Auzolanez, herriaren zaintza erdigunera

Auzolanez, herriaren zaintza erdigunera

Maialen Arteaga

Zaintza pisuzko hitz bat bilakatu da azken hilabeteetan. Elkar zaintza, autozaintza…Herriaren zaintza ekarri dute erdigunera urduñarrek. Duela urte batzuk hasi ziren auzolanak antolatzen, herriko hainbat gune atondu, garbitu eta egokitzeko. Urduñako Udalak abiatu zuen proiektuaren proposamena, baina orain herritarren lantalde batek kudeatzen du egitasmoa. “Komunitateko lana berreskuratu nahi dugu, egiteko modua aldatu, herritarrekiko lankidetzatik eta egiteko modu desberdinen artean partekatu nahi dugu”, esan du proiektuaren koordinatzailea denak: Eneko Calejerok.

Auzolanaren ereduak “komunitatea indartu eta hobetzeko” balio duela uste du. Bere burua jarri du horren adibide: “Ni, lehen, herriko hainbat gauzaz kexatzen nintzen. ‘Ez du inork egiten’, pentsatzen nuen. Urteetan ibili naiz filosofia hori izan gabe, eta, orain, auzolanaren erremintaren bitartez, konturatu naiz guk geuk egin dezakegula. Agian, ez da behar horretan dirutza bat xahutzea; herritarrok egin dezakegu”. Zaintzaren jardueren oinarriaz hausnartu du. Giltza, diruan baino gehiago, “nahi izatean” dagoela iruditzen zaio: “Gu gara hemen bizi garenak; guk ez badugu gure bizitoki propioa zaintzen, nork zainduko du?”.

Herritarrak herria zaintzen

Herritarrak herria zaintzen. Komunitatea ardatz, herriko aldaketen eta hobekuntzen erabakigune izan nahi dute. “Edonork har dezake parte bertan, eta edonork du eskumena auzolanetako jarduerak erabakitzeko. Bilerak eta auzolanetarako deialdiak irekiak dira beti”, zehaztu du Calejerok. Bilera horietan herriaren azterketa bat egiten dute, eta hobetu beharrekoen zerrenda proposamen bat ontzen dute. Azken auzolana apirilaren 25ean izan zen: hogei lagun inguru bildu ziren, eta guztien artean Nafarroa aparkalekua atondu zuten. Hurrengo auzolana hilaren 29an egingo dute: igerilekuaren inguruko parkea egokituko dute. “Bileretan ideia zaparradak botatzen ditugu, eta azkenekoan adostu genuen, uda hurbiltzen dagoenez, igerileku ondoko ingurua txukuntzea”, esan du Calejerok.

Ideiak izan duen harrera dela eta, hilabetero antolatzeko erronka dute, azken asteburuetan izango dira auzolan egunak. Jarduerei dagokienez, “edonor” joateko modukoak direla esan du: “Proiekturen bat edo beste espezializatuagoa da, eta udalarekin batera egingo ditugu. Baina horiek aurrerago egingo ditugu. Momentuz, guneak txukundu, garbitu, margotu… Eskulanak dira, azken finean; ez da jakintza berezirik behar parte hartzeko”. Adibide gisa, ohikoa den auzolan herrikoia nabarmendu du: erreka garbiketa. Aurten ere, urtero bezala, irailean egingo dute.

Herritarrentzako dago pentsatua proiektua, baina zeintzuk dira herritar horiek? “Batez ere, nagusiak dira gehien etortzen direnak; urteak daramatzate auzolanetan, eta oso barneratua dute jarduteko modu hau. Gazteagoengana heltzea gehiago kostatzen zaigu; horiek ere animatu nahi ditugu, kontzientziak landu eta herria zaintzera bultzatu”, azaldu du. Antolakuntzan Calejero dago momentuz, baina arduraren lekukoa banatzeko asmoa dute. Talde motorraren kopurua ere handitu nahi dute: “Hamar bat lagun biltzen gara auzolanetako bileretan, baina adin guztietako jendea erakarri nahi dugu, ideien aniztasuna bultzatzeko”.

Helburu fisikoez gain, bestelako funtzio bat ere jokatzen du auzolanak: “Integrazio lana”. 4.000 biztanle ditu Urduñak; “denok ezagutzen dugu elkar”. Harreman horiek estutzeko balio izaten die auzolanerako egunak. Horrez gain, Urduñara etorri diren etorkinak ere gonbidatu nahi dituzte: “Etorkinentzako aterpetxe bat dago Urduñan, eta azkeneko aldian bertako gazte batzuk ere etorri ziren laguntzera. Oso ondo moldatu ginen, eta herritar guztion topagune izateko balio du”.