Euskal fantasien edizioa

Euskal fantasien edizioa

Zihara Jainaga Larrinaga

Iazko ezohiko edizioa atzean utzita, ohiko datetara itzuli da aurten FANT Bilboko zinema fantastikoaren jaialdia. Gaur hasi eta maiatzaren 16a arte, fantasia eta beldurrez beteriko 73 proiekzio eskainiko dira 43 saiotan banatuta, Bilboko Golem Alhondigako zinema aretoetan. Horrez gain, lanak online ere ikusi ahalko ditu jaialdira joan ezin duenak; hain zuzen, Filmin plataforman jarri dituzte lanetako batzuk.

Sail Ofizialean zein beste sailetan parte hartzen duten pelikulez gain, euskal sortzaileek garrantzi handia izango dute 27. edizioan. Aurtengoa jaialdi berezia dela nabarmendu du Vanesa Fernandez zuzendariak. Hasteko, inaugurazio ekitaldian Igor Legarreta bilbotarraren Ilargi Guztiak pelikula estreinatuko dute. “Jaialdia bertako pelikula batekin hastea, eta gainera euskeraz, guretzat ohore handia da”, adierazi du zuzendariak. Aurreratu duenez, pelikula “bikaina” da, “oso ondo” idatzia eta zuzendua. Hala, lantalde artistiko “aparta” duela azpimarratu du. Itziar Ituño bizkaitarra dago aktoreen artean, besteak beste. Azkeneko gerra karlistan girotuta dago pelikula: basoan bizi den andre batek neska bat salbatuko du umezurztegi batetik, eta hilezkortasuna emango dio, berekin basoan bizitzearen truke.

Euskal ekoizpenak oso garrantzitsuak direla gaineratu du Fernandezek, eta jaialdian izaten diren euskal film laburren proiekzioak jarri ditu adibide. Ohi bezala, film laburrak izango dira jaialdiaren oinarrietako bat. Guztira, 21 ekoizpen motz proiektatuko ditu festibalak, eta haietako 11 euskal zuzendarienak izango dira. “Oso arrakastatsua izaten da ekimena, eta euskal zuzendarientzat oso garrantzitsua da FANT bezalako nazioarteko jaialdi batean euren lanak erakustea eta beste lanekin batera lehiatzea”. Hain zuzen, bihar arratsaldean eskainiko dituzte Azkuna Zentroko Auditorioan euskal film laburrak. Hautatutakoen artean, euskarazko zenbait ekoizpen daude: Aitor Mendilibarren Irten barrura, Xanti Rodriguezen Ospel, eta Maria Fontanen Zerua hautsi zen gaua, hain zuzen.

TESS ETA NI

Izen handiak

Europa mailako hiru estreinaldi eta Euskal Herri mailako zortzi nagusitzen dira egitarauan. “Oso programazio zabala dugu, beti bezala”, esan du Fernandezek. Hala, berriz ere nazioarte mailan ekoitzi diren pelikula esanguratsuenak ekarri dituzte atal ofizialean lehiatzeko, film luze zein laburrak. Esaterako, Euskal Herrian lehen aldiz ikusi ahal izango dira Kurtis David Harderren Spiral, Yernar Nurgaliyeven Sweetie, Tou Won’t Believe It eta Michael Mayerren Happy Times. Bestetik, Europa mailako estreinaldiak izango dira Harpo eta Lenny Guilten Mother Schmuckers eta Badley Parkerren The Devil Below pelikulak.

Festibalak atal bat du sortzaile esanguratsuak nabarmentzeko: FANTeko maisuak. Aurten Bong Joon-ho eta Jack Sholder zuzendariei egingo diete aitortza. Halaber, zuzendari korearraren Parasite pelikula saritua emango dute datorren astean, eta baita beste hainbat lan ere: The Host, Memories of Murder, Mother eta Snowpiercer. Bestalde, zuzendari estatubatuarraren The Hidden filma ere ikusi ahal izango da. “Gure publikoa oso leiala da, eta beti daki altxorren bat baino gehiago aurkituko duela”, aurreratu du zuzendariak. Halaber, adierazi du egitaraua osatzerakoan lan oso fina egin behar izaten dutela pelikulak aukeratzeko, estreinaldiak lortzeko eta profesionalen arreta lortzeko. “Azken finean, gure identitatea ahaztu barik, jaialdi indartsu eta erakargarri bat antolatu behar dugu”. Oro har, programazioa “zabala eta heterogeneoa” dela nabarmendu du zuzendariak, baita umorea gailendu dela aurtengo hautaketan ere. 600 filmen artean aukeratu dituzte programazioa osatzen duten ekoizpenak; beldurrezko generoak dituen azpigeneroen barnean, komedia gailendu da.

ILARGI GUZTIAK

Gaur arratsaldean, Bilboko Campos antzokian egingo dute hasierako ekitaldia, eta, Legarretaren filma proiektatzeaz gain, zenbait sari banatuko dituzte: zehazki, Ohorezko Fant saria emango diote Jaume Balaguero zuzendariari, eta Fantrobia, berriz, Lluis Quilez zuzendari, gidoilari eta ekoizleari. Aitortzaz gain, Balagueroren sorkuntzarik entzutetsuenetako bat emango dute bihar: Los sin nombre. “FANT jaialdiarentzat ohore handia da Ohorezko FANT Saria Jaume Balaguerok jasotzea”, adierazi du Fernandezek. Ezaguna da nazioarte mailan izan duen ibilbidea eta aitorpena; bere filmografian arrakasta handia izan duten pelikulak ditu: Frágiles, Darkness, REC, Mientras duermes edota Musa bezalako film luzeak. Ez da Balaguerok jaialdian parte hartuko duen lehen aldia, eta, horregatik, saria jaso aurretik oso pozik dagoela adierazi du.

Pelikulak baino gehiago

Filmez aparte, bestelako ekintzak ere antolatu dituzte aurten FANT jaialdian. Hain zuzen, Fernandezen ustetan jaialdiak egitarau garaikide eta zabala eskaini behar du, berritasunez josia eta pelikulez gain, bestelako ekitaldi eta topaguneak ahalbidetzen duena. Horren erakusle, Odol tinta Banpiroari omenaldia erakusketa dago Zabalgune eraikinean. Komikiarekin, ilustrazioarekin eta diseinuarekin lotutako 24 euskal artistek parte hartu dute, fantasiazko generoaren funtsezko ikono horretan inspiratutako irudiak eginez. Eguenera arte, 08:00etatik 20:00etara bisitatu daiteke; sarrera doakoa da.

BECKY

Domeka honetan, berriz, Akelarre filmaren ekoizpen prozesuaren nondik norakoak azalduko dituzte Nerea Torrijosek, Aranzazu Callejak eta Maite Arroitajauregi Mursego-k, bakoitzak bere egitekotik: jantzien diseinurik onenaren Goya saria irabazi zuen Torrijosek, eta musikarik onenaren kategorian gailendu ziren Calleja eta Arroitajauregi.

Fernandez itxaropentsu agertu da festibala hasi aurretik. Martxoan eta apirilean PREFANT zikloa antolatu dute hainbat proiekziorekin, motorrak berotzeko, eta jendearen harrera oso ona izan dela eta oso pozik daudela adierazi du. “Jendea gogotsu dago”.