Bilboko Labore supermerkatu kooperatiboa bazkide berri bila dabil

Bilboko Labore supermerkatu kooperatiboa bazkide berri bila dabil

Peru Azpillaga Diez

“Beharrizan batetik sortu zen Labore”. Aritza Erkiziak, Bilboko Santutxuko Labore supermerkatu kooperatiboko kideak, argi du “beharrezkoa dela” kontsumo ohiturak aldatzea, eta, horregatik, bazkide berriak lortzeko martxan jarritako kanpainan dabiltza lanean haiek. Erkiziak azaldu duenez, orain dela lau urte, beste toki batzuetako esperientziak oinarritzat hartuta abiatu zuten proiektua, 250 bazkiderekin. “Gaur egun, 600 bazkide gara kooperatiban, baina proiektua ekonomikoki bideragarria eta egonkorra izateko, 800 bazkidera heltzeko erronka dugu”. Hurrengo urtearekin batera kopuru horretara heltzea espero dutela esan du, pandemia garaian “izoztuta” geratu den bazkideen kopuruari bultzada bat emanez.

“Osasun larrialdiarekin batera, bi fenomeno bizi izan genituen. Batetik, gure komunitatea trinkotu egin zen, eta gure bazkideek Laboren egiten zuten kontsumoa hazi egin zen. Bestetik, bazkide kopuruak hazteari utzi zion”, esplikatu du Erkiziak. Egoera horri buelta emateko, kanpaina bat jarri nahi izan dute martxan. “Udaberrirako eta udazkenerako, bi ziklo antolatu ditugu, eta, aldi berean, bisita gidatuak egingo ditugu dendatik”. Hala, hil honetan, tailer bat eta bi hitzaldi egingo dituzte, eta, urrian antzeko formatuko beste egitasmo bat antolatuko dutela jakinarazi du. “Alde batetik, proiektua ezagutzera eman nahi dugu, baina, era berean, egiten dugun hori edukiz janztea da asmoa”.

Erkiziak, gainera, Santutxuko proiektuaren izaera “zabala” nabarmendu nahi izan du. Ekainera bitartean eguenero egingo dituzten bisita gidatuetan parte hartzera deitu du jendea: “Batzuetan, ikusi dugu jendeak Laborera biltzeko beldurra duela, uste baitu bertara jotzeko, nahitaez bazkide izan behar zarela. Baina ez da horrela”. Proiektuaren berri izateko eta euren funtzionamendua probatzeko moduak daudela erantsi du. Horregatik, “beldurrik gabe”, bertara bildu eta proiektua ezagutzeko gonbita egin nahi izan du.

Lokala, ekologikoa, justua

“Ikusi genuen, hain zuzen, Bilbon elikadura burujabetzaren inguruan salto kualitatibo bat egiteko beharra genuela. Orduan, beste toki batzuetan abiatutako proiektuak eredu hartuta, Labore supermerkatu kooperatiboa sortu genuen”, kontatu du Erkiziak. Iruñeko Landare, eta Gasteiz eta Oiartzualdeko (Gipuzkoa) egitasmoak jarri ditu adibide.

Baina zer da supermerkatu kooperatiba bat? Erkiziak azaldu duenez, “supermerkatu itxura duen kontsumo talde bat” izango litzateke. “Ahalik eta bilbotar gehien” beste kontsumo eredu baten inguruan biltzea helburu duena. Hori bermatzeko, Laborek hiru printzipio nagusi dituela esan du: “Lokala, ekologikoa eta justua”. Esplikatu duenez, lokala da, zero kilometro filosofia eta gertuko zirkuituak babesten baititu. Ekologikoa, “osasuntsua eta ingurugiroarekiko errespetuz jokatzen duen produkzio sistema baten alde” egiten baitu. Justua, bai kontsumitzaileekin bai ekoizleekin “interes ekonomikoetatik kanpo” jokatzen duelako.

Supermerkatuan denetariko produktuak eskaintzen dituzte. Kopuruari begira, elikagaiak eta produktu freskoak nagusi direla aipatu du Erkiziak, baina garbiketakoak edota kosmetikoak ere badaudela esan du. “Laboren erosteak bermeak ere ematen dizkizu. Badakizu zirkuitu justuak bultzatzen dituzula; ekoizpen sistema arduratsuak dituztenak”. Izan ere, kontatu duenez, Laboren produktu bat saldu ahal izateko, ekoizleak, gutxienez, lehen azaldutako printzipioetako bat bete behar du.

Eredu horri eutsi ahal izateko, bazkideen formatura jo behar izan dutela erantsi du Erkiziak. “Azkenean, merkatuan dauden alternatibek, bereziki supermerkatu kate handiek, diru interesen arabera funtzionatzen dute. Orduan, gurea bezalako eredu batek, irabazi asmorik gabekoak, ekarpen ekonomiko bat eskatzen du bazkideen aldetik, proiektua martxan jarri eta bideragarria egin ahal izateko”. Bazkide bakoitzak urtean 70 euroko ekarpena egiten du, eta horri esker du proiektuak aurrera egiteko gaitasuna. “Hala ere, edonor bildu daiteke, eta erosketa batzuk egin ditzake bazkide izan gabe ere. Baina ekonomia aldetik bideragarria izateko, beharrezkoa dugu kuoten formatua”.

Bazkide izateak eskubideak ematen dituela gogorarazi du Erkiziak. “Bazkideek bai elkartean bai dendan hartzen diren erabaki nagusietan iritzia eta botoa emateko eskubidea dute. Horretaz gain, proiektuaren parte aktibo izan daitezke eta euren ekarpena egin dezakete”.

Alternatiba “erreal” bat direla nabarmentzeko, osasun larrialdiaren adibidea jarri du mahai gainean. “Hor argi ikusi zen gure proiektua desberdina dela. Langileen zein bezeroen osasuna zaintzeko, higiene eta osasun neurriak handitu genituen, eta langileek lanordu gutxiago izateko aukera izan zuten, auzolanari esker”. Dena den, aitortu du, oraindik ere bide luzea dutela aurretik egiteko. “Arrazoi asko izango dira Bilbon bazkideen tendentzia beste toki batzuetan bezain positiboa izan ez dadin”. Horregatik, proiektua ezagutzera ematen jarraitzeko asmoa azaldu du: “Laborek daukan garrantzia erakutsi behar dugu; Bilbon, Labore bat ez, Labore asko behar ditugu eta”.