Oroitzapenen lapurra

Aspaldi eman zidaten haren berri. Txatar-biltzaile xelebre bat. Ez zitzaidan pertsonaia interesgarria iruditu, eta segidan ahaztu nuen. Baina garaiotan harrapakinen agorreria latza dago eta orduan gaitzetsi nuena aintzat hartu beharrean nago gaur. Garai aluak.

Parkean elkartu gara. Erromes itxurako erromes bat espero nuen, baina ez, traje gris garbi samarra soilik ertzetan higaturikoa, eta txukun afeitaturiko aurpegia. Ez gabardina maratu, ez ardo merkeko tetrabrik, ez bizar nahasirik. Errespetua galdu diogu tradizioari.

Irriz dago. Onetik ateratzen nau ganorabako pozak eta aitzinsolasik gabe bota diot, ea barre ze ostiagatik egiten duen. Berak, irria ezabatu gabe, alai egoteko motiboak dituela, bizitza ederra duela. Baliko ozeano eta Korfuko Mediterraneo urdinean bainatu dela, Djenneéko meskita, Tikaleko piramidea, Kizomu Derako tenplua eta Yukoneko aurora boreala ikusi dituela, hamaika emakume zoragarriren maitalea izan dela, ardorik gozoenak eta likorerik hordigarrienak dastatu dituela konpainia noblean. Eta hori guztia hiritik mugitu gabe.

Joder… “Beste pitzatu bat”, pentsatu dut umore txarrez, ez nago indarrak alferrik galtzeko moduan. Berak, irribarre alu horrekin, “ez duzu jakin nahi nola egiten dudan?”. Badakidala, nik, bera bezalako txoriburu bati ganora bai, baina imajinaziorik ez zaiolako falta. Berak ezetz buruarekin eta irriz berriro: “Oroitzapenak birziklatzen ditut”.

Ezustean harrapatu nau. Oneratu naizenean, “oso ondo” doi bat esan eta alde egitekoa egin dut. Txaketako hegaletik heldu dit geldiarazteko, “benetan ari naiz”, esanez. Jendeak asimila dezakeen baino gehiago duela eskuragarri, ondasun fisikoak nola ukiezinak. Esprimidore, abrigu, ordenagailu edo bizikleta ia berriak botatzen dituzten moduan, musuak, bidaiak, begiradak, barreak eta grinak ere dastatzeko denborarik ez eta zokoratzen dituztela. Besteek arbuiatzen dutenaz bapo bizi dela bera. Aspaldiko kanta alu batez gogoratu naiz, buscando en el puto baúl de los recuerdos, eta nik egin dut irri oraingoan. Ez diot esan zergatik.

Altxatu egin naiz eta berak txaketako hegaletik eutsi dit bigarren aldiz. Forman egotera ostia bat eman eta alde egingo nuen, baina berriro eseri naiz, ez galdetu zergatik. Onenak emanda nago, ni izan naizenarekin. Berbakerietan hasi zait berriro, lan horrek badituela, hala ere, bere ajeak, batzuetan konturatu gabe oroitzapen tristeak ere jasotzen dituela eta ezin burutik kendu. Esate baterako, esan dit, emakume horrek betirako utzi ninduenean. Istorio triste lazgarri bat hasi da josten. Eta ni zirrara batek astindu nau, niri gertaturikoa kontatzen ari zait, detaile guztiek bat egiten dute, maiteari egin nion mina, barkamena lortzeko ezintasuna, sekula neure buruari barkatuko ez diodan koldarkeria, ondorengo bakardade latza… Aspaldian zabortegira botatako oroitzapenak, berriro pizturik.

Txatar-biltzaileak begiak malkoz bustirik ditu. Lepotik heldu eta nola jakin duen galdetu diot. Taberna batean penak ardoarekin samurtu nahi zituen batek kontatu ziola aspaldi. Nik gezurretan ari dela, oroitzapena nirea dela, ez diodala inori kontatu, are gutxiago berari, eta gogorrago heldu diot paparretik, onetik aterata, “nola lapurtu didazu, ostia!”.

Desamodio istorio denak osagai berdinekin egosten direla esan du, ez dela kasualitatea berak lapurtutakoa eta nirea antzekoak izatea, antzekoak direlako beti garratz-minak eta tristurak. Sinisteko, arren, eta bakean uzteko. Ez diot sinistu, baina askatu eta agur esan gabe joan naiz.

Oraindik negarrez ari da azken soa bota diodanean. Pertsonaia interesgarria harrapatu dut. Oroitzapenen lapurra. Ordainean, ahaztu nahi nuena gogoratu dut berriro. Truke alua.