko ikasleei praktikak eskaintzen zituzten enpresekin, eta konpromisoa hartu zuten enpresan izango duten tutorea euskalduna izateko.

Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean hasi zarete.

Garapen ekonomikoa garatzen duen erakunde modura aitortu gaituzte, eta horrek esan nahi du garapen ekonomikoa laguntzen duten diputazioaren programen onuradunak izan gaitezkeela. Enpresek erreferente moduan ikus gaitzaten lagundu digu. Enpresa munduaren eta administrazioaren arteko zubi lana egiten dugu: enpresen beharrizanak identifikatu, zer erronka dituzten, horiek betetzen laguntzeko baliabideak nork jarri ahal dituen informatu, aholkularitza eskaini; guk ere, ahal dugun neurrian, gure baliabideekin lagundu…

Beraz, lortu nahi zenutena lortu duzue, neurri batean?

Lau urtean gauza asko lortu dira, baina dena dago baliabide ekonomiko eta pertsonalen mende. Ni bakarrik nago langile moduan. Iaz, sei hilabetez beste teknikari bat egon zen. Orain, plan estrategiko berrian, berrikuntza teknikari baten bila gabiltza, guk ditugun erronketarako egokia dela uste dugulako.

Irailean hasi zineten plan berria lantzen, eta orain onartu duzue. Zein dira datozen lau urteotarako helburuak?

Orain arte lortutakoa sendotu eta agerian jarri. Gure helburua da eskualdeko egoera sozioekonomikoan eragitea. Era berean, orain arte egin ez dugun gauzetako bat komunikazioa izan da: ez dugu behar beste landu. Bide hori hasiko dugu orain komunikazio plan batekin. Komunikazio arloko profesional batzuek lagunduko gaituzte. Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiak dituzten programetan oinarritutako proiektuak garatuko ditugu, eta lortu nahi dugu eskualdeko enpresentzako agente erreferente bihurtzea. Hau da, berrikuntzari, elkarlanari, diru laguntzei eta atzekoei lotutako erronka bat edo zalantzak sortzen zaizkienean, jarraian Errota fundazioa etortzea burura, eta zalantza barik guri deitzea laguntza edo aholkularitza eskatzeko.

Pandemia dela eta, azken urte luze honetan nabarmen handitu da langabezia. Arratian zenbatean eragin dizue?

Pandemia aurretik gure eskualdea Bizkaiko batez bestekotik behera zegoen. 2008ko krisialdi ostetik izan dugun langabezia tasarik handiena %9koa izan da eskualdean. Herri batzuetan, gainera, %7koa ere izan da. Tasa apalak izan ditugu, eta, kasu askotan, egiturazko langabezia izan da. Gehienak emakumeak dira, 45 urtetik gorakoak eta zerbitzuen sektorekoak. Pandemiagatik igo da orain, beste toki guztietan bezala: %11ko tasa dugu oraintxe. Ezin dugu esan oso txarto gaudenik, Bizkaiko beste eskualde batzuekin alderatuta. Badaude %20ko langabezia tasaren bueltan dauden eskualdeak, eta horiek kezkatzeko moduko kopuruak dira. Gurean gora egin du, bai, baina ez da gorakada hain kezkagarria izan.

Aurreko hamarkadan enpresa garrantzitsuak galdu ditu Arratiak. Sindikatuek esan dute desindustrializazio prozesu bat jazotzen ari dela, eta kezka agertu dute. Zelan ikusten duzu zuk?

Egia da, bai, azken urteetan enpresa garrantzitsuak galdu ditugula. Desindustrializazio prozesua orokorra da, tamalez. Kelvionek martxan jarraitzea lortu dute langileek; 54 langile ditu orain, eta badirudi baduela lan karga. Pozten gaitu enpresa zarratu ez izanak. Araluce zarratu zutenean izan genuen aldi beltza, baina udarako badator beste enpresa bat, hura egondako orubea erosita: 60 langile izango ditu, eta bikoizteko asmoa dauka. Espero dugu denborarekin galdutakoa berreskuratuz joango garela. Baina egia da lehendik ezagutu dugun industria aldatzen ari dela. Digitalizazioa, berrikuntza, jasangarritasuna…; irizpide horiek sartzen ari gara gure enpresetan, eta gero eta gehiagok produktuak barik zerbitzuak sortzen dituzte. Horrek kasu batzuetan langile gutxiago behar izatea ekartzen du.