Lutxanan 71.000 metro koadroko parke bat egitea aurreikusi dute

Barakaldoko auzoan zegoen Sefanitro lantegiaren ondoko Tun Tun mendiaren lurretan egingo dute parkea. 2.000 etxebizitza inguru ere aurreikusten ditu udalaren planak.

Natalia Salazar Orbe

Aspaldikoa da Barakaldoko Lutxana auzoan Sefanitro enpresa zegoen orubea eta inguruak urbanizatzeko egitasmoa. Orain, udal plangintzako aholku batzordeak martxan jarri du inguruko hirigintza plana eraldatzeko prozesua. Bizilagunekin batera gauzatutako prozesu parte hartzailearen ostean, hainbat jarduera aurreikusi dituzte 200.000 metro koadrotik gorako oruberako. Besteak beste, ia 2.000 etxebizitza eraikiko dituzte. Horrez gain, 71.000 metro koadroko parkea egingo dute, ondoan duen Tun Tun mendiaren lurrak baliatuta.

Batzordeak joan den astean egindako izapidearen ostean, udaleko batzorde informatiboak eta osoko bilkurak onartu beharko dute plana, behin-behinean. Prozesu horren ostean, herritarrek ikusi eta kontsultatzeko erakusgarri jarri beharko dute, eta, azkenik, osoko bilkurak onartu beharko du berriro.

Aholkularitza batzordea 2009. urtean sortu zuten. Juan Antonio Pizarro Etxebizitza eta Hirigintza zinegotzia da presidentea, eta udaleko talde politiko guztietako ordezkariek ere parte hartzen dute. Horiez gain, Hirigintza Saileko teknikariek, Eretza hirigintza elkarteak, Inguraldek, bizilagunen elkarteek, talde ekologistek eta Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak ere bai.

Pizarroren ustez, planak onurak izango ditu: “Sefanitro lantegia Lutxanaren eta Barakaldoko gainerako eremuaren arteko barrera bat zen. Gure hiriaren egitura urbanoa hausten zuen. Eremu hori berreskuratuta, Lutxana eta Barakaldo arteko komunikazioa hobetuko da. Gainera, auzoaren eraberritze integralerako behin betiko bultzada bilakatu behar da”.

Planak aurreikusitako egitasmoen artean, Tun Tun mendiaren paisaia berreskuratuko dute, eta 71.000 metro koadroko parkea eratuko dute haren lurretan. Zinegotziak azaldu du jarduera horri esker “hiriak beste birika berde bat” eskuratuko duela. “Eta Barakaldok itsasadarraren eskuinaldetik duen sarrera ate nagusia edertuko du”.

Ondare arkeologikoa

Natur arloko aberastasunaz gain, bestelako interesguneak ere baditu mendiak. Hain zuzen, eremu horretan Arrondegiko gotorlekua esaten zaionaren aztarna arkeologikoak daude. “Aztarna arkeologikoak babesteko neurriak hartuko ditugu, aztarnategiaren garrantzia nabarmentzeko. Horrez gain, lekuaren garrantzi historikoa ere ezagutaraziko da. Bertan gertatu ziren Lutxanako bataila eta Bilboren setioa I. Guda Karlistan”.

Bestelako ondare historikoari dagokionez, Sefanitroko zamalekua berreskuratzeko lanak ere aurreikusi dituzte planean. Eusko Jaurlaritzak kultur ondarearen inbentario orokorrean sartzeko izapideak abiatu ditu.

Auzoko eremu horretara iristeko azpiegiturak egiteko asmoa ere iragarri dute. Hain zuzen, errepideak egingo dituzte, eta 2.000 etxebizitza inguru. Horietako 700 babes ofizialekoak izango dira, eta gehienak eraikita daude jada. Horrez gain, azpiegitura publikoak ere aurreikusi dituzte, auzoari askotariko zerbitzuak emateko: sozialak, kulturalak, kirol arlokoak eta herritarrak artatzeko administrazio arlokoak. Besteak beste, eskalada murru bat, kiroldegi bat eta bi igerileku egingo dituzte estalitako kirol eremuan. Aire zabalean, berriz, bi futbol zelai jartzea aurreikusi dute.

Kultura eta gizarte arloetarako eremuan, askotariko ekitaldietarako areto bat, ikasketa eta batzarretarako gelak, tailerrak egiteko gelak eta bi liburutegi egingo dituzte —bata, familientzat, eta bestea, gazteentzat—. Gizarte etxearen bestelako eremuetan, besteak beste, kafetegia eta aldagelak jarriko dituzte.

Pizarro zinegotziak esan du herritarrek 2020ko uztailean egin zuten parte-hartze prozesuan egindako ekarpenak izan dituztela kontuan plana garatzeko. “Bizilagunen artean interes handiena piztu zuten gaiak mugikortasuna, ekipamenduak eta natur eremuak izan ziren”.