Memoria

Gure amama Margari ume-umea zela hasi zen abadeei zerbitzatzen bere jaioterrian, Zeanurin. Aita hil zitzaien, eta, amari etxeko kontuetan lagundu beharra zegoenez, eskolara egun gutxi joan zela kontatzen zigun. Esaten zigun eskolara joandako zortzi egunetan ikasi zuela irakurtzen eta idazten. Gerora, neskame aritu zen Zaldibarko Gatzaga auzoan. Ezkondu ostean, zazpi aldiz erditu zen, eta erditutako lau alaba hilabete gutxiren buruan hil zitzaizkien, eta bosgarrena 5 urterekin joan zitzaien.

Emakume alai eta indartsu bat gogoratzen dut. Ilobontzako gusanitoak despentsan ezkutatzen zituen, eta, domeketan, etxerako eskailerak igo eta jaitsi aurretik, musu bat ematen geniola akordatzen naiz. Emakume apaina zen, eta kantatzea gustatzen zitzaion: “Maritxu, maritxu, gozo zalia zara zu…”. Harekin mezara joandakoan, egonezina sartzen bazitzaigun hala esaten zigun: “Behin ume batek mingaina atera zuen elizan, eta, harrezkero, kanpoan gelditu zitzaion, ezin izan zuen berriz sartu”. Benidormetik ekartzen zizkigun pijamekin akordatzen naiz, eta hoteleko bingoan lortutako panpinekin.

Aitita Gregoriorenean ikasi genuen egutegitik zintzilik egoten zen arkatz potoloari punta labanarekin ateratzen zitzaiola. Gaztetan gerrak harrapatu zuen. Ez zuen bere aita ezagutu, eta, ama alarguna zuenez, gorriekin frontean zela, etxera itzultzeko baimena eman zioten. Bueltatu zenean, laster etorri zitzaizkion nazionalak bila, eta berriz eraman zuten. Nazionalek preso hartutako batzuk zaintzen jarri zuten, eta haietako bat bere auzoko gertuko bat zela kontatzen zuen. Hark edo beste presoetako edozeinek hitz egiten bazuten, tiro bat emateko esan zioten.

Gazte alargundu zen aitita Gregorio, eta bost seme-alaba atera zituen aurrera baserrian. Behien artean edota soroan, burua albo batera eta txapela jantzita lanean aritzen zen gizon handi haren esku sendoekin akordatzen naiz. Berba jario handiko gizona zen, eta aspaldiko kontu eta pasarteak kontatzen zituen buruz. Pilota eta boxeoa gustatzen zitzaizkion, eta telebistako albistegiari adi egoten zen. Egunean egotea gustatzen zitzaion, ingurukoek esaten zutenari adi eta egunkaria xehe-xehe irakurriz. Mirerva markako telebistan katea aldatzeko, ezkaratzeko mahai gainera igotzen ginen. Kutxa urdinetik bizkotxoak jaten genituen, eta ogi mamiarekin ezabatzen genituen arkatzarekin marraztutakoak. Txapa, esne egosi usaina eta sukaldeko atearen alboko aititaren jesarlekua ditut akorduan.

Duela egun batzuk, 80 urte pasatxo dituen emakume batekin egin nuen topo kalean. Kontatu zidan pertsona bat joaten zitzaiola egunean pare bat orduz etxeko kontuetan laguntzera. Irribarre bihurri batekin esan zidan: “Lehen nintzan kriadia, eta oin naiz señoria“. Umea zela Algortako aberats batzuen etxean zerbitzatzen aritu zela banekien, eta azkar ulertu nion esan nahi zuena. Gu bion artean 50 bat urteko aldea zegoela kalkulatu nuen, eta mundua den zaharrerako, ez zitzaidan asko iruditu.

Gauden lekukoak beste gara gatozen lekukoak. Gogoratzea irautea dela iruditzen zait; iraganarekin bakea egitea, etorkizunarekin borrokatu ahal izateko. Memoria izan, memorian gorde eta memoriak kontatu. Noizbait guk ere izango du norbaitzuen memoria izateko luxua.