Karmele Martinez: “Gustuko dudana partekatu nahi dut”

Karmele Martinez: “Gustuko dudana partekatu nahi dut”

O. Cabello

Karmele Martinezek (Barakaldo, 1950) etxe ondoan dauka Barakaldoko lorategi botanikoa, eta gustuko du hara joatea eta argazkiak ateratzea. Ez da profesionala, eta aitortu du argazkiak naturaltasunez ateratzen dituela. Natur Gelako erakusketan jarri dituen argazkiak lorategian eta mendietan atera ditu. Martinezek dio pandemiak zailago egin duela naturarekin duen harremana mantentzea eta “natura zapaltzea”.

Zure zaletasuna arte bihurtu da. Natur Gelan zure argazkiak daude ikusgai.

Bai. 30 argazki inguru daude ikusgai. Tximeletak ikus daitezke oraingoan, baina nik egindako beste argazki batzuk ere ikusi izan dira Natur Gelan.

Ez da erakusketa jarri duzun lehenengo aldia, beraz.

Ez. Lehenago egin izan ditut beste batzuk, bertoko parkean ikus daitezkeen baso-landareei edota intsektu eta landareei buruzkoak. Natur Gelan bakarrik erakusten ditut, ez baitut nire burua argazkilari profesional gisa ikusten.

Dena den, zure begi optikoak harrapatzen duena ikusteko aukera dute herritarrek. Zer ikusiko dute Tximeletak erakusketara joaten direnek?

Hasieran, asmoa ez zen tximeletei buruzko erakusketa bat jartzea, baina, tximeleten argazki asko ditudanez, ideia proposatu nien. Zenbait argazki bertoko parkean atera ditudan tximeletenak dira, baina badaude mendi inguruan ateratakoenak ere, 1.200 eta 2.000 metroko altueran, Europako mendietan eta Burgos [Espainia] inguruan. Tximeleta mota desberdinak dira batean edo bestean aurkitu ditzakezunak. Beste zenbait argazki Santillana del Marren [Kantabria, Espainia] dagoen zoologikoan atera ditut. Han, tximeleta exotikoen haztegi bat dago, eta, han ezik, inguruan ez ditugu beste inon ikusiko.

Mendian bizi diren tximeletek zer dute berezi?

Altuera eta klima berezi hori behar dute hazteko. Asun-tximeletak dira, tximeleta mota berezi bat. Gainera, Burgos aldean tximeleta mota desberdinak ikus daitezke. Niri asko gustatzen zait C-zuria deritzona (Polygonia c-album). C zuri antzeko bat du hego batean, eta trokelatuta bezala ikusten dira bere hegoak. Basoetako-ninfa (Limenitis camilla) deitzen zaiona ere ikusgarria da, eta hori lurrean pausatzen da beti. Iluna da, ia beltza, baina orbain zuriak ditu, eta kolore argi-ilunen eta lurzoruaren artean sortzen den kontrastea zoragarria izaten da.

Tximeletak ezagutzen dituzu, beraz.

Gustuko ditut, baina, argazkiak atera ostean, dokumentazio lana egiten dut, jakiteko argazki kamerarekin harrapatu dudan hori zer den. Hala ere, aitortu behar dut nire loreak direla nire pasioa.

Tximeletak erakusketarekin zer transmititu nahi duzu?

Natura maite dut, eta nahiko nuke jendeak ikustea inguruan gauza ederrak ditugula, eta ohartzea horiek esku-eskura izan arren ez diegula behar besteko garrantzia ematen. Nire familian mendia eta natura maite dugu, eta izugarria da naturak gordetzen duen edertasuna. Gainera, inoiz ez dakizu zer aurkituko duzun. Horregatik, herritarrei erakutsi nahi diet hortxe, ate ondoan dugun edertasunarekin gozatu dezakegula.

Naturari eta tximeletei buruz ari gara. Erakusketan koloreek garrantzia berezia izango dute.

Tximeleta guztiak dira politak, eta, detaileetan erreparatuz gero, den-denek dute zerbait berezia. Tximeleten koloreak eta posturak alde batera utzita, ikuslearen jarrerak ere badu garrantzia: tartea hartzea eta ondo begiratzea. Hori bai, bakoitzak bere gustuak izango ditu.

Argazkiak ateratzeko teknika bereziren bat erabili duzu?

Ez, argazki kamerak berak ematen dizkidan parametroak erabiltzen ditut argazkiak ateratzeko. Hegan, adibidez, ez ditut erretratatu, airean harrapatzea zaila delako. Erakusketan ikusgai dauden argazki denetan tximeletak pausatuta daude.

Zure lanak erakusteko aukera emateak zer esan nahi du zuretzat?

Nik gustuko dudana partekatzeko aukera bat da, nik betikotzen dudan edertasuna herritarren eskura jartzeko aukera. Gainera, ni bezalako afizionatu batek argazki kamera xume batekin gauza ederrak egin ditzakeela ere erakusten du nire lanak. Naturaltasunez.

Zer duzu buruan etorkizunerako?

Lorategi botanikoan dauden arrosen ehunka argazki ditut, eta horiekin erakusketa bat egitea gustatuko litzaidake. Hurrengo udaberrian erakustea litzateke nire asmoa, Natur Gelak nire proposamena onartzen badu.