Gorosibaiko hondakin lantegiaren aurka azaldu dira Usansolon

Gorosibaiko hondakin lantegiaren aurka azaldu dira Usansolon

Peru Azpillaga Diez

Gorosibaiko zerrategi zaharreko lursailek urteak egin dituzte hutsik, Usansolon. Horregatik, Moyua enpresak erosi zituenean, auzokideak erne jarri ziren. Usansolotarrek, baina, ez zuten inondik inora espero enpresak horrelako proiektua izatea lursail horietarako: eraikuntza eta eraispen hondakinen (EEH) lantegi bat egitea. Gaiak ezustean harrapatu zituen. Ikertu ostean, auzokideek lantegi berriak izan ditzakeen ondorio “kaltegarrien” berri izan zuten. Hori dela eta, RCD Hemen Ez plataforma eratzea erabaki zuten, auzokideek enpresaren proiektuarekiko duten iritzia zabaltzeko.

“Ez genekien zer eragin izan zezakeen halako proiektu batek herriarentzat”, azaldu du Egoitz Guerrerok, RCD Hemen Ez! plataformako kideak. “Ikertzen hasi ginen, eta ikusi genuen Astigarragan [Gipuzkoa] badagoela antzeko lantegi bat. Astigarragakoek azaldu zigutenaren arabera, zarata handia sortzen du, kamioien mugimendua handia da, eta, haizea dabilenean, txikitutako harea inguruko auzoetara zabaltzen da”.

Astigarragako enpresak eginbehar bera duela ziurtatu du, baina, Usansolokoa ez bezala, bizilagunengandik bi kilometrora dago. “Hala ere, kexu dira arazoak sortzen dituelako. Pentsa, Gorosibain hurbilen dagoen etxea 30 metrora dago, zahar etxea 130 metrora eta auzoa 200 metrora”, azpimarratu du Guerrerok. “Etxe ondoan halako lantegi bat martxan jartzea ezinezkoa dela uste dugu”.

Galdakaoko Udalak ere atzera bota du Moyua enpresak aurkeztutako aurreproiektua, lursailean garatu beharreko jarduna “ingurumen inpaktu txikikoa” izan behar dela argudiatuta. Era berean, bai auzokideen bai enpresaren eskubideak bermatuko direla baieztatu dute. Egitasmoaren aurkako Plataformak ere elkarrizketarako deia egin du. “Gu ez gaude enpresaren kontra, guk uste dugu behar direla era horretako lantegiak, baina ez dugu uste hori denik leku egokiena; legeak ere hala esaten du, gainera”, azaldu du Guerrerok.

Horregatik, plataformakoak udalarekin bildu dira: “Haiek enpresari ezezkoa eman diotela azaldu ziguten, eta guk zarata egitea erabaki dugu, auzia jendearengana helarazi eta Moyuari jakinarazteko Usansoloko biztanleak era horretako proiektu baten aurka daudela”.

Plataformak jasotako informazioaren arabera, Moyuak martxan jarri nahi duen proiektua eraikuntza eta eraispen hondakinen lantegi bat izango da. Guerrerok adierazi du lantegian obretako materialak txikitu eta, gerora, eraikuntzetan erabiltzen den “harea mota bat” sortzen dela.

Kamioiak 10 minutuz behin

“Txikitze hori aterpean egingo litzatekeela diote, lurzoruaren %15 hartuko luketen industria nabe batzuetan”. Horrekin batera, jakin zuten 250 mila tona jasoko lituzkeela urtero. “Astigarragakoak baino gehiago”, Guerrerok ohartarazi duenez. “Horren ondorioz, aurreikusi dute hamar minutuz behin kamioi bat igaroko dela. Gehiegizkoa da hori. Herritik oso hurbil dago. Industria herriguneetatik ateratzea da joera, ez bertan enpresa berriak eraikitzea”.

Guerrerok erantsi du Gorosibaiko auzoak “zarata larregi” jasaten duela, orain dela urte batzuk egindako ikerketa baten arabera: “Bi fabrika potente daude, errepidea…; enpresa berriak eta kamioak sartzea ez da bideragarria: jarduera osasungaitza eta kaltegarria da”. Azkenik, esan duenez, eraikuntza hondakinen artean galdaketa sarra birziklatuko lukete, eta horrek “gaixotasun larriak” sor ditzaketen metal astunak ditu.

Enpresak udalaren ezezkoa jaso duen arren, auzokideek plataforma eratzea erabaki zuten, bizilagunen iritzia argi azaltzeko. Gorosibaiko auzo elkarteak abiatu zuen plantaren aurkako borroka, eta, egun, plataformak 1.500 atxikimendu baino gehiago jaso ditu; horien artean, 28 erakunderenak, hala nola, Usansolo Herria eta EH Bildu taldeenak.

“Jende asko batu da, eta babes handia jaso dugu. Ez dugu onartuko era horretako kalteak izango dituen proiektu bat altxatzea gure etxeen parean”, esan du Guerrerok.

Hori guztia dela eta, udala eta enpresa “ados” jartzea espero dute: “Nahi dugu hirurok jesartzeko aukera izatea eta guztiontzat komenigarria den zerbait adostea;. Bitartean, zarata egin behar dugu kontra gaudela adierazteko”.