Gure Zirkua Bizkaian da

Gure Zirkua Bizkaian da

Zihara Jainaga Larrinaga

Duela lau urte, Iker Galartza aktoreak abentura “zoro eta zoragarri” batean murgiltzea erabaki zuen: txikitako ametsa zuen zirku bat muntatu eta herriz herri ibiltzea. Hala, Euskal Herrian eta Euskal Herrirako sortutako lehen zirkua abiatu zuen: Gure Zirkua. Dagoeneko ehunka saio eta milaka ikusle igaro dira karpa koloretsutik. Bakion izan ziren azkeneko aldiz Bizkaian, eta, bi urteren ostean, herrialdera bueltatu dira. Hain zuzen, bi aste igaro dituzte Muxikan. Gaurtik maiatzaren 30a arte, berriz, Arratian egongo dira; bederatzi saio dituzte prest Dimarako. Sarrerak aspaldi amaituta daude, baina oraindik baten bat gelditzen da leihatilan “online erostea hain erraz ez zaienentzat”.

Ekain Ibarguren Gure Zirkuko malabaristaren hitzak erabili ditu Galartzak proiektua azaltzeko: “Zirkua erosi badugu, ez da udara batean buelta bat emateko, baizik eta uste dugulako hemen hutsune bat dagoela, bete genezakeena, bete nahi duguna, gure gustukoa dena”. Zirku dekadente gehiegi egon dela uste du aktoreak, eta horrek jendea atzera bota duela. “Zirkuaren aurrekariak ahaztu behar dira, honek ez du zerikusirik”. Apustua benetakoa eta egiazkoa izatea nahi zuten, eta horretarako gakoa proiektuari eustea izan dela uste du Galartzak. “Behin Porrotxek esan zigun bezala, eusteko indarra badaukagu”. Umorea da nagusi Gure Zirkuan, poza zirrikitu guztietatik transmititzen da; are gehiago, gizartea pairatzen ari den pandemia egoeran, irribarrea bereziki beharrezkoa dela dio Galartzak. “Gu saiatzen gara”.

GURE ZIRKUA

Pandemiaren eraginez, ezin izan ziren 2020. urtean Bizkaian izan: batetik, denbora asko geldirik eman behar izan zuten, eta, bestetik, abiatu zirenerako, beraien egoitza nagusitik asko urruntzeak beldurra ematen zien; ezer gertatuko balitz —beste konfinamendu bat, adibidez—, etxetik hurbil egon nahi zuten. Gure Zirkuan Euskal Herri osoko artistak daude, baina Galartza gipuzkoarra da, eta, badaezpada, egoeraren konplexutasuna ikusita, ez zuen arriskurik hartu nahi. Aurten, pandemiara egokitu dira, karpa handiagoa erosi dute, jende gehiago sartzeko, eta, edukieraren erdiarekin, 200 bat lagun sartzen dira emanaldi bakoitzean. Osasun neurri guztiak betetzen dituztela adierazi du Galartzak: “Berriz hastea bezala izan da, eta, alde horretatik, ez dago aitzakiarik”.

Iritsi dira, eta nola iritsi ere. Bederatzi saio egin dituzte joan den bi asteetan Muxikan, eta saio guztiak lepo bete dira. Lehen aldia zuen Gure Zirkuak Busturialdean, eta Galartzak adierazi du oso pozik daudela. “Jendea Gure Zirkurako gogoz ikusi dugu. Zortea izan dugu; herri zoragarri batean erori gara”. Halaber, penaz doazela aitortu du, Muxikan beste astebete ere lasai asko egin zezaketelako. Eskualde guztiko ikusleak izan dituzte, eta asko gelditu dira sarrera gabe. Horiek Diman izango dute aukera datozen egunetan. Barikutik domekara, bi astez.

GURE ZIRKUA

Edonora iritsi nahi

“Duela bi urte deitu ziguten Dimatik, eta, orain arte, ezin izan gara joan; zintzilik geneukan”, azaldu du. Normalean herrietako udaletatik deitzen dituztela zehaztu du. “Lehentasuna lehenengo deitzen duenak dauka, baina, betiere, gure ibilbidera egokitu behar dira, ezin dugu Bizkaitik Iparraldera salto egin aste bakarrean”. Halaber, Bilbora ere joatekoak zirela aipatu du Galartzak: “Ia dena lotuta zegoen, kultur teknikariak prest zeuden, baina administrazioak ez du utzi. Oraindik, gezurra badirudi ere, leku batzuetan txurro denda baten mailan gaituzte, barraka eta feriatzat gaituzte, eta ez kultura gisa”.

Magiaz eta ikuskizunaz harago, euskal kulturaren transmisioan alea jarri nahi du Gure Zirkuak. Euskal kultura eta nortasuna oso presente daude ikuskizunean. Bizkaiko hiriburura iristeko gogo handia zuen Gure Zirkuko lantaldeak, eta, negoziazioetan aritu badira ere, oraingoz ez dute lortu. Hala ere, Dimakoak bukatu ostean Bizkaiko beste norabait joan nahi dutela aurreratu du Galartzak; hortaz, gerturatu nahi duenari komeni zaio adi egotea, sarrerak salgai jarriko direnerako.

GURE ZIRKUA

Ikusleei dagokienez, Galartzak adierazi du ikaragarri nabaritzen dela lurralde batetik besterako aldea, eta are gehiago aldatzen da herri edota eskualde artean. “Euskal Herria oso txikia da, baina Euskal Herriko edozein lurraldetan antzezteko gai bazara, mundu osoan antzezteko prest zaude”. Horrez gain, aldaketa handia nabaritu du azken urteotan ikusleen soslaian. Hasieran, haurrak joaten ziren; askotan, gurasorik gabe. Orain, aldiz, gurasoak konturatu dira haurrak baino hobeto pasatzen dutela beraiek. “Urtebeteko haur batek ezin du bi orduan iraun emanaldi bat ikusten; ez da beraientzako egokia”, adierazi du. Halaber, izugarri pozten du zirkuko tuneletik, bikoteak haurrik gabe, gazte kuadrillak edota adineko jendea sartzen ikusteak.

Alanbrea, trapezioak, malabarrak, lurreko akrobaziak, magia, pailazoak edo musika. Ia bi orduko emanaldian denetariko espektakuluez gozatzeko aukera dago. Azkenekoz Bizkaian egon zirenetik emanaldia erabat aldatu dela adierazi du Galartzak. “Baina aldaketak gutxika egiten ditugu; emanaldi bat prest dugunean estreinatzen dugu”. Gure Zirkuaren muinak, esentziak eta transmititzen den usaiak, aldiz, bere horretan diraute.

GURE ZIRKUA

Neurriak eta txandak errespetatuta publikoa bere tokian kokatu da. Itzali dira argiak, hasi da zuzeneko musika. Don Martin irten da, xistera buruan, ongi etorria egitera. Ez dute denbora asko behar izan Poxpolo pailazoak eta haren lagunak zirikatzera gerturatzeko. Bi orduz denbora oso-osoan gelditu da, eta argiek mundu magiko bat marraztu dute inguruan. Ilusioa, xalotasuna, ikusgarritasuna eta maskarak estalitako baina begiek adierazitako irribarre handi bat jendearen aurpegietan. Poza, giro ona, kanpoan gertatzen ari denaz ahazteko aukera paregabea. Aparatu digitalak itzalita, Gure Zirkuak beste norabait eramango du ikuslea.

gure6