Iraganeko bizimodura jauzia

Iraganeko bizimodura jauzia

Oihana Cabello

Etxebizitza, bizitoki izateaz gain, bizimodu ereduaren erakusgarri ere bada. Dimako Antzasti museoak denboran atzera jauzia egiteko aukera ematen du: aurreko garaietako tradizioa eta modernitatea aurrez aurre erakusten ditu Cristina eta Elena Amezaga ahizpek kudeatzen duten museoak. XIX. mendetik XX. mendera arteko eguneroko bizimodua eta emakumeek landa eta hiri eremuan izan zuten rola erakustea du asmo. Orain hamar urte hasi ziren orain museoa dena zaharberritzen, eta hiru urte dira museoa zabaldu zutela. Prozesu horretan bidelagun izan zuten Abel Ariznabarretaherriko historialaria, eta liburu bat kaleratu berri dute, elkarlanean.

Etxearen inguruan egiten du Antzastik kontakizuna, eta, hori ardatz hartuta, iraultza industrialak ekarri zituen aldaketak erakusten ditu, hiru ordu laurdeneko bisita gidatuan. Hiru solairutan, Arratiako eta Bilboko etxebizitzetan barrena ibiliko dira bisitariak. Beheko solairuan baserriko korta batean sartuko dira. Kontrastea sortzeko, haren ondoan dago sasoiko Bilboko etxebizitza bateko sukalde moderno bat. Logelak ere ikus daitezke. “Sasoi hartan batean eta bestean etxebizitza nola ulertzen zuten azaltzen dugu bisitetan. Hau da, baserria produkziorako lekua zen, lanerako. Aurrez aurre, ikus daiteke Bilboko pisuak bizitoki zirela, ez lanerako. Pisuetan, lan egiteko leku bakarra sukaldea zen”, azaldu du museoko arduradunak. XIX. mendetik XX. mendera arteko aldian hasi ziren bizimodu eredu tradizionala zuten emakumeak hiri modernora jotzen, lan egitera: sukaldari, gozogile, ume zaintzaile… “Etxearen kontzeptua, beraz, aldatzen hasi zen, baita baserritarrentzat ere. Beharrerako ziren baserriak, gaur egun, leku dekoratuak dira, atsedenerako, deskonektatzeko”. Museoan jarrita dauden logeletan, gainera, ikus-entzunezkoak daude, bertan grabatutakoak: “Horietan azaltzen dira baserriko familia bat eta antzinako Bilboko beste bat, haien bizimodua nolakoak zen erakusteko”.

Arratiako tranbia

Lehenengo solairuan bizitza tradizionaleko etxebizitza bat ikusten da, baserria nolakoa zen eta nola bizi ziren hor. Azaltzen dena da etxebizitza funtzioa betetzen zuen gunea oso txikia zela eraikinarekin konparatuta. Azken gela lastategia da, eta eskaileretatik gora ganbera irudikatu dute. Horiek biak Bilbon girotuta daude: “Baserrietako biltegi lekuetan —lastategian eta ganberan—, Bilbo irudikatzen da, Bilboko dekoratu eta altzariekin, txokoetan”. Cristina Amezagak azaldu du gune hori espositiboagoa dela.

Bizimodu ereduaren aldaketan, zalantzarik gabe, eragin zuzena izan zuen Arratiako tranbiak. Bilboko Arriaga antzokiaren ingurutik atera eta Arraitiarano heltzen zen tranbia bi bizimoduen arteko lotura zen, eta Antzasti museoak bidaia sinbolikoa egiten du: ikus-entzunezko baten bitartez, Arratiako baserritik Bilboko Arriaga inguruko etxe batetara jauzia egingo dute bisitariek.

Publiko guztientzat

Taldeak, familiak, erretiratuen edota emakumeen elkarteak joaten zaizkie bisitan. Amezagak azaldu bezala, “emakumeari buruz asko du esateko” museoak: “Etxea oinarri duen museo bat da, eta historiaren momentu horretan emakumeen lekua etxea zen. Oro har, baserrian eta Bilboko etxe batean emakumeen bizitza nolakoa zen azaltzen dugu”.

Ikastetxeek ere bisitatzen dute Antzasti. “Gure historia hurbila da, eta ume eta gazteek ezagutu egin behar dute. Azken hamarkadetan bizimodua asko aldatu da, baina guk azaltzen ditugun kontuak historia hurbilekoak dira”. Hala ere, Amezagak onartu du gehien disfrutatzen dutenak aitite-amamak izaten direla, “bizimodu eredu hori ezagutu izan dutenek”. Adierazi du umeei gehien gustatzen zaien lekua antzinako baserrietako komuna dela: “Deigarria zaie kakalekua balkoian dagoela eta kaka baratzera erortzen zela ikustea”.

Bisita gidatuak

Bisita gidatuak eskaintzen ditu Dimako Antzasti museoak. Erreserba egin behar da, eta Antzasti.eus atarian eros daitezke sarrerak. Gehienezko bisitari kopurua orain, bost lagunekoa da.

Bisita bakarrik
7 euro (6-11 urte artekoek 4 euro). Ordubeteko bisita gidatua.

Bisita eta hamaiketakoa
16 euro (umeek 10 euro). Bisitaz gain, hamaiketakoa egiteko aukera, bisita aurretik edo ostean.

Bisita, hamaiketakoa eta bazkaria
36 euro (umeek 16 euro). Bisita, hamaiketako eta herriko jatetxeetan bazkaltzeko aukera.