Organikoa bereizteko deia hondakin sortzaile handiei, Lea-Artibain

Eskualdean organikoaren bilketa indartzeko kanpaina abiatu du mankomunitateak. Azkeneko urteetan, ostalaritzan eta merkataritzan ez da handitu bilketa, eta hori aldatu nahi dute.

Peru Azpillaga Diez

Egin lekua organikoari lelopean, Lea-Artibaiko Mankomunitateak organikoa banatzeko kanpaina jarri du martxan zabor bilketaren ardura duen eskualdeko udalerrietan. Horietako seitan —Berriatuan, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren— gai organikoaren banaketa egiten da bosgarren edukiontzi marroiaren bidez. Komunikazioa eta kaptazioa oinarri izango dituen kanpaina berriarekin, hondakin sortzaile handien konpromisoa bereganatu nahi dute.

“2017. urtearen bueltan, organiko osoa jasotzeko lehenbiziko inplantazioa egin genuenean, sekulako arrakasta izan zuen”, nabarmendu du Luis Kazalis mankomunitateko ingurumen teknikariak. Orduan familietatik abiatu zirela azaldu du, etxez etxe informazioa banatuz.

Ostalaritza sektorea —ostatuak, jatetxeak, janari dendak…— aparte geratu zirela ikusi zuten, eta, horregatik, hurrengo urtean, haiei zuzendutako beste kanpaina bat jarri zuten martxan. 281 negozio bisitatu zituzten orduan, baina, kontatu duenez, erdiek baino gutxiagok ekin zioten bosgarren edukiontzia erabiltzeari. “Askorentzat ez da erraza: jarduera batzuetan, espazioa oso mugatua da, eta tabernetan, esaterako, erritmo handia dagoenean, errazenera jotzeko ohitura dago”, esan du Kazalisek.

2019-2020ko ikasturtean bildutako hondakinen %11 organikoak izan zirela jakinarazi du: “Sekulako igoera izan zuen, baina hor geratu da. Errefusa oraindik erdia baino gehiago da, eta badakigu organikoa dela zabor poltsara botatzen denaren %40 baino gehiago. Helburuetatik urruti dauden datuak dira, baina espero dugu luze gabe gutxienez %25era hurbiltzeko aukera izatea. Gainera, organikoa kudeatzea merkeagoa da”.

Etxeetako eskaerak “gora” egiten zuen bitartean, sortzaile handiena “ez atzera ez aurrera” zegoen eta kanpaina berri bat martxan jartzea erabaki dute. 263 sortzaile handi zenbatu dituzte, 217 jarduera ekonomiko eta 46 elkarte, eta haiei zuzendutako komunikazio eta kaptazio dinamikari ekin diote joan den apiril amaieratik.

“Txartelaren eta poltsaren erabilera normalizatu egin da biztanle askoren artean, eta guztiengana heldu ahal izateko pauso bat emateko garaia zela ondorioztatu genuen”, esplikatu du Kazalisek. “Ohiturak aldatzea da gakoa”. Alde horretatik, elkarteetan ere potoa jartzearen garrantzia azpimarratu du: “Elkarteei garrantzi handia eman nahi diegu, pentsatzen baitugu hor hondakin organiko asko sortzen dela”.

Horretaz gain, datuetan ikusi dutenez, behin organikoa poltsa orokorretik ateratzen denean beste gaiak ere “errazago” kudeatzen direla ohartarazi du. “Zeharka konturatu gara poltsa orokorretik organikoa aterata beste gaiak gehiago sailkatzen direla: beira, papera eta kartoia, ontzi arinak…”. Organikoa banatzen hasi zirenetik beste frakzioek ere gora egin dutela esan du Kazalisek.”Hori funtsezkoa da guretzat, eta horregatik dute hainbesteko garrantzia hondakin sortzaile handiek. Helburua errefusa jaistea da, eta kolektibo horrek material asko kudeatzen du. Horregatik da funtsezkoa”.

Lurrera itzuli

“Lurretik ateratzen dugun material bat berriro lurrera bueltatzea: hori da azken helburua”, gogoratu du mankomunitateko ingurumen teknikariak. Azaldu duenez, organikoa konpost planta batera eramaten da, eta, gero, berriro ekartzen dute bueltan eskualdera, baserritarren artean banatu eta lurrera itzul dadin: “Zikloa da, ekonomia zirkularra”.

Aurten bost tona konpost lortu dituzte, eta 40 pertsona inguru igaro dira jasotzera. “Beste kamioi bat ekarri behar izan dugu, arrakasta handia izan baitu”, erantsi du. “Garrantzitsua da jendea konbentzitzea, baina baita erakustea ere egiten duen hori nora doan eta zer lortzen den”. Eskualdean auzo-konposta edo auto-konposta egiten duten herritarrak daudela adierazi du; batez ere, landa eremuan.