Giza baliabideetan espezialista

Patxo Telleria

Arriskutsua zela esan zidaten; morroiak jakitera benetan zer nahi dudan, arazoetan sartuko naizela. Negozio hartan broma gutxi. Baina nire egoera ekonomikoa ere broma gutxitarako dago. Pertsonaia bat ehizatu behar dut, bai edo bai.

Bere zerbitzu eske dabilen bezero baten itxurapean hurbildu eta amua irentsi du. Giza baliabideetan espezialista bezala agertu du bere burua, eta hala egiaztatzen du eskaini didan txartel komertzialak. Niri zinikoa iruditu zait titulua, baina bere lana azaltzen hasi eta huraxe da bere ofizioa funtsean: giza talentuak gestionatzea, pertsona egokiak hautatzea, sinergiak sorraraztea, hautagaiak lantaldean inplikaraztea, lan giro ona bermatzea, motibazioa lantzea, konpainiaren baloreak transmititzea…

Erretorikak utzita, harira jo du segituan, nire kredentzialak eskatuz. Dena daukat prest: odol analisiak, GIB eta hepatitis frogak, giltzurrunen analisia…

Adinak ez duela nire alde jokatzen eta bezeroek hautagai gazteagoak hobesten dituztela, esan dit. Ulertzen dudala, nik. Hala ere, gaineratu du, bere enpresan ni bezalako jendeari aukera bat eskaintzeko konpromisoa daukatela, lan merkatutik basaki alboratutakook oraindik zerbitzu asko eskaini ahal dizkiogulakox gizarteari. Berak bazterturikoen talentuari zukua ateratzeko hautu pertsonala egin duela. Tira, itxaropenik gabeko marjinatu bat naizela eta gazte bati baino askoz gutxiago ordainduko didatela esan dit, laburbilduz, baina kabroiak hitzak ondo erabiltzen ditu eta xamur hartu dut. Bistan da espezialista dela giza baliabideetan.

Denbora agortzen ari da eta oraindik galdera hori egin behar diot, ez niregatik, bost axola kontu moralak, baina nik ere, berak bezala, nire bezeroei nahi dutena eskaini behar diet: ea bere lanak arrangurarik sortzen ote dion. Serio begiratu dit, eta une batez burutik pasatu zait nire benetako asmoaz jabetu dela. Izerdi hotza sentitu dut bizkarrezurrean behera. Alarma faltsua. Ez da mesfidantza, harridura baizik. “Arrangura zergatik? Zuk giltzurruna sobera duzu eta dirua faltan, eta beste norbaitek dirua badu baina giltzurrunik ez. Nik elkarren premiak adosten ditut, bion mesederako. Zertaz damutu beharko nintzateke? Kondenagarria ote da pertsona bati giltzurrun edo kornea bat bere borondatez erostea, eta, aldiz, onargarria pertsona horri lan egin araztea soldata ziztrin baten truke bere zuku guztia atera arte?”.

Klandestinitatean ari direla, bai, baina ez euren borondatez, eta ez euren jarduna kaltegarria delako, Osasun Publikoak transplanteen monopolioa ezarri duelako baizik, hartzaile eta emaileen kaltetan. Esparru honetan ere, beste hainbatetan bezala, ekimen pribatua onuragarria dela. Haiei esker, Osasun Publikoaren transplanteen eskaria gutxitzen dela, kolapso sanitarioa ekidinez. Denbora kontua dela euren jarduna legeztatzea, negozio hau eskari-eskaintzaren legepean uztea. Funtzionario apatikoen ordez, osasuna ekintzaileen eskuetan uzten denean, denok aterako garela irabazten.

Erlojuari begiratu dio, eta ea erabaki dudan galdetu dit, solasaldia bukatutzat emanez. Pentsatuko dudala, nik. Nire deiaren zain geratzen dela. Badoa. Bezero on batek gibel oso bat behar du, eta hori erronka delikatua da. Sinergia, erresilientzia eta proaktibotasun guztia behar dira proiektu hori portu onera eraman ahal izateko.

Bakarrik geratu naiz. Aste honetako harrapakina lortu dut, baina ez nago lasai. Zenbat ordainduko didate beragatik? Huskeria bat. Eta noiz arte izango dut ehizan jarraitzeko indarrik? Gutxira arte. Giza baliabideetan Espezialistaren txartel komertzialari begira geratu naiz. Eta ni bezalako batentzat bi giltzurrun izatea gehiegizko luxua dela pentsatu dut. Diru galtze bat.