Memoria berreskuratzen ari dira

Memoria berreskuratzen ari dira

Natalia Salazar Orbe

Garai luzez isilpean, ezkutuan, egon ondoren, badira zenbait urte 1936ko gerrako erasoek, bonbardaketek eta ondorengo eskubide urraketek argia ikusi zutela. Gero eta talde memorialista gehiago ari dira lan horretan. Ezagunak bihurtu dira, besteak beste, martxoaren 31ko eta apirilaren 26ko urteurren ekitaldiak Durangon eta Gernika-Lumon. Hain zuzen, egunotan hainbat ekitaldi egiten ari dira bakearen hirian. Zallan ere memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari dira. Bertako udalak dozena bat panel informatibo inguru jarri ditu herriko auzoetan sakabanatuta. Horiek osatzeko Iosu Gallarreta Ariñoren ikerketak izan ditu oinarri. Luzaroan argia ikusi gabe egon diren gertakariak ikertzen eta ezagutarazten ari da ikerlaria.

Duela bederatzi urte hasi zen Gallarreta Zallako bonbardaketari buruz ikertzen. Lan hartara zerk bultzatu zuen azaldu du: “Ordura arte isiltasuna zen nagusi”. Hasiera hartan, uste zuen tropa faxistek bonbardaketa bakarra egin zutela. Geroago jabetu zen Zallak pairatutako eraso guztiez: “Hasieran, etxean entzundakoagatik, uste nuen bonbardaketa bakarra izan zela, baina denbora aurrera joan ahala identifikatu ditut jada gutxienez aire bidez egindako hamahiru eraso”. Maiatzean hiru eraso pairatu zituzten herrian; gainerako guztiak ekainean gertatu ziren.

Bonbardaketa “latzak”

Azaldu du denetatik latzenak hiru izan zirela, eta horiei buruzko xehetasunak eman ditu. Ekainaren 21eko bonbardaketaren berri etxean bertan izan zuen: “Oso gogorra izan zen. Alemaniar nazien Junker 52 modeloko bederatzi hegazkin etorri omen ziren. Herriari bi buelta eman zizkieten bonbak jaurtitzen zituzten bitartean, eta beste bira bat egin zuten kalteak begiratzeko edo argazkiak ateratzeko”.

Hilaren 22koa ere “itzela” izan zela azaldu du. “Serrano paper lantegia birrindu zuten”. Horren harira, interesgarritzat jo duen datu bat eman du: “Hiru lantegi zeuden Zallan garai hartan. Bata, Arangureneko papertegi handia; bestea, Serrano papertegia, eta azkena, Plomos eta Estaños, Herrera auzokoa. Jabe abertzaleak zituen fabrika hura baino ez zuten bonbardatu: Serranorena”. Beste horrenbeste gertatu zen eskolekin ere: “Eskola publikoak soilik bonbardatu zituzten. Bazegoen beste ikastetxe bat, moja irlandarrena; pribatua zen, eta aristokraziak zituen alabak han, eta hura ez zuten bonbardatu”.

Sei egun lehenago, ekainaren 16an egin zutena ere bonbardaketa “latz” gisa deskribatu du Gallarretak: “Gau hartan Bilbotik Zallarainoko errepide guztia bonbardatzen hasi ziren. Egun hartan Eusko Jaurlaritzaren erdiak alde egin zuen Bilbotik”. Azaldu du Bizkaiko hiriburutik iheslari mordoa atera zirela eta bonbak gainera bota zizkietela.

Izan ere, 1936ko irailaz geroztik errefuxiatuak iristen hasi ziren Zallara. “Batez ere, gipuzkoarrak eta arabarrak ziren”, zehaztu du ikerlariak. Agirietan 1.800dik gora aurkitu ditu zenbatuta. Hala ere, sinetsita dago askoz gehiago izan zirela.

