Peru Azpillaga Diez
Abenduan ireki zituen ateak Sustraiak Catering proiektu berrituak. Bilboko Santutxu auzoan daude. Crowfunding kanpaina baten bidez lortutako finantzaketari esker, janari agroekologiko eta beganoa eta emakume migranteen gizarteratzea eta laneratzea helburu duen kooperatiba bat dira.
Proiektu berria da, beraz, Sustraiak Catering, baina baita ibilbide luzekoa ere. Garbiñe Arroyuelo kooperatibako kideak azaldu du orain loratu arren haziak aspaldi landatu zituztela: “Honen guztiaren hasiera Errekaldeko Kukutza gaztetxean jazo zen”. Bertan ekin zioten janari begetarianoa kozinatzeari, ostiralero bost euroko menu bat eskaintzeko asmoz, eta, gerora, Kukutza bota bazuten ere, taldea mantendu, eta eskaintza herrikoiari eustea lortu zuten.
“Gaztetxea bota zuten eta lekurik gabe geratu ginen; hala ere, auzoko taberna batean jarraitu genuen menua eskaintzen”. Gutxinaka, proiektuari forma ematen joan zirela azaldu du Arroyuelok. Hala, 2018an, Sustraiak kooperatiba eratzea erabaki zuten. Catering begetariano eta agroekologikoa eskaintzea izan da geroztik haien jarduna. “Lagunen artean zabalduz joan ginen ideia: batzuek ortuak dituzte; beste batzuek pasta egiten zuten… Konturatu ginen hau guztia lotuz cateringaren munduan bestelako alternatiba bat eskain genezakeela, eta hala ekin genion”, nabarmendu du.
Beste bi kiderekin batera osatu zuen Arroyuelok Sustraiak kooperatiba. Azken urteetan, filosofia horri eutsiz ibili dira lanean, aurrera egin ahala ikasiz: “Bertoko produktuak, zero kilometrokoak, agroekologia eta janari begetarianoa izan ditugu ardatz, eta gu ere moldatuz joan behar izan gara. Kukutzan, esaterako, asko birziklatzen genuen; lotura oso estua genuen auzoarekin, baina ez genuen produktua hainbeste zaintzen; astero menu merke bat eskaini behar genuen”. Harrezkero, ibilbide luzea egin dute: “Sarearen zaintza, ekoizleen ikusgaitasuna, produktuen balioa…, hori guztia kontuan izanik, bezeroari zerbait goxoa eskaintzea izan da beti gure helburua”.
Gizarteratzera salto
“Elikadura eta sukaldaritza eraldaketa sozial eta politikorako tresna bat direla uste dugu”: hala deritzo Arroyuelok. Horregatik, iaz, martxan zuten proiektuan beste pauso bat eman, eta, Errotik kooperatibarekin bat eginez, Sustraiak Catering kooperatiba sortzea erabaki zuten. “Beste buelta bat eman nahi izan diogu gizarteratze enpresa bilakatzen: Errotik kooperatibarekin batera bi proiektuak lotu, eta Sustraiak berritu hau sortu dugu”.
Hori dela eta, iazko arazoa aukera gisa baliatu zuten, eta pandemiaren garaia erabili aurrelanketa egiteko: “Crowfunding bat abiatu genuen finantzaketa lortzeko, eta itxita eman genuen denbora lokal berria atontzeko baliatu genuen”. Abenduan ireki zituen ateak proiektu berriak, Santutxun: “Hasieran pixka bat beldurgarria izan zen, baina, gero, ikusi dugu jendea gerturatzen dela, eta auzoaren partetik oso harrera ona izan dugu”.
Horiek horrela, Arroyuelok esplikatu du orain beste bi langile dituztela, Sustraiak-eko hiru kideez gain. “Lanpostuaz aparte, ahalduntze prozesu bat ematea da helburua. Lanaz gain, bestelako formakuntza bat eskaini nahi dugu, beste hainbat esparrutan ere laguntzeko gai izan eta gurekin ditugun pertsonen beharretara moldatuz”. Kontatu du oraingoz emakume migranteekin lanean ari direla. “Hasi berriak” diren arren, emandako pausoarekin “oso pozik” daudela erantsi du.
Menuak eta ikastaroak
Abenduan ateak ireki bazituzten ere, Arroyuelok aitortu du osasun larrialdiaren ondorioz catering zerbitzuak “nahiko geldirik” daudela. Horregatik, bestelako bideak bilatu dituzte: batetik, astero menu bat eskaintzen dute, eta, banatzaile kooperatiba txiki baten bidez, janaria etxean jasotzeko aukera ere eskaintzen dute, Arroyuelok azaldu duenez; bestetik, jakinarazi du bi astean behin sukaldaritza begetarianoan trebatzeko ikastaroak ematen dituztela. Horrekin batera, atondutako lokal berrian, haien “ekoizle sarearen parte diren kideen” produktuak ere saltzen dituzte. “Garai zailak izan arren, joera positiboa da, eta horrek asko alaitzen gaitu”.