Ateak zabaltzeko zaintza sarea

Ateak zabaltzeko zaintza sarea

Maialen Arteaga

Durangora etorritako Ekuatore Gineako herritarren sarea da Ceiba elkartea. Duela bost urte inguru formaldu ziren elkarte gisa, komunitateko kideak zaindu eta elkar laguntzeko helburuz. “Durangon oso gutxi ginen hasieran, baina, apurka-apurka, gero eta kide gehiago hasi ziren iristen. Ez genekien nola lagundu elkarri, eta nire izebari elkarte bat sortzea okurritu zitzaion”, azaldu du Ceiba elkarteko Flora Ncara Nve Mokuyek.

Etorri berri ziren kideak laguntzeko, eta, herrian gizarteratzeko makulu izan zitezkeelakoan, elkartea osatuz joan ziren Mokuyenen familiako hainbat kide. Gutxinaka-gutxinaka, handituz joan ziren, eta taldea gorpuzten joan zen. “Konturatu ginen denak Gineakoak garela, baina ez dugula elkar ezagutzen; gure herrikideak ezagutu eta Durangon bizitzeko prozesua erraztu nahi genuen”, esan du. Zaintza da taldearen oinarri eta balio nagusia. “Gutako norbaitek arazoren bat baldin badu, edonolakoa izanik ere, badaki Ceiban babesa izango duela”. Babesak hamaika aurpegi izan ditzakeela azaldu du: “Ekonomikoa, emozionala, asistentziala… Pandemia garaian arazo horiek guztiak areagotu egin dira, eta horrelako momentuetan asko eskertzen da eskua ematen dizuten lagunak izatea. Lehen ez zen horrela, baina saretzeari esker orain bai”.

Pentsakor jarri da Mokuy, eta hipotesia baieztatzera ausartu da: bere ustez, gehiago dela emozionala beste ezer baino. “Dirurik ez daukagu, baina dugun guztia eskaintzeko prestutasuna bai”. Aitortu du herrialde berri batera iristen direnean, “galduta” sentitzen direla. Hasierako momentu horretan iparrorratz izan nahi dute. “Hona heltzen zarenean, ez dakizu non zauden, nora joan… Zure herrikideren batekin elkartzen bazara, dena da errazagoa. Elkar ezagutzeko eta indarrak elkartzeko modu bat da”, adierazi du Mokuyk. Ezagutza hori, ordea, alde bietakoa dela uste du: “Guk bizilekuko kultura ezagutu eta haiek ere gurea ezagutu dezaten. Durangon hainbat kultura bizi gara, eta gure artean kolektiboki ezagutzeko elkarte baten beharra dago. Lehen, ginear gisa niri deitzen zidaten; orain, kolektibo oso bat hartzen dute kontuan, eta Ceiba deitzen dute”, zehaztu du. “Elkarteak elkarrekin lan egitea ahalbidetzen digu”.

Pertsonalki, elkarteak harremanak izateko gaitasunak eskuratzen lagundu diola iruditzen zaio. Desberdin ikusten du bere burua Mokuyk lehen eta elkartean sartu ondoren: “Ni oso itxia nintzen, eta horrek, hein batean, herrialde berrira egokitzea oztopatzen zidan. Elkarteak zabaltzen lagundu dit”. Hasieran “arraroa” egiten zitzaion: “Bilera batera joan, nire burua aurkeztu, hitza hartu…”. Baina aldaketa onerako izan dela deritzo.

Emakumeak, lehen lerroan

Ekuatore Gineatik etorritakoen artean, emakumeak gizonak baino gehiago direla iruditzen zaio Mokuyi, eta hori elkartean ere islatzen da: “Denak gara emakumeak. Hasieran mutilen bat edo beste egon zen, baina, gerora, emakumeok hartu dugu taldearen motorra gure esku”. Beste arrazoi sozial bat gehitu du: “Uste dut emakumeok laguntzeko sen handiagoa dugula, eta hainbeste emakumeren artean gizonak deseroso sentitzen dira”.

Mokuyek uste du COVID-19aren pandemiak pertsona arrazializatuen zapalkuntza areagotu duela: “Gero eta okerrago dago dena. Lana bilatzea, esaterako, oso zaila da guretzako. Eta pandemia sasoian etxebizitza bat lortzea ia ezinezkoa izan da”. Horren atzean arrazoi argi bat dago bere ustetan: arrazakeria. “Hemengo jende askok ez dizkigu etxeak alokatzen, beltzak garelako”, zehaztu du, argi. “Ateak beste inork baino itxiago ditugu, hori badakigu, baina ate horiek guztiak irekitzea da helburua”. Ate guztiak “ukituko” dituztela azaldu du; “zabaltzen dizkiguten arte”.