Eraikuntza arloko lan ituna lortu dute CCOOk eta UGTk

Ibai Maruri Bilbao

CCOO eta UGT sindikatuek eta Bizkaiko eraikuntza arloko hiru patronalek —ASCOBI eraikitzaile eta sustatzaileenak, AVE-BIE induskatzaileenak eta AMPV margolarienak— 2024ra arteko herrialdeko lan ituna adostu dute. CCOOk dauzka sektoreko ordezkarien erdia pasatxo. Sindikatuko kide Txema Herreroren esanetan, eraikuntza arloa izan da COVID-19aren pandemiaren ondorioz sortutako krisiak “gehien” zigortuetako bat. “Itun honek esan nahi du Bizkaiko 30.000 langilek lan eta soldata eskubideak bermatuta izango dituztela”. Uste du sektorea erakargarria izango dela orain langile berrientzat. Gaur egun, Bizkaiko BPG barne produktu gordinaren %6 ordezkatzen du eraikuntzak. ACOBIk ohar bidez esan du krisialditik irteten lagundu dezaketela.

Besteak beste, itunaren ultraaktibitatea luzatzea lortu dute. Orain arte, hemezortzi hilabeteko iraupena izan du; aurrerantzean, iraupen mugagabea izango du. Soldata igoera ere adostu dute: aurten %0,9koa izango da, eta datorren urtean, %1,2koa, KPI kontsumorako prezioen indizea hori baino txikiagoa bada; 2023rako eta 2024rako igoerak aurrerago negoziatzekotan geratu dira sindikatuak eta patronalak.

Itun berriarekin, laneguna lau orduz laburtzea ere adostu dute: hala, urtean 1.700 ordu egingo dituzte behar. Baina neurria ez da indarrean sartuko 2024ra arte. Bien bitartean, egungo lanorduekin jarraituko dute.

Era berean, bi sindikatuek nabarmendu dute beharginek eskubide gehiago lortu dituztela. Besteak beste, gauetan edo egun berezietan lan egiteagatik atseden egunak izango dituzte. Horrez gainera, baimen bereziak sortu dituzte. Aurrerantzean, enpresan lanean hasi eta lau hilabetera oporrak hartzeko eskubidea izango dute beharginek; orain arte, sei hilabete igaro behar izaten ziren. Lan itunean jasotakoa baino soldata handiagoa duten langileek bermatuta izango dute soldata igoera.

“Prekarizazioa”

LAB sindikatuak ez du ituna sinatu, irizten diolako ez dituela sektorearen premiak asetzen. Salatu du itunak ez dituela enpresak behartzen hura betetzera. Era berean, sektoreak bizi duen “prekarizazioak” bere horretan jarraituko duela ohartarazi du. Esaterako, uste du lanorduak murriztu diren arren, aldi berean sortu diren konpentsazio egunekin ordu estrak egitea sustatzen dela. Era berean, ohartarazi du sektorearen “gehiegizko” azpikotratazioa ere ez duela konpontzen, eta azpikontratetan ez duela subrogazioa bermatzen.