“Helburua da gazteek euskaraz eta euskaratik esperimentatzea”

“Helburua da gazteek euskaraz eta euskaratik esperimentatzea”

Natalia Salazar Orbe

Gaur da azken eguna Urtxintxa elkarteak uztailean Barakaldon eskainiko dituen udalekuetan izena emateko. BECen egingo dituzte, hilaren 5etik 16ra. Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleei zuzenduta daude. Sorkuntza izango dute ardatz, Maite Asensio Iparragirre (Tolosa, Gipuzkoa, 1980) Urtxintxako koordinatzaileak iragarri duenez, eta arlo digitalean ere euskara erabiltzea dute helburu.

Euskararen erabilera sustatzea dute helburu Ikusika udalekuek. Zer eskainiko duzue?

Sorkuntza udalekuak izango dira. Hizkuntzan eragitea da gure helburua, baina, gaztetxoak erakartzeko asmoz, aztertu egin dugu zer gai izan daitezkeen erakargarriak haientzat. Alde horretatik, ikusi dugu teknologiak, pantailek, asko erakartzen dituztela, eta, aldi berean, aukera egokia iruditu zaigu gaiaren inguruko heziketa lantzeko ere, pantailek arriskua baitaukate.

Zer-nola landuko duzue?

Besteak beste, bideogintza eta irratigintza landuko ditugu. Batez ere, ahozkotasuna eskatzen duten sorkuntza lanak landuko ditugu. Aisialdia ez da euskara ikasteko eremua, baizik eta euskara erabiltzekoa. Euskara oharkabean erabil dezaten nahi dugu. Horretarako oso gai egokia iruditzen zaigu. Sorkuntza aukera askea izango dute. Sortzen duten hori sortzeko, hizkuntza erabili beharko dute. Hizkuntza hori euskara izanda, eta haien gustuko zerbait eginda, uste dugu asko gozatuko dutela, eta, ohartu gabe, euskaraz gozatuko dutela.

Oharkabean euskaraz natural egingo dutela esan duzu. Zer baliabide erabiliko duzue?

Hezitzaileak teknologia berrien inguruan trebatuko ditugu. Adituak ere etorriko dira: esaterako, bideo jokoak sortzen dituen jendea, eta erakutsiko digute zer dagoen bideo joko baten sorkuntzaren atzean. Gure helburua ez da udalekuetan haurrak bideo jokoetan jolasten egotea, baizik eta sorkuntza horretan zer dagoen ikustea. Gauza bera bideogintzan aritzen den jendearekin. Era horretako adituek teknika askotarikoak erakutsiko dituzte. Irratigintzan ere, antzera; goizero irrati saioa egingo dugu, haurrek prestatuta. Behar diren baliabideak jarriko dira. Gure helburua ez da udalekuen bukaeran izugarrizko sorkuntza lanak aurkeztea, baizik eta haiek egun horietan euskaraz eta euskaratik esperimentatzea, eta ikustea zer den mundu hori.

Barakaldon, 12 urtetik beherako bost haurretik lau euskaldunak dira, baina euskara familien %5ek baino ez darabilte egunerokoan. Erronka handia izango da udalekuetan ume horien harremanetarako hizkuntza euskara bihurtzea.

Bai. Oso zaila da bi astean haien hizkuntza ohituretan erabat eragitea, baina hizkuntzara gerturatu nahi ditugu. Helburu errealak jarri behar dira. Hamabost egunetan ez dira aterako erabat euskaraz hitz egiten; lortu nahi dugu esperientzia positiboa izan dezaten euskararekin, gozatu eta ikus dezatela euskaraz ere gauza interesgarriak egin ditzaketela, eta gaitasuna daukatela. Etxean euskara jasotzen ez badute ez direla euskaldun oso, edo eskolak bakarrik ezin dituela euskaldundu eta halako usteak iristen zaizkie sarri. Guk justu kontrako mezua eman nahi diegu. Nahi dugu mezu positibo batekin atera daitezen: euskaraz sor dezaketela, euskaraz ondo moldatzen direla. Helburua ez da izango udalekuetan euskaraz erabat zuzen eta egoki egitea. Aisialdia da, eta beste euskara mota bat ere onartzen da. Euskara erabiltzea eta euskaraz gozatzea izango da helburua. Badakigu haien ohiturak erabat alde batera uztea oso zaila dela, baina nahi duguna da udalekuaren bukaeran zuten pertzepzioa aldatzea eta konturatzea beraiek ere gauza asko egin ditzaketela, badirela euskaldun eta badaukatela gaitasuna nahi dutena euskaraz egiteko. Hortik aurrera, beraien hautua izango da zein erabili.

Pandemiak ez du lagundu.

Pandemiagatik ere asko urrundu dira euskaratik. Hori oso nabarmena izan da ikasturte honetan. Ez bakarrik Barakaldon, ordea. Ez da Ezkerraldeko kontua bakarrik.

Garrantzitsua al da era honetako esperientzietan parte hartzea?

Bai. Izan ere, gainerakoan, ikasteko hizkuntza bat balitz bezala geratzen da gure hizkuntza. Aisialdiko eskaintza oso zabala da, eta eskaintza hori haien nahietara gerturatuko dugu. Horretarako, ekainean, izena eman duten haurrekin lan saio bat egiteko asmoa dugu, haiei entzuteko: zer nahi duten, zer espero duten, zer ikasi nahiko luketen edota nor ezagutu nahiko luketen. Bide horretatik lortuko dugu haiek gerturatzea: haien interesak entzun eta interes horiek euskaraz aurkeztuta.