Abel Ariznabarreta: “Auzoen birformulazio bat egin beharko genuke, nortasuna dutelako”

Abel Ariznabarreta: “Auzoen birformulazio bat egin beharko genuke, nortasuna dutelako”

Oihana Cabello

Historialaria, administrazio publikoan kudeatzailea, Eusko Jaurlaritzako Hekuntza sailburuordea ohia eta BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko kide izandakoa da Abel Ariznabarreta (Dima, 1952). Azken urteak hezkuntzan eman ditu, gizarte zientzien didaktika arloan. Joan den ostiralean aurkeztu zuen sorterrian Auzobizitza Diman 1800-1936 ikerketa lana.

Dima 1800etik 1936ra aztertu duzu. Zergatik tarte hori?

1800. urtea zehaztu dut, Dimako udalerriak idatziz jarri zituelako bere udal ordenantzak. Ez ziren lehenengoak, baina bai lehenengo ordenantza landuak eta garatuak. Bertan agertzen da Bizkaiko elizateak ordura arte nola zeuden antolatuta. 1936ko gerra ere mugarri izan zen; gure aurreko belaunaldiak markatu zituen gertaera bat izan zen. Lan etnografikoa da nik egin dudana.

Auzoetan egiten zen bizimodua kontatzen duzu, ezta?

Auzotasunaz ari naiz, auzo harremanen inguruan; baita herri barruko antolaketaz ere. Hau da, etxea oinarri hartuta eta hortik abiatuta, auzoak nola funtzionatzen zuten eta auzoek elizatea nola osatzen zuten azaltzen dut.

Nola eboluzionatu zuen horrek?

1800. urteko ordenantzetan islatzen da Bizkaia osoko lur lauan ordura arteko elizateek nola funtzionatzen zuten. Baina bigarren karlistaldiaren ondoren foruak deuseztatu zituzten, eta sistema desorekatu egin zen.

Modernismoaren eraginak aldaketak ekarri zituen, beraz.

Udaletan bai, baina auzoen kudeaketak bere horretan mantendu ziren. Kofradiak kudeatzen zuen auzoa. Hala ere, ideia berriak sartu ahala, foruak desagertzearekin batera, modernizazioa eta industrializazioa ere heldu ziren, eta horrek eragina eduki zuen herriko bizimoduan.

Arratiako tranbia ere heldu zen, Bilbotik.

Bai, industrializazioa heltzean arratiarrentzat oso esanguratsuak izan diren hainbat lantegi zabaldu zituzten: Vasconia, La Dinamita, Cementos Lemona… Horiek lotzen zituen Arratiako tranbiak. Jendea lantegietara heldu zen bezala, Bilbotik Arratiara ideia berriak heldu ziren: ideologia berriak, modernizazioa, abertzaletasunaren birformulazioa…

Baina Diman baserri inguruko bizimodu eredua mantendu da.

Dima edo Zeanuri bezalako herrietan, bai. Kontuan izan behar da hedaduraz handiak direla, eta beharrizan komunei erantzun bat emateko elkartze naturala auzoaren esparrua dela, etxe multzoarena. Aurrera begira, auzoen eginkizunen birformulazio bat egin beharko genuke, oraindik nortasuna dutelako.

Transmisioa zergatik da garrantzitsua?

Eskolek edo familiek kultur ondarearen transmisioan duten eginkizunak kezka sortu dit beti. Hainbat gauza irakasten ditugu eskoletan, baina zenbateraino bermatzen dugu gure kulturaren transmisioa? Antzina, eginkizun hori familiak betetzen zuen. Gaur egun, batetik, familiak historia ezagutu behar du, eta, bestetik, transmititzen jakin behar da. Gizarte osoaren erantzukizuna da.