“Gure auzoen beharrei buruzko hausnarketa integrala behar dugu”

“Gure auzoen beharrei buruzko hausnarketa integrala behar dugu”

Natalia Salazar Orbe

Bilboko Alde Zaharra eta Atxuriko hezkuntza publikoaren aldeko plataformak Atxuri, Zazpikaleak eta Solokoetxerako kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatu ditu. Atxuri eta Mujika eskoletako eta Solokoetxe BHIko guraso elkarteek eta Bihotzean elkarteak osatzen dute taldea. Amaia Bacigalupe De la Hera (Portugalete, 1980) Atxuriko eskolako guraso elkarteko kidea da.

Hainbat gabezia salatu dituzue. Zeintzuk dira nagusiak?

Hiru gabezia mota ditugu: azpiegiturei dagozkienak; zentroak kokatzen diren lekuagatik aspalditik ditugun arazoak, eta sistemak berak kalitatezko hezkuntza publikoa zein neurritan baldintzatzen duen. Azpiegiturei dagokienez, gure ikastetxeak zaharrak dira, 100 urte ingurukoak. Batez ere, Atxuri eta Mujika eskolak. Arkitektura aldetik babestuta daude. Horrek edozer egitea baldintzatzen du. Horrez gain, eskolek ezin dituzte hainbat zerbitzu eman, espazio faltagatik. Esaterako, Mujika eskolak ez du jolasleku ireki bat; goiko aldean jolastoki estali txiki bat besterik ez du. Atxuriko eskolan aurten jantokiak okupatu du lehen geneukan gimnasio txikia. Gurean ez daude edozein eskolatan bermatuta dauden hainbat zerbitzu. Atxuriko eskolako aretoan, berriz, umeek debekatuta daukate salto egitea, egiturazko bibrazioak daudelako, eta goiko solairua behera jausteko arriskua dagoelako.

Zer irtenbide ikusten duzue ?

Ikasturte hasieran, udalari behin eta berriz eskatu genion ondoan ditugun kantxa itxi batzuk erabiltzen uzteko, eta azkenean utzi zizkigun. Baina Solokoetxe, Mujika eta Atxurik partekatzeko espazioa da. Handia da, baina ez dio erabateko irtenbidea ematen guk egituraz dugun espazio faltari. Atxuriko eskola ondoan Eusko Trenen geltoki ohia dago. Sarreran, erabiltzen ez den 500 metro koadroko hall itxi bat du. Udalarekin hitz egin genuen, eta bazirudien eskolek eta auzoak erabiltzeko espazio bihurtzeko aukera zegoela. Azkenean, hori bertan behera geratu zen. Bestalde, Atxuri eskolaren aurrean Campuzano Lanbide Heziketarako zentroa dago; eta eraikin horren atzean, erabiltzen ez den espazio berde bat. Hori oso egokia izango litzateke gure beharrei erantzuteko. Mujika eskolakoek eskola parean hutsik dagoen lonja txiki bat erabiltzeko eskaera egin dute hainbat urtez. Udalarena da.

Esan duzue Eusko Jaurlaritzak 2004an konpromisoa hartu zuela Solokoetxeko institutua Campuzano eraikinaren atzealdera eramateko. Halakorik ez da gauzatu, ordea.

Hezkuntza Sailak aldiro argitaratzen duen azpiegituren planean jaso zuen Alde Zaharra izeneko institutu berria nonbaiten —guk suposatzen dugu Campuzanoren atzealdeko orubean— eraikiko zutela. Plan horrek dio proiektu hori prozedura aldetik oso hasierako fasean dagoela. Beraz, badirudi Eusko Jaurlaritzak baduela ideia institutu berria egiteko, baina ez du gauzatzen. Solokoetxeren espazio falta institutu berri batek konpondu behar duela uste dugu. Bien bitartean, dituzten gabeziei behar bezala erantzun diezaietela eskatzen dugu.

Hirigintzari lotutako gabeziak zeintzuk dira?

Alde Zaharra oso auzo berezia da. Espazio berde gutxi ditu. Atxuriko eskolako perimetrotik egunero 272 autobus publiko pasatzen dira, eskola orduen barruan. Autoen kopurua ezin dugu kalkulatu. Jolastokia bertan dago; beraz, gure umeek kutsadura handia pairatzeko arriskua dute. Orokorrean, auzoak urbanistikoki hausnarketa bat behar du. Atxuriko geltokia kenduta, autobus aldageltokiak han jarraitzeak ez du zentzurik. Eskola parean dugu. Segurtasunari lotutako arazoak ere baditugu. Mujika eskolako umeek, egunero eskolara bakarrik joan ahal izateko, Alde Zaharreko kaleak zeharkatu behar dituzte, eta 08:30etik 09:00etara arte ibilgailu asko egoten dira zamalanak egiten. Kaleak autoz beteta daude.

Jaiotza tasak behera egin arren, salatu duzue Atxuri eta Mujika eskolak ez direla gai dagoen eskariari erantzuteko. Zer-nola ulertzen da hori?

Guraso askok ez dituzte matrikulatzen umeak gure zentroetan. Egia da Mujika eskolan leku batzuk libre geratzen direla, baina zein gurasok ez du pentsatuko agian komenigarriagoa dela euren umeek jolastoki bat izatea? Gaur egun, Mujikak ez dauka jolastoki izena merezi duen espazio ireki bat. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak esaten digute Mujikan lekuak libre geratzen direla. Bai, zentroa gain behera uzten badute, gero eta leku libre gehiago egongo dira. Atxurin urtero geratzen da jendea kanpoan. Ez dago eskaintza eta eskariaren arteko orekarik. Hori lotuta dago zentroek eskaintzen duten azpiegitura eta hezkuntza ereduari lotutako arazoekin. EAEko hezkuntza ereduari erreparatu behar diogu. Eusko Jaurlaritzaren sistema publikoaren aldeko apustua oso makala da. Ikusten dugu ez dagoela publikotasunaren aldeko apustu estrategikorik.

Uste duzue horrek eragiten duela familiek euren seme-alabak itunpeko eskoletara bidaltzea?

Hori da hipotesia. Inguruko jende asko daukagu, ez publikoaren edo itunpekoaren aldeko apustua egiteagatik, baizik eta seme-alabek auzoan ikastea nahiko luketenak, baina ezin dutenak. Jakin badakite Atxurin matrikulatzea arriskutsua dela plaza gabe gera daitezkeelako eta, ondorioz, ez dakitelako non bukatuko duten. Eta Mujikaren aldeko apustua egitea zaila da, zeren badakizu hamar urtean zure seme-alabek arazoak izango dituztela, besteak beste, ariketa fisikoa egiteko. Honek behar du inbertsio estrategiko bat eta gure auzoen beharrei buruzko hausnarketa integrala.