“Ekainaren 16tik aurrera, gauez, arrapaladan hasi ziren etortzen. Gau osoa ematen zuten bidean, Bilbotik aterata. Lekukoek diote errepidea errefuxiatuz bete-beterik zegoela: idiek zeramatzaten gurdiz, furgonetaz, kotxez…”. Kalkulatu du gauez egindako ihesaldi haietan 4.000 iheslari inguru iritsiko zirela.

Zergatik hartu zuten Zallarako bidea haiek guztiek? Gallarretak azaldu du Santanderrera (Kantabria, Espainia) ihes egiteko bidea Muskiztik, kostaldetik, egin zutela gehienek. Hala ere, Zallatik egin zuenik ere izan zen.

Ekaineko aire bidezko erasoak egun bakarreko etenarekin egin zituzten, ekainaren 16an hasi eta hamahiru egunez jarraian. Hala gogorarazi du Gallaretak. Gero, ekainaren 25etik aurrera, lurreko erasoak hasi ziren: “Hor ere guda latzak izan ziren. Batez ere, inguruetako mendietan gertatutako bi. Horietako batean, hamar orduko bataila izan zen”. Eraso horietan Santanderko 28 miliano hil zituztela aurkitu du: “Oso lan handia egin zuten han. Euskadiren alde borrokatu ziren; Santanderren alde ere bai, noski, faxistak harantz zihoazelako, eta haiek geldiarazteko modua zelako kontra egitea”.

Azkeneko egunetan, berriz, etxez etxe borrokatu ziren Zallan. “Hori ere ez da sekula aipatu. Erresistentzia gogorra egin zieten”. Defentsa lan haiek egin arren, ekainaren 29an herrian sartu ziren tropa frankistak.

Elkarrizketak lekukoei

Zuzeneko lekukotzen bidez ari da Gallarreta Zallako historia osatzen. Ez da lan erraza izaten ari. Batetik, berandu hasi delako eta garai hartako bizilagun gehienak hil egin direlako. Baina bestelako zailtasunik ere izan du: “Zallan isiltasuna zen nagusi, eta batzuek beldurra izan dute hitz egiteko”. Hala ere, batzuen eta besteen ekarpenei esker, “gertakari nagusiak identifikatzeko nahikoa informazio” jaso du.

“Denetarik” kontatu diote lekukoek: “Askotarikoak izan dira. Pentsatu behar dugu jendea oso sakabanatuta zegoela, eta ezkutatuta ere bai. Lekuko bakoitzak kontatzen du berak ikusi duena. Eta horietako bakoitzak aurrean zuena baino ez zuen ikusi: alegia, gutxi gorabehera 500 metroren inguruan gertatu zena. Baina haien arteko lekukotasunetan ez dago kontraesanik; oso ondo josten dira batarena eta bestearena”. Azaldu du gauza txikienak ere garrantzitsuak izan direla: “Eta apurka puzzlea osatuz joan naiz. Hutsune batzuk badaude oraindik, baina nahiko errelato osoa osatzen ari naiz”.

Ez daki, ordea, gerran hildako bizilagunen kopurua zehazterik izango ote den. Hasieran, hogei zenbatu zituen ikerketan; gaur egun, 60 konfirmatuta ditu. “Lekuko batek esan zuen sekula ez dugula jakingo zenbat hil zituzten. Esaterako, Eguen mendiaren inguruan egin zuten hamar orduko batailan hildako bat bera ere ez daukat zenbatuta. Hamar ordutan, ordea, hainbat lagun hilko ziren. Ezin dugu jakin, eta, seguruenik, sekula ez da jakingo. Oraindik Espainiako Gobernuak ez du baimenik eman agiritegi batzuk zabaltzeko. Auskalo!”.

Jasotako informazio guztia dokumental batean biltzeko asmoa ere badu ikerlariak. Aitortu du denbora behar duela horretarako, ordea. Eta aurki, Zigorra eta isiltasuna liburua aurkeztuko dute herrian. Inma Roiz eta Marta Zaldibarrek ondu dute liburua. Bertan, Zallako emakumeek pairatutako errepresioa aztertu dute. Maiatzean aurkeztuko dute.