Maialen Arteaga
Itsas animaliak babestu eta ikertzeko asmoz sortu zen Plentziako Ambar elkartea, 1998an. Unibertsitatetik atera berritan, anbizioak, ezinegonak eta zaletasunak batuta, elkarte formal bat osatzea pentsatu zuten hamar bat kidek. Horietako bat da Leire Ruiz, egun Ambar elkarteko lehendakari eta biologoa. “Konturatu ginen hainbat itsas animalia Euskal Herriko kostara gerturatzen zirela; datu bilketa egiten hasi ginen, eta, aurreikusi bezala, ondorioztatu genuen hainbat zetazeoren hondarreratzeak gertatzen zirela”, kontatu du Ruizek. Interes pertsonaletatik abiatu zirela esan du, eta,erraztasunak izateko, elkarte bilakatzea erabaki zuten.
Hasiera hartan dozena bat baino gutxiago bildu baziren ere, orain ehun bazkide baino gehiagok osatzen dute elkartea. Hasierako asistentzia lanetatik harago, hainbat ekintza, formakuntza saio, erakusketa eta ikastaro antolatu izan dituzte, haur zein helduentzat. Urte hauetan guztietan izandako zetazeoen hondoratzeetan ere, hainbat arrasto eta material jaso izan dituzte: “Haginak, burezurrak, eskeleto osoak… Eta jasotako horiekin posterrak, panelak eta beste hainbat gauza ditugu bilduta. Orain beste pauso txiki bat eman nahi dugu, eta jakintza eta material hori guztia erakutsi”. Izan ere, 25 urte baino gehiagotan jasotakoak gordetzen ditu elkarteak Plentziako lokal batean. “2017tik daramagu hor beste eragile batzuekin, eta ekintza asko egitea ahalbidetu digu. Baina eraikinak arazo arkitektonikoak dituenez, segurtasunagatik abenduan itxi egin behar izan zuen udalak”, azaldu du Ruizek.
Bitartean, udalak liburutegipeko gela txiki bat eskaini die. Espazio beharrean, eta 25 urteko materiala jasota dutela, museo bat irekitzeko utopiaz ere mintzatu da taldekidea: “Ideia badugu, baina ideia hori gauzatzeko, inbertsio eta azpiegitura ugari behar dira, eta Ambarrek, momentu honetan, ez dauka horretarako gaitasunik”. Geroan jarri du ikusmira: “Erakusketak egin izan ditugunetan, arrakasta izan dute. Museoarena etorkizun urrun baterako ideia bat da”.
Pandemia, itsasoraino
COVID-19aren pandemia itsasoraino ere iritsi da. Zuzenean birusa bertan ez badago ere, itsas animaliekin lanean diharduen elkarteak nabarmen igarri du. “Diru laguntzak jasotzeko hiru deialdi prestatu genituen, baina koronabirusaren arazoa hasi zenean bertan behera gelditu ziren”, zehaztu du Ruizek. Eragina arlo ekonomikotik harago ere joan da, ordea. “Zetazeoen hondoratze gutxiago erregistratu ditugu iaz eta aurten; eta ez da kostetan animalia hilik ez delako egon, baizik eta ez direlako identifikatu”. Itxialdi perimetralen eta konfinamenduen eraginez jende gutxiago ibili da kostan; eta, ondorioz, lekukorik izan ez denez, dei gutxiago jaso dituzte. Ruizek azaldu duenez, urtean animalia zetazeoen 40 hondoratze inguru zenbatzen dituzte, eta aurten hamahiru jaso dituzte. “Horren erakusle izan da igaro berri den Aste Santua: mugitu ahal izan garen egunetan, hainbat izurderen hondoratze deiak jaso ditugu, ohikoa den bezala. Konfinamenduan eta itxialdi sasoietan dei horiek desagertu egin dira”.
Gertatuz gero, nola jokatu
Kostan ezohiko animali basatiren bat ikusiz gero, zer da egin behar dena? “Lehenengo, SOS Deietara deitu, 112 telefono zenbakira; haiek guri deitzen digute”, argitu du Ruizek. Beste ohar batzuk eman ditu: “Beste gauza garrantzitsu bat animalia ez ukitzea da: ez dira ez peluxeak, ez entrenatutako animaliak; animalia basatiak dira, eta, izututa badaude, oldarkorrak ere izan daitezke”. Hilda badaude, “are gutxiago” esan du: “Fokatxoen eta izurdeen irudia maitekorra da, eta, hilda daudenean, asko haiengana gerturatzen dira. Baina gaixotasunak transmititu ahal dizkigute. Maskararik eta eskularrurik gabe haiengana hurbiltzea oso arriskutsua da”.