Elikatu Durangaldea sortu dute, eskualdeko ekoizpena sustatzeko

I. Maruri Bilbao

Durangaldeko baserritar ekoizleek, dendariek eta Urkiola Landa Garapenak Elikatu Durangaldea proiektua ipini dute martxan, eskualdeko baserritarrek ekoizten dituzten produktuei ikusgaitasun handiagoa emateko eskualdeko dendetan. 45 ekoizlek, 22 dendarik eta Urkiola Landa Garapenak egin dute bat, asmo hori lortzeko. Urkiola Landa Garapeneko teknikari Ibon Goitiaren esanetan, Durangaldeko produktuek “orain arte ez dute behar besteko ikusgaitasunik izan”. Horixe aldatu gura dute. Horretarako, identifikatzaileak ipiniko dituzte proiektuan parte hartzen duten dendetan, kontsumitzaileak jakin dezan han eskualdeko baserritarrek ekoitzitako produktuak topatuko dituela. Bestalde, produktu bakoitzaren ondoan txartel beltz berezi bat egongo da, hainbat informaziorekin: produktuaren izena, ekoizlea zein den, jatorria zein duen eta prezioa. Norbaitek proiektuari buruz gehiago jakin gura badu, dendariek eskuorriak izango dituzte.

Roman Bengoa berriztarrak ortuari ekologikoak ekoizten ditu. “Elkarlan honek aukera ematen digu gure produktuak gehiago bistaratzeko. Horretarako, ezinbestekoa da lankidetza”, adierazi du. Gazteria lehen sektorera gerturatzeko baliagarri izan daitekeela ere esan du: “Gazteriari erakutsi behar zaio lehen sektoretik bizi daitekeela. Gogorra da, baina badira lan gogorragoak”.

Saltsan-eko ugazaba da Iñaki Uribe. Haren esanetan, euren egitekoa ez da bakarrik produktuak dendan ipintzea. “Dendariak sinetsi behar du hor zerbait kalitatezkoa duela; norberak eman behar dio bultzada. Gainean egon behar da. Kontsumitzailea produktua dastatzean konturatuko da produktuaren balioaz”.