Adituek Leioako Udondoko zubia babesteko eskatu dute, berriro

Adituek Leioako Udondoko zubia babesteko eskatu dute, berriro

Natalia Salazar Orbe, Leioako Udondoko burdinezko zubia babesteko eskatu du, . Europan burdinurtu teknikarekin eraikitako lehen zubietako bat izan zen. Jatorriz Bilbon kokatu zuten, baina gero Leioara eraman zuten haren zati bat: han dago orduz geroztik. Sarri eskatu dute monumentu izenda dezatela, baina eskumen arazoak tarteko, ezinezkoa izan da. Orain alarma guztiak piztu zaizkie, Espainiako Gobernuak eskumena transferitu diolako Bizkaiko Foru Aldundiari, bide horretan bidegorria egiteko

Joaquin Carcamo IOHLEEko kideak azaldu du munduan eraikitako burdinezko lehen zubiak burdinurtu teknikarekin egin zituztela. “Ez zituzten egin asko, eta egin zituztenetako gehienak desagertu egin dira, Erresuma Batukoak salbu. Beraz, geratzen diren eskasek balio izugarria dute ikuspegi askotatik erreparatuta”. Esan du Frantziako Estatuan dozena bat inguru geratuko direla zutik. “Europan bizirik gehien iraun duten lekuetako bat da Frantzia. Italian bat edo bi geratuko dira; Polonian eta Alemanian ere, beste horrenbeste”.

Bilboko Areatzan 1848an inauguratu zuten burdinurtu teknikarekin egindako zubia. Hego Euskal Herrian egin zuten era horretako lehenengoa izan zen. “Isabel II.a izena jarri zioten. Burdinurtua botatzeko moldeak Bilboko Boluetako Santa Anan egin zituzten. Hiru urte geroago, 1851n, Sevillan [Espainia] inauguratu zuten teknika berarekin egindako beste bat”.

Historia bitxia du Leioako Udondora iritsi zen Bilboko Areatzako zubiaren zatiak: “Bilbokoa eraitsi egin behar izan zuten azken guda karlistan, setioa bukatzean. Zubi berria eraikitzen ari zen ingeniariari eskatu zioten Lutxanakoa [Barakaldo] eta Udondokoa ere eraiki zitzala. Bi horiek karlistek leherrarazi zituzten erretiratu zirenean. Udondoko zatian, ezin hobeto sartzen zen zutik iraun zuen Areatzako Isabel II.a zubiaren 11 metroko arkuetako bat. Udalari eskatu zion, eta honek eman egin zion”.

Areatzatik Leioara, 1876an

Beraz, 1876an Bilbotik Leioara eraman zuten. “Desmuntatu egin zuten, piezak eraman, eta Leioan, berriz ere muntatu zituzten”. Leioako zubia Boluetako Santa Anan galdatu zuten, 1847an. 1848ko urtarrilean inauguratu zuten Bilboko Areatzan eta 1876an Leioara eraman zuten. Han dago orduz geroztik: “Laster 150 urte beteko ditu han”. Gogora ekarri du Europan eraiki zuten era horretako lehen zubietako bat dela. “AEBetan eraiki zuten burdinezko lehen zubia zutik dago oraindik; burdinurtu teknikarekin egin zuten, eta Udondokoaren urte berekoa da”.

Egiturari dagokionez, Carcamok dio zubia oso egoera onean dagoela. “Areetatik Bilbora bazatoz, zubiaren gainetik pasatzen zara. Beraz, egiturari dagokionez, zubia zoragarri dago. Hala ere, Portu Zuzendaritzak [hura da jabea] oso gaizki zainduta dauka”.

Ondare aldetik duen garrantzia azpimarratu du Carcamok. Zubia zirgarien bide historikoaren ibilbidean kokatuta dago. “Duela gutxi inauguratu zuten zirgarien omenezko monumentua. Gaizki egin zuten, ordea. Ezkerraldean jarri dute, baina han inoiz ez da egin zirgarik. Akats historikoa da. Zirga Eskuinaldetik egin zuten beti. Eskuinaldeko bide hori ederto kontserbatu zuten historikoki, urteetan eskumena izan zuten erakundeek: garbi, ibaiertzean kale-argirik eta oztoporik jarri gabe, zirga egin ahal izateko”.

Carcamok gogorarazi du errepidea Espainiako Estatuarena dela. “Hala ere, azken albisteen arabera, badirudi transferitu egingo dutela. Ados jarri baitira Portuko Zuzendaritza eta aldundia bidegorria egiteko”.

Transferentziagatik pozik, baina proiektuagatik kezkatuta azaldu da IOHLEE. Proiektu horren eragina “oso larria” izan daitekeela ohartarazi du Carcamok, “zubia ez dagoelako babestuta”. Horregatik uste du zubiaren garrantziaz konbentzitu behar dituztela erabakiak hartu behar dituzten erakundeak: Leioako Udala, Portu Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia. “Inolaz ere ezin dugu onartu zubia desmuntatu eta biribilgune batera eraman dezatela. Zubi horrek ia 150 urte daramatza Zirga bidean”. Dena ez dute eman galdutzat. Joan den astean Leioako Udaleko Hirigintza sailarekin batzartu ziren. Eta orain, aldundiarekin eta Portuko Zuzendaritzarekin hitz egiten saiatuko dira